Haitiko Presidentetzarako Kontseiluak 2026ko otsailean egin nahi ditu bozak

Hauteskundeak egin bitartean, Gazteriako eta Kirol ministro ohi Fritz Belizaire izendatu dute gobernuburu. Presidentetzarako Kontseiluak hiru egunez luzatu du etxeratze agindua.

Edgard Leblanc Fils Presidentetza Kontseiluko presidentea —ezkerretik laugarrena—, kontseiluko beste kideekin.  JOHNSON SABIN / EFE
Edgard Leblanc Fils Presidentetza Kontseiluko presidentea —ezkerretik laugarrena—, kontseiluko beste kideekin. JOHNSON SABIN / EFE
asier gonzalez de san pedro
2024ko maiatzaren 2a
12:15
Entzun

Haitiko Presidentetzarako Kontseiluak asteartean aukeratu zuen presidentea: Edgard Leblanc Fils, Senatuko presidente ohia (1995-2000). Leblancek egindako lehen hitzaldian iragarri zuenez, lehentasuntzat dute presidentetzarako hauteskundeak aurreikusitako datan egitea, 2026ko otsailaren 7an.

Hitzaldi horretan, «erabaki garrantzitsuak» hartzeko garaia dela azpimarratu zuen, batez ere segurtasunari dagokionez, «herrialdea sufrimendua eta hainbeste biktima eragiten duten horiengandik askatzeko». Haitiko egoera «salbuespenezko» egoera dela aitortu zuen, eta aurreratu kontseiluaren lehen urratsa izango dela «kideen kohesioa» lortzea.

Leblanc aukeratuta Presidentetzarako Kontseilua erabat osatuta gelditu da, eta horrekin batera heldu dira lehen erabakiak. Asteartean bertan, herrialdeko lehen ministroa aukeratu zuten: Gazteria eta Kirol ministro ohi Fritz Belizaire.

Presidentetzako Kontseilua

Apirilaren 12 jakin zen zein izango ziren Presidentetza Kontseiluko kideak eta horiek egin beharreko funtzioak: trantsiziorako lehen ministroa aukeratzea eta hauteskundeetarako gida orri bat eratzea. Hala ere, apirilaren 25ean kargu hartu zuten kontseiluko kideek. Kontseilua bederatzi kidek osatzen dute; horietatik zazpi boto eskubidearekin, eta beste biak behatzaile gisara. Kontseiluko kideek ezin izango dute hauteskundeetara aurkeztu.

Honako hauek izango dira Haitiko Trantsiziorako Presidentetza Kontseiluko zazpi kideak, boto eskubidedunak: Dominique Dupuy, Unesco Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeko Haitiren ordezkaria; Louis Gerald Gilles ekintzaile politikoa; Edgard Leblanc Fils Senatuko presidente ohia (1995-2000); Fritz Alphonse Jean lehen ministro izandakoa (2016); Laurent Saint-Cyr Merkataritza Ganberako presidentea; Emmanuel Vertilaire epaile ohia; eta Leslie Voltaire Hezkuntza ministro izandakoa. Bi behatzaileak, berriz, Rene Jean Jumeau Energia Institutuko presidentea eta Frisnel Joseph enpresari eta krisi humanitarioetako aditua dira.

Apirilaren 4tik bihar arte larrialdi egoeran dago Haitiko mendebaldeko barrutia. Hori dela eta, etxeratze agindua hiru egunez luzatzea erabaki zuten, asteartean bukatzekoa bazen ere. Neurri hori indarrean den artean, soilik poliziak, suhiltzaileak, anbulantzia gidariak, osasun langileak eta egoki identifikatutako kazetariak irten ahalko dira kalera, arratsaldeko zazpiak eta goizeko seiak bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.