Hala eta guztiz ere, Newroz

Turkiak ezarritako debekuen gainetik, mila lagunek ospatu dute udaberriaren hasiera. Apirileko galdeketarako ezezkoa eskatzeko baliatu dute eguna kurduek.

Kurduak, atzo, urte berria ospatzen, Diyarbakirren, Ipar Kurdistanen. STR / EFE.
Diyarbakir
2017ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Newroz ospatu dute beste behin ere kurduek, jazarpena itzela bada ere. Hala eta guztiz ere, urte berria eta udaberriaren hasiera ospatu dute milaka lagunek, suaren eta dantzaren inguruan. Diyarbakir (Amed kurdueraz) izan da berriz ere festaren epizentroa. Turkiako Gobernuak ospakizunak debekatu ditu hainbat hiritan, baina horietako batzuetan, debekuaren gainetik, kalera atera dira kurduak; Istanbulen, Çisren, Yuksekovan…

Iaz, debeku antzekoak izan baziren ere, kurduek muzin egin eta ospakizunak egin zituzten, nahiz eta Poliziarekin talka gogorrak izan ziren. Aurten, aldiz, mugimendu kurduaren jarrera bestelakoa izan da, giroa are gehiago oker ez dadin. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak apirilaren 16rako deitu duen erreferendumaren aurrean tentsioa ez handitzea da asmoa, kurduek galdeketari boikota egin badiote ere lan eskerga baitute egiteko.

Erreferendumaren atarian, bada, giroa makurra da. AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiak 2015eko ekainean gehiengo osoa galdu zuenetik, errepresio politikoa itzela da. HDP Herritarren Alderdi Demokratikoa alderdi kurduak, %10eko langa gainditu, eta ordezkaritza lortu zuen parlamentuan. Ankararen erantzuna itzela izan da ordutik. Nazio Batuen Erakundeak aurreko astean argitaratutako txostenaren arabera, 2.000 lagun hil dituzte ordutik, eta 355.000-500.000ek etxetik alde egin behar izan dute.

Latza da egoera Ipar Kurdistanen. Desagerpenak, torturak, atxiloketak, setioak, herri eta hirien hondamendia, ondare kulturalaren suntsipena, emakumeen aurkako indarkeria, adierazpen askatasunaren murrizketa, komunikabideen itxiera, eragileen eta ekintzaileen kontrako jazarpena...

Debekuak

Ameden, hala eta guztiz ere, jende andana elkartu da goiz-goizetik. Osman Baydemir HDPko diputatua ospakizunetan izan da: «Gaur [atzo], 500.000 lagunek pikutara bidali dute faxismoa, eta ongietorria eman diote askatasunari».

Diyarbakirren elkartutakoaz ari da. Giroa beroa da, eta kurduen grina eta adorea ez da apaldu, Poliziak debeku zorrotzak ezarri baditu ere. Newroz parkera sartzen ari direnen kontra oldartu da Polizia, eta ke potoak jaurti ditu. Atxilotu mordoa ere izan da: 300 lagun, mugimendu kurduaren esanetan.

Bozgorailuetatik helarazi dute mezua: lelo politikorik ezin dela oihukatu. Kurduek, baina, txistuka eta Biji Apo! (Gora Apo) —Abdullah Oçalanen ezizena— eta Biji Kurdistan! (Gora Kurdistan) oihukatuz erantzun dute. Behatzekin ezin dela garaipenaren ikurra egin jakinarazi dute halaber, baina eskuak nonahi daude, altxatua, garaipena aldarrikatzen—nazioarteko ordezkaritzetako kideek kredentzialetan azaltzen den ikur hori bera estali behar izan dute itsasgarri zatiekin—.

Debekuen zerrenda luzea da: Kurdistango banderaren koloreak debekatu dituzte, eta zapi edo jantzi gorri, hori eta berdeak, ileko gomak barne, atzeman ditu Poliziak parkerako sarreretan jarritako miaketa kontroletan. Kurduera bera ere debekatuta dago Kurduen Egun Nazionalean. Bandera gehienetan Hayir! (Ez!) dago idatzita, erreferendumari erreferentzia eginez, eta gutxi batzuetan Na! (ez, kurdueraz).

Newroz, beraz, apirilaren 16ko galdeketara begira ospatu dute kurduek. Erdoganek sistema presidentzialista ezarri nahi du galdeketaren bitartez, dekretu bidez agindu ahal izateko. Erdoganek baiezkoa zapalkuntza eta errepresioa areagotzeko ere baliatuko duela salatu dute kurduek, sistema presidentzialistak totalitarismoa, boterearen zentralizazioa, heriotza zigorra eta eskubide urraketa ekarriko dituela argudiatuta. Inpunitate osoz arituko dela ere ohartarazi dute, arerio politikoei are gehiago jazartzeko.

Ezezkoaren aldeko kanpaina egitea debekatuta badago ere —terrorismo delitua da—, mugimendu kurduarentzat ezezkoaren aldeko mezuak luzatzeko abiapuntua izan da aurtengo Newroz. Ayse Gokan Emakume Askeen Kongresuko bozeramaileak berak ezezkoa zergatik babestu behar den azaldu dio BERRIAri: «Gose greban 35 egun daramatzaten presoen eta Sinjarren Daex-en kontra ari diren kurduen borroka babestu behar dugu; Erdogani galdeketan ezezkoa ematea da gatazka gainditzeko bide bakarra».

Beldurra eta kemena

Jazarpenak sortzen duen beldurra ere sumatu da aurtengo egunean; izan ere, asko eta asko etxean geratu dira: bereziki, irakasleak, medikuak, erizainak... oro har, lanpostu publikoan dihardutenak. Iazko uztailean izandako estatu-kolpe saiakeraren ostetik, 100.000 langile publiko kaleratu dituzte Erdoganen politikarekin ados ez daudela adierazteagatik, eta kurduei, sarritan, terrorismo delitua ere egotzi diete. PKK Kurdistango Langileen Alderdiari babesa ematea leporatuta, 40.000 lagun atxilotu dituzte, mila bat astero, tartean oposizioko politikariak —DHPko 8.711 kide atxilotu dituzte—.

Hala eta guztiz ere, askok eta askok, beldurrak uxatu, eta iaz baino kartsuago hartu dute parte Newrozen. Etengabeak izan dira Abdullah Oçalan, Selahattin Demirtas eta bestelako erreferente politikoen askatasunaren aldeko oihuak; gudan hildako gerrillariak ere gogoan izan dituzte, eta herri kurduaren askatasuna aldarrikatu dute...

Une gorena, sua piztearekin batera, parkean bildutako ehunka lagunek nazioarteko delegazioak eta eragileetako arduradunak babesten dituen eremuko hesien gainetik salto egin eta bertara sartu direnean etorri da. Ordura arteko jai giroa lehertu egin da, eta dantzak eta kantak, besarkadak, irribarreak, eta garaipenaren ikurrak tartekatu dira. «Aske izan nahi duten herrien eguna da», esan du kurdu batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.