HAITIKO LURRIKARA. Bi milioi dira oraindik laguntzarik jaso ez dutenak, NBEren arabera

Haitiren burujabetza errespetatzen dutela diote Ameriketako Estatu Batuek, okupazio militarra salatu dutenei erantzunez

2010eko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
«Ezin dugu denborarik galdu. Sarraski honek koordinazio sendo eta eraginkorra behar du. Nazioarteko herrialdeek baturik egin behar dute lan, Nazio Batuen Erakundearen babespean». Edonork pentsa lezake Haitin lurrikara izan ostean entzun zen larrialdi deiadarra dela hori. Hitz horiek, ordea, Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak esan berri ditu, hondamendia izan eta hamar egunetara. Hainbaten ustez, koordinazioa falta izan da, hain zuzen, laguntza Haitira helarazteko. Laguntza ateetan, baina, hura banatzeko arazo andana izan dute Antilletako herrialdean.

Lurrak dardara egitearen ondorioz sortutako larrialdi egoeratik herrialdea berreraikitzeko paradara jauzi egiteko unea dela baieztatu du NBEk. Hondamenditik atera ahal izateko giza laguntza bikoizteko deiarekin bat egin dute 192 kideek. Hamar egunetan gertatutakoari begira ere jarri dira, eta hainbat datu eman dituzte. Lurrera eroritako eraikinen artean harrapatutakoak bizirik aurkitzeko esperantzak galduta, baieztatu dute giza laguntza banatzeko ahaleginak azkartu egin dituztela azken egunetan. MEP Munduko Elikadura Programak AEBetako armadarekin dihardu lanean, egunean 200.000 laguni jatekoa eta edatekoa banatzeko. Guztira hiru milioi errazio banatu dituztela ziurtatu dute: egunean pertsona bakoitzari hiru errazio ematen dizkiote, bost egunetan jateko. Gainerako erakundeek beste 100.000 pertsonarenganaino ailegatu ahal izan direla ziurtatu dute. Hankamotz, ordea, bi milioik ez baitute oraindik ahora elikagairik eramateko. Baina jatekoa soilik ez, aterpea ere arazo bilakatu da lurrikararen ondorioz haitiarrentzat; Migraziorako Nazioarteko Erakundearen arabera, dagoeneko 450 inguru desplazatu gune egokitu dituzte, eta 500.000 pertsonari eman diete ostatu. Baldintzak, ordea, ez dira hoberenak: horietatik 180k soilik dute jendea artatzeko material egokia, eta hiruk dute edateko ura. Edonola ere, Gobernuak ziurtatu dubeste 400.000 laguni estalpea emateko guneak egokituko dituztela datozen egunetan.

Funts komuna

Suntsitutakoa berriz altxatzeko asmoa, baina, ez da nahikoa erraustutako herrialdean. Haiti Ameriketako herrialde behartsuena zen lurrikara jasan aurretik, eta, ez du erraza izango mamu hura gainditu eta gaur egungo egoerari buelta ematea. Ban Ki-moonen arabera, epe luzera onugarri izateari begira eraiki behar da orain herrialdea, lanpostuak sortu eta apurka, mundu osoko laguntzaren menpekotasunetik aske izateko.

Herrialdea berreraikitzeko lanek joan den astelehenean izan zuten abiapuntua, hainbat herrialdek Santo Domingon (Dominikar Errepublika) egindako batzarrean. Bada, horri jarraikiz, AEE Ameriketako Estatuen Erakundeak datorren astelehenean Montrealen (Kanada), Haitiko etorkizunaren inguruko bilkura egingo duela iragarri du. Jose Miguel Insulza AEEko idazkari nagusiak aurreratu du hara eramango duen proposamena: «Lurrikararen aurretik Haitiren garapenerako genuen plana berreskuratu egin behar dugu. Funts komun bat osatu behar dugu Gobernuarekin elkarlanean, herrialdearen garapena modu ziurrean berma dezagun». Eskaintzak aurrera egiteko, nazioarteko batzorde bat eratzea galdegingo du, Haitira iristen den laguntzaren koordinatu ahal izateko; betiere, orain arte NBEk egin duen lana kontuan hartuz.

Normalizazio zantzuak

Haiti etorkizunera begira jartzen den bitartean, Port-au-Prince hiriburuko kaleak AEBetako soldaduz josita jarraitzen dute. Segurtasuna bermatze aldera, 16.000 soldadu daude gaur egun Haitin; gutxi ez baziren ere, datorren iganderako 4.000 soldadu gehiago bidaltzeko hautua egin du Barack Obamaren gobernuak. Haiti konkistatzeko ahaleginetan diharduela salatu dute hainbatek azken orduetan. Kritika horiei aurre egin nahian, hain zuzen, Haitiko burujabetza ez dutela zalantzan jartzen azaldu dute AEBek. «Bertan gaude bertakoek hala eskatu eta erregutu digutelako».

Erreplika gehiagoren beldurrez, orduek aurrera egiten dute, bien bitartean, Haitin. Normaltasun zantzuak nabaritzen hasiak dira dagoeneko, bankuak ateak zabaltzen hasi baitira, ateetan ilara amaigabeak sortuz. Saltoki gutxi batzuk eta zaborra biltzeko brigadak ere ikusi dira Haitiko kaleetan, normaltasuna hautsi zuen egun hura gomutan izanik ere.



Ospitaleetan umezurtzak bahitzen ari ote diren zabaldu da

Susmoa zabaldu da Haitiko ospitaleetan haurrak desagertu egin direla. Umezurtzak ospitaleetara eraman dituzte egun hauetan, baina ez dago inor horiek ikuskatzeko. Horretaz gain, ez dago gaixoak artatzeko nahiko ohe, eta haurrak nora ezean dabiltza, eta handiago da haiek desagertzeko arriskua. Unicefek salatu du hamabost haur desagerrarazi dituztela, eta susmoa dute giza trafikoan diharduten mafiak izango ote diren. Edonola ere, ez dute hori hala izan den frogarik. Lurrikararen ostean geratu den umezurtz andanaren familiak bilatzen dihardu egun hauetan Unicefek. Haur horien adopzioa azkeneko aukeratzat daukate nazioarteko erakundekoek, haur horien senitartekoak topatzeak baitu lehentasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.