Bi egun. Hori da Fritz Belizairek Haitiko lehen ministro karguan iraun duen denbora. Haitiko Presidentetzarako Kontseiluak iragan asteartean izendatu zuen Belizaire, eta, gaur goizean —Haitin ostegun gaua zela—, hura kargutik kentzea erabaki du kontseiluaren gehiengoak. Herrialdea gatazkan murgildurik dago; joan den otsailean, Haitiko zenbait bandek bat egin zuten, eta Viv Ansanm koalizioa eratu zuten —euskaraz, batera bizi—, lehen ministro Ariel Henry kargutik kentzeko xedearekin —aurreko ostegunean eman zuen dimisioa—, besteak beste. Harrezkero, indarkeria areagotu egin da, eta iragan martxoaren 4tik larrialdian daude.
Joan den asteartean Haitiko Presidentetzarako Kontseiluak Edgard Leblanc Fils izendatu zuen estatuburu berri, Belizeri lehen ministro kargua eman zion, eta 2026rako presidentetzarako hauteskundeak egin nahi dituztela adierazi zuen. Egindako urrats horien eraginez, bazirudien baretu zitekeela Haitiko gatazka —gutxienez, alde politikoari dagokionez—; gaurko erabakiak zera islatzen du, ordea, afera politikoetan oraindik ere emateko daudela zenbait pauso. Izan ere, kontseilua osatzen duten zazpi kideetako lauk ohar bat kaleratu dute beren erabakia azaltzeko; adierazi dutenez, Belizaireren izendapenean atzera egin, eta berriro ere hautagai multzotik norbait hautatzeko prozesua hasiko dute.
Lehen ministroarena, hala ere, ez da zalantzak azalarazi dituen kargu bakarra. Leblanc Fils kontseiluko presidente izatea ere kolokan egon liteke. Haitiko Presidentetzarako Kontseiluko zazpi kideetako bat du Montanako Akordioaren taldeak —mugimendu hori Haitiko hainbat gizarte ekintzailek sortu zuten 2021ean, herrialdeko indarkeriazko egoerari irtenbide bat topatzeko—, eta horko bozeramaile Fritz Jeanek bart esan du berrikusi egin behar dela zer eskumen izan behar dituen kontseiluko presidenteak.
Egoera politikoa zailtzen ari den heinean, Haitiko kaleetako egoera ere gaiztotzen ari da. Bertaratutako hainbat hedabidek kaleratu dutenaren arabera, herenegungo gaua «bereziki latza» izan da. Ez dute jakinarazi zehazki zenbat lagun hil diren, baina, bertakoek diotenez, indarkeriak nabarmen eragin du herrialdean; batez ere, Port-au-Prince hiriburuan. Izan ere, hango zenbait auzotako indarkeria hainbeste areagotu da azken asteetan, non askok beren etxetik alde egitea erabaki duten.
600Port-au-Princetik zenbat adingabek alde egiten duten egunero. Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak aurreko astean emandako datuen arabera, batez beste, 600 adingabek ihes egiten dute egunero Port-au-Princetik.
Herrialdean iheslariak izatea zerbait orokortua da Haitin. Nazioarteko Migrazioen Erakundearen arabera, martxoaren 8tik apirilaren 9ra bitarte 95.000 lagunek ihes egin dute beren etxe; horietako 19.300 adin txikikoak dira. Haitik 11,58 milioi biztanle ditu.
Nazioarteko indarrak, maiatzaren 26an
Haitiko segurtasun krisia baretze aldera, hainbat herrialdek Haitira bidaltzeko Segurtasun Laguntzarako Nazioarteko Misioa eratu dute —Kenya du buru koalizio militar horrek—. Helburua ezarri zuten; Haitin noiz lurreratuko ziren, ordea, ez. Bart, baina, Bahamek eguna jarri dute: datorren maiatzaren 26a. Bahametako Atzerri ministro Fred Mitchellek eman du dataren berri; herrialde horrek 150 ofizial bidaliko ditu Haitira, hango itsasoan segurtasuna bermatzeko.
Hala ere, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren oniritzia duen laguntza taldeak ez ditu gauzak erraz. Izan ere, NBEk berak onartu du «denbora gehiegi» ematen ari dela gauzatzeko. Taldeak ohartarazi du ekintzak finantzatzeko arazoak izaten ari dela, baliabide ekonomiko «gutxiegi dituelako». Hala adierazi zuen, behintzat, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren bozeramaile Stephane Dujarric. Dujarricek esan duenez, taldeak beharrezkoa duen finantzaketaren %10,6 biltzeko gai izan da soilik.
Ikusi gehiago
Dujarricek adierazi du, gainera, zenbait herrialdek oraindik baieztatzeke dutela beren parte hartzea. Oraingoz, Kenyak eta Bahamek ez ezik, Beninek, Txadek, Jamaikak, Barbadosek, Bangladeshek eta Burkina Fasok ere adierazia dute taldean parte hartuko dutela. AEB Ameriketako Estatu Batuek, esaterako, 2022tik 171 milioi dolar eman dizkio Haitiko Gobernuari segurtasuna indartu dezan.