Argentinako Fiskaltzak hamabi urteko espetxe zigorra eta kargu publiko izateko bizi guztiko inhabilitazioa eskatu du Cristina Fernandez Argentinako presidenteordearentzat ustezko iruzur kasu batengatik. Argentinako presidente zela (2007-2015) herri lanen esleipenean iruzur egitea leporatzen diete Fernandezi eta Nestor Kirchner haren senarrari (2010ean hil zen). Guztira, 39 milioi euroko iruzurra egin zutela kalkulatu du Diego Luciano fiskalak: «Estatuari eta botoa eman diotenei egin die iruzur», adierazi du. Ustezko iruzurra Santa Cruz probintzian gertatu zen, hegoaldean.
Fernandezek bere kontrako jazarpena salatu du, eta ez diotela defendatzen uzten. Orain presidenteorde denez, ez da prozesu judizialaren zati honetan parte hartzen ari, eta iragarri du gaur frogatu egingo duela, nahita ere, ez diotela epaiketan hitz egiten uzten. Twitterren harridura agertu du, eta «fusilatze mediatiko-judiziala» salatu du.
Si algo faltaba para confirmar que no estoy ante un tribunal de la Constitución, sino ante un pelotón de fusilamiento mediático-judicial, es impedirme el ejercicio del derecho de defensa ante cuestiones…
— Cristina Kirchner (@CFKArgentina) August 22, 2022
Alberto Fernandez Argentinako presidenteak babesa eta elkartasuna adierazi dizkio. Gobernuak ere «jazarpen mediatiko eta judiziala» salatu du ohar batean, eta gehitu du ez dutela frogatu leporatzen zaizkion delituetatik bakar bat ere. «Justizia botere faktikoen menpe» jarri nahi dutela ere esan du Gobernuak.
Defentsak irailaren 5ean hartuko du azken hitza prozesu judizialean, eta epaia abendurako espero da. Cristina Fernandez erruduntzat joz gero, helegiteen bideari heldu ahal izango dio, eta urteak pasa daitezke epaia behin betikoa izan arte. Ordura arte ez dira eraginkorrak izango ez espetxe zigorra ezta inhabilitazioa ere.
Fiskaltzaren zigor eskaeraren berri izan ondoren, ehunka herritar bildu dira bart gauean Fernandezen etxe atarian. Batzuek alde, beste batzuk kontra. «Cristina ukitzen badute, sekulako iskanbila izango da», abesten zuten aldekoek.