Hagak Gaddafi atxilotzeko eskatu du, gizateriaren aurkako krimenak egotzita

Diktadorearen semea eta koinatua ere atxilotzeko eskatu du Nazioarteko Justizia Auzitegiko fiskalak

2011ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Muammar Gaddafi Libiako presidentea atxilotzeko agindua eman du Luis Moreno Ocampo Nazioarteko Justizia Auzitegiko Fiskalak. Gizateriaren aurkako krimenak egitea egozten dio, eta horregatik egin du eskaera. Buruzagiaz gain, haren bigarren seme Saif al Islam Gaddafi eta Abdula al Senussi koinatua atxilotzeko ere eskatu du, akusazio berdina eginda. Krimenak agindu zituztela egiaztatzeko nahikoa froga badauzkatela baieztatu du fiskalak. Gaddafi oraindik ere zibilen aurkako «agindu zuzenak» ematen ari dela esan du, baita horren frogak dituztela ere.

Saif al Islam «Libiako de facto-ko lehen ministroa» dela adierazi du Moreno Ocampok. Abdula al Senussi inteligentzia militarreko burua da, Gaddafiren «eskuin eskua» eta «ekintzen borreroa». «Operazioak aurrera ateratzeko hiruren arteko bilerak egin zituztela dokumentatuta dauka bulegoak». Errepresioaren buru nagusietan jarri du arreta Fiskaltzak, baina oraindik ere izen gehiago ateratzea posible dela esan du.

Gaddafik honako ekintza hauek egin zituela dio Ocampok: «Haren soldaduek, zibilen etxeetara joan, eta eraso egin izan diete; benetako balekin manifestarien aurka tiro egin dute; bere frankotiratzaileei meskitatik ateratzen ari ziren manifestarien aurka tiro egiteko agindua eman zien; Gaddafiren gizonek Tripolin atxilotu, kartzelatu, torturatu eta desagertutakoen zerrenda bat egin zuten». Argi dauka krimen horiek guztiak «botereari eusteko» egin dituela. «Gizateriaren aurkakoak dira ekintza horiek, eta oraindik ere gertatzen ari dira».

Gaddafiren semeak mertzenarioak kontratatu zituela ere frogazuzenekin egiaztatuta daukatela dio Ocampo fiskalak. Koinatuak manifestarien aurka egin zuela ere frogatuta daukate, haren esanetan.

Nazioarteko Justizia Auzitegia

Fiskalak eskaera egin duenez, orain epaileei dagokie erabakia hartzea. Luze jo lezake horrek. «Asteak edo hilabeteak itxaron beharko dugu seguruenik», dio Ocampok. Hala ere, orain arte behintzat prozesua azkar joan da; izan ere, NBEren Segurtasun Kontseiluak Gaddafi ikertzeko agindua eman zuenetik bi hilabete eta erdira, atxilotzeko eskaera egitea lortu dute. Gainera, lortu dituzten frogen kopurua ikusita, epaiketarako «ia prest» daudela jakinarazi du fiskalak.

Epaileek Gaddafi erruduna dela erabakiko balute, estatuetako indar armatuek hura atxilotu beharko lukete. Hasteko, Libiak izango luke ardura hori, baina dagoeneko jakinarazi dute ez daukatela horrelako ezer egiteko asmorik. Kontuan hartu behar da 114 estatuk egin dutela bat Nazioarteko Auzitegiarekin, eta Libia ez dela horietako bat.

Nazio Batuen Erakundearen ekimenez sortu zen Hagako Auzitegia, 1998ko Erromako Itunaren ondoren. 2002ko uztailaren 1ean hasi zen lanean, gizateriaren aurkako erasoak, genozidioak eta gerra krimenak aztertzeko. Betiere, bera sortu zenetik aurrera izandako gertaerak bakarrik ikertzen ditu.

Estatu bateko instituzioek norbait epaitzeko ahalmenik edo borondate politikorik ez daukatenean soilik hasten da ikerketekin eta, beharrezkoa balitz, epaiketak egiten. Estatu batek, fiskal nagusiak edo NBEren Segurtasun Kontseiluak bakarrik abiaraz ditzake ikerketak.

Gaddafi Hagako Auzitegiak atxilotzeko agindu duen bigarren agintaria da. Aurrenekoa Omar Hasan al Bashir Sudango presidentea izan zen. Darfurko eskualdean egindako krimenengatik egin zuen auzitegiak atxilotzeko eskaera, 2008an, baina oraindik ere Sudanen jarraitzen du agintari lanetan.

Errusia, negoziazioen alde

Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavrovek esan du Libiako borroka berehala gelditu behar dela. Bi aldeen arteko negoziazio bati hasiera ematearen alde agertu da, eta, jakinarazi duenez, gaur Gaddafiren ordezkariekin bilduko da. Matxinoekin ere bihar biltzekoa zen, baina arazo teknikoak izan dituztenez ezin izango direla joan adierazi dute. Hala ere, harremanetan jarraitzen dute, eta bilduko direla jakinarazi du.

Franco Frattini Italiako Atzerri ministroak, berriz, Gaddafi «azkenetan» dagoela uste du. Libiako agintariaren ingurutik iritsi zaion informazioaren arabera, erretiratu eta «betiko desagertzeko» asmotan dago. Alemaniako Atzerri ministroak erabaki «zuzena» dela dio, eta «nazioarteko zuzenbidearen indarra» erakusten duela ere gaineratu du. Libian bakea lortzeko gutxieneko baldintza hori dela ere badio. Erresuma Batuak ere ontzat jo du erabakia. «Delituak ez direla zigorrik gabe geldituko adierazten dio horrek Libiari», esan du William Hage ministroak.

Nazioarteko agintariak Hagako erabakiaz hitz egiten ari ziren bitartean, NATOko soldadu batzuek Gaddafiren gizon batzuk atxilotu dituzte Misratako itsas portuan, ontzian tona bat lehergailu zeuzkatela. Beste batek ihes egitea lortu duela jakinarazi du NATOk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.