Haitiko presidentea hil dute, eta lehen ministroak setio egoera ezarri du

Polizia operazio bat simulatuz, hainbat lagun Jovenel Moise estatuburuaren etxera sartu dira, eta tiroz hil dute. Gobernuak segurtasun neurriak gogortu ditu, krisi politikoak eztanda egingo duen beldur

Jovenel Moise Haitiko presidentea zena, artxiboko irudi batean. SINADURA / AGENTZIA.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Talde armatu batek Haitiko presidente Jovenel Moise hil, eta haren emazte Martine Moise zauritu zuen atzo goizaldean, haiek bizi ziren etxera sartu eta tiro eginda. Claude Joseph behin-behineko lehen ministroak eman zuen gertatutakoaren berri, irrati bidez irakurritako komunikatu batean. Esan zuen «identifikatu gabeko zenbait lagunek» egin zutela erasoa, eta «gazteleraz eta ingelesez» hitz egin zutela.

Berehala zabaldu zen sare sozialetan eta hedabidetan presidentearen bizilekuaren kanpoan armatutako hainbat lagun ageri zituen bideo bat. AEBetako Drogen Aurkako Agentziaren polizia operazio bat egiten ari zirela irudikatu zuten erasotzaileek. Haietako batek megafono batekin egindako oihuak entzun zitezkeen, agentzia horren operazio bat zela esanez eta ingurukoei atzera egiteko eskatuz.

Presidentearen heriotzaren berri emateko oharrean, lasaitasunerako deia egin zien Josephek herritarrei, eta ziurtatu zien herrialdeko segurtasuna «kontrolpean» dagoela. «Beharrezko neurri guztiak» hartzeko prest agertu zen, «nazioa babesteko». Halaber, egungo botere faltaren aurrean, behin-behineko gobernuburuak jakinarazi zuen bera dagoela orain agintean. Handik gutxira, beste agerraldi bat egin zuen: «Ezohiko ministro kontseilua egin ostean, erabaki dugu herrialde osoan setio egoera ezartzea», iragarri zuen.

Lehentxeago jakin zen Port-au-Princeko aireportua itxita zegoela. Agintariek halakorik baieztatu ez bazuten ere, hegazkin konpainiek bertan behera utzi zituzten hara joatekoak ziren hegaldiak, edo beste herrialde batzuetako aireportuetara desbideratu zituzten. Dominikar Errepublikako presidente Luis Abinaderrek Haitiren mugakidea da herrialdea, berriz, muga ixteko agindu zuen presidentearen heriotzaren berri izan eta gutxira. Muga gurutzatzeko lau puntu daude bi herrialdeen artean, eta horiek itxi zituzten. Mugaren zati handienean, hala ere, ezin izan zuten neurri hori aplikatu, gobernuak kontrolatu gabeko eremua baita.

Estatu kolpearen mamua

Lehen kolpean, hedabideek herrialdea jasaten ari den indarkeria olatuaren barruan kokatu zuten atzoko hilketa, baina erasotzaileak presidentearen etxe barruraino sartzeko gai izateak indarra eman dio Moisek berak joan den astean haizatutako aukerari: oposizioko kideek eta enpresariek haren kontrako estatu kolpe bat prestatu dutela.

Hala balitz, ez litzateke lehen aldia izango; gobernuak iragan otsailean jakinarazi zuen Moise hiltzeko eta gobernua botatzeko saiakera bat geldiarazi zuela. Bi aste lehenago, oposizioak Joseph Mecene epailea Haitiko presidente izendatu zuen, sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez, Moiseren agintaldiak ordurako amaitua behar zuela argudiatuta. Inongo herrialdek ez zion kargu hori aitortu.

Azken asteetan areagotu egin dira gobernuaren eta, bereziki, Moiseren aurkako protestak, eta presidentearen hilketak are indar handiagoa emango diela espero da, horien sustatzaileek inoizko argien ikusiko dutelakoan gobernua eraisteko aukera. Hain justu, herenegun izendatu zuen Moisek Ariel Henry lehen ministro. Hark ordezkatuko du Joseph, zeina behin-behinean baitzegoen karguan, haren aurrekoak, Joseph Joutek, dimisioa eman zuenetik. Henryren izendapenarekin, haren kontrako protestak baretzea zuen helburu Moisek, hein handi batean, harekiko kritikoagoa baita aurrez kargu berean izan direnak baino. Hiru eginbehar nagusi agindu zizkion Henryri: herrialdeko indar politikoak barne hartuko dituen «gobernu zabal» bat eratzea, Haitik segurtasunarekin duen arazoa konpontzea eta hauteskunde batzordeari babesa ematea bozak eta konstituzio berriaren gaineko erreferenduma antolatzeko. Lehenarekin nahikoa lan izango du, eta haren mende izango dira beste biak. Izan ere, herrialdea jasaten ari den krisi politikoaren erakusle dira agintariak. Dimisioak eta kargu hartzeak etengabekoak dira, eta, egun, bozketa bidez aukeratutako hamar funtzionario soilik daude; denak ere senatariak.

Moisek urtebete zeraman dekretu bidez gobernatzen, parlamentu baten faltan. Irailean dira egitekoak presidentetzarako eta parlamenturako bozen lehen itzulia, eta egun berean egingo dute konstituzioa berritzeko galdeketa ere. Ekainaren 27an egin behar zituzten bozak hasieran, baina atzeratu egin zituzten, eta hauteskunde batzordeak joan den astean jakinarazi zuen data berria. Ikusteko dago atzo gertatutakoak eta datozen egunetan gerta daitekeenak nola eragingo duten bi hauteskunde horietan. Oposizioaren begietara, funtsik gabekoak dira biak, ez baitzioten presidente izateko zilegitasunik aitortzen Moiseri.

Sei urte egin behar da atzera gatazka ulertzeko. Konstituzioaren arabera, presidentearen agintaldia bost urtekoa da, eta beti hasi eta bukatzen da otsailaren 7an. Arazoa da, ordea, 2015ean egin zituzten bozak bertan behera geratu zirela, iruzur salaketak zirela medio.

Ordura arte estatuburu karguan izan zenak, Michel Martellyk, hurrengo urteko otsailaren 7an utzi zuen kargua, eta, ordezkorik ez zegoenez, Senatuko buruak hartu zuen behin-behinean presidentetza. Azkenean, bozak 2016ko azaroan egin zituzten, eta, bigarrenez, Moise nagusitu zen, botoen %55,67 eskuratuta. 2017ko otsailaren 7an egin zuen karguaren zina. Oposizioak, ordea, esaten du Martellyk kargua utzi zuen egun berean hasi zela Moiseren agintaldia, eta, hortaz, iragan otsailaren 7an amaitu behar zuela.

Nahaspila politikoarekin batera, eta horrek lagunduta, okerrera egin dute aurrez ere eskasak ziren bizi baldintzek Haitin —biztanleen %60 pobrezia mugaren azpitik bizi da—, eta talde armatuen indarkeriaren gorakada da horren adierazpiderik gogorrena. Krisi politikoak eragindako ezegonkortasunaz baliatuz, beren kontrolpeko eremu gero eta handiagoaz jabetzeko ahaleginetan ari dira talde horiek, dozenaka lagun hilez eta milaka desplazatu eraginez. Hiriburuan eta haren inguruan dute indar handiena. CARDH Giza Eskubideen Analisi eta Ikerketa Zentroa gobernuz kanpoko erakundeak herenegun emandako datuen arabera, iragan hilabetean gutxienez 150 lagun hil eta beste 200 bahitu zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.