Marco Antonio Castillo. Gizarte Institutuko zuzendaria

«Halabeharrez, eta esku-hutsik itzultzen dira arrotza zaien sorterrira»

Ez da berria AEBek mexikarrak kanporatzeko duten joera, Castillok dioenez; harago, nabarmendu du Obama dela deportazioetan txapelduna. Salatu du Mexikoko Gobernuak ez diela batere laguntzen.

Iñigo Bilbao Sagastiberri.
Mexiko Hiria
2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Marco Antonio Castillo (Puebla, 1977) Gizarte eta Kultura Jardunbide eta Ikerkuntzarako Institutuko zuzendaria da. Mexikora gogoz edo behartuta itzuli diren herrikide migranteen beharrizanei erantzuten die elkarteak. Hedabideei erreparatuta, pentsa daiteke lana areagotu egin zaiela Donald Trump AEBetako presidenteak kargua hartu duenetik. Ezta hurrik eman ere. Castillok oso argi dauka: «Obama da mexikarrak kanporatzen txapelduna».

Herenegungo albistea: AEBetatik kanporatutako 150 mexikar heldu dira Mexiko Hirira. Berria da albistea, edo albiste da Trump agintean dagoelako?

Ez da berria, jakina. Badira bi urte Mexikoko Gobernuak gauzak errazten dizkiola AEBetakoari, nahi beste mexikar kanpora ditzan. Mexiko Hirira 350 heltzen zaizkigu batez beste astero. Hedabideek albiste bihurtu dute orain —atzo Peña Nieto haiek hartzera joan zen aireportura, lasai egon daitezen esatera. Babesa berreskuratzeko aukera baliatu nahi du—. Baina Obama izan da AEBetako historian jende gehien kanporatu duen presidentea: bi milioi eta erdi mexikar inguru, bere agintaldian.

Zergatik harrotu ditu hautsak orduan Trumpen ateraldiak?

Hasteko, esan behar dugu Obamak isilean jardun zuela jendea kanporatzen. Herrialde bietako agintariek hitzartuta zeukaten Mexikok ez zuela auzi horren inguruan harrabotsik egingo. Gauzak erruz aldatu dira orain, ahobero, zabarkeriaz milioika lagun kanporatuko dituela esanez. Eragin politikoa lortu nahian hartu du jarrera hori. Mexikarrak izutu eta gure agintariak uzkurtzeko asmoz dabil Trump, herrialde bien arteko negoziazioak baldintzatzeko. Esan behar da, hori bai, egindako mehatxuak betetzen baditu kanporatze kopuruak areagotu egingo direla.

Uste duzu mugan agindu duen harresiak atarramenturik izango duela?

Berak iragarritako asmoak betetzeko, ez. Harresiak balio du —eta balio du, zati batean hor dagoelako jada—, beldurra sortzeko. Herrien arteko zatiketaren monumentu erraldoia izango da, mugaren alde bietan liskarrak eragingo dituena.

Eta azkenean egiten bada, nork ordainduko du?

Nik ez dut uste modurik egongo denik Mexikok, zuzenean, ordaindu dezan. Moldez, beharbada bai, baina, artez, inola ere ez. AEBetako agintariak saiatuko dira, noski, bestelako negoziazio prozedurak ixtean mexikarrak estutzen. Adibidez, gerta daiteke merkatu bateratuaren gaineko negoziazioetan muga zerga berriak ipintzea Mexikoko gaiei.

Esan duzu Trump izua eragin nahian dabilela. Lortu al du? Muga zeharkatzen ahalegintzen direnen kopurua murriztu da?

Bere hartan mantentzen da, kontuan hartuta azken urteetan dezente murriztu zela. Aurreko hogei urteetan, milaka eta milaka izan ziren muga zeharkatu zuten mexikarrak. Obamaren agintaldian migrazio joera nabarmen aldatu zen, eta, orain, gobernu aldaketarekin, ez dugu aldaketarik sumatu.

Gobernuak AEBek kanporatutako mexikarrak hartzeko hainbat neurri iragarri ditu. Zer iritzi daukazu horien inguruan?

Urteak daramatzagu kanporatutako migranteak babesten eta laguntzen. Gure gobernuak orain arte ez du ezer egin. Bada zerbait orain hastea aspaldiko aldarriei jaramon egiten. Asko dago egiteko. Oso egoera larrian ailegatzen zaizkigu: gogoz kontra datoz, bizitza proiektua zapuztuta, familia han utzita, AEBetan zeukaten ondare guztia galduta. Bat-batean, halabeharrez, esku-hutsik itzultzen dira, arrotza zaien sorterrira, batez beste hamar urte eman dituztelako AEBetan. Ez ahaztu kanporatu aurretik bi hilabetetik bi urtera arteko denbora eman dutela atxilo egoeran. Ondo dago, noski, lana, ikasketak edo paperak eskaintzea itzuli berriei. Baina hori baino premiazkoagoa da kanporatutako mexikar guztiak pertsonak direla onartzea. Ez dira eskulan merkea. Laguntza handia beharko dute ezustean errealitate berriari aurre egiteko.

Merkantzia balira bezala iristen dira Mexikora.

Ez da bidezkoa hegazkinetik jaitsitakoan denak ilaran jarri eta bakoitzari paper bat ematea egokitu zaion lantokiaren helbidearekin, ez, AEBetan legez kanpo lan eginda irabazten zutenaren laurdena irabazteko. Horrela ez dute ezer konponduko. Gobernuak ez baditu bere egitekoak taxuz betetzen, lortuko duen bakarra zera izango da: jada suminduta dauden, ezkutuko ekonomian dabiltzanen edo narkotrafikoan sartuta dauden mexikarren kopurua areagotzea. Besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.