Chavezen gaixotasuna. Agintariak, geroari begira

Habanako herritik dator notizia...

Venezuelako lehendakariaren gaixotasunaren ondorioz, agintari saldo bat joan da azkenaldian Habanara. Latinoamerika bere burua kokatzen ari da, Chavez gabeko egoera bati aurre egiteko.

Habana
2013ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Kubako hiriburua albiste eta arretagune bilakatu da azkenaldi honetan. Lehenik, FARC gerrillaren eta Kolonbiako Gobernuaren arteko bake elkarrizketen egoitza iraunkor izendatu zuten. Elkarrizketa prozesu garrantzitsu bezain zail horrek bi gai nagusi ditu ardatz: batetik, lurraren banaketa; eta, bestetik, zer egin dezakeen ezkerrak demokrazian jokatu ahal izateko, bidean deuseztatua izan gabe. Baina bake elkarrizketa horiek nazioartearen arretagune ziren bitartean,¡bat-bateko ezusteko batek kameren fokuaren norabidea aldatu zuen. Izan ere, Venezuelako lehendakari Hugo Chavezek, berriz kargu hartzear zegoela, Kubarako bidaiaren berri eman zien herritarrei telebistaz, eta hil ala biziko ebakuntza bat egitera zihoala esan.

Ordutik aurrera, komunikazio ofizial motzen eta zurrumurruen arteko tartea betez joan da, astetik astera, analisi jakintsuz, ustezko hainbat jokalekuren ikerketez, mugimendu politiko azkar eta batzuetan zuhurtziagabe samarrez, eta baita morboz beteriko irudi faltsuez ere. Eta guztiaren oinarrian, ustezko aukera gertuko lauso bat: buruzagi bolivartar karismatikoaren heriotza. Oraingoz, ematen du bat-batekotasuna eta interesak egiari partida irabazten ari zaizkiola.

Latinoamerikako presidente eta berriemaile berezi saldo bat Habanara heldu da, bat bestearen atzetik, Hugo Chavezen osasunarengatik kezkatuta eta jakin-minez. Besteak beste, Boliviako presidente Evo Morales, Argentinako Cristina Fernandez eta Peruko Oyanta Humala izan dira Habanan azken asteotan. Beste batzuek iragarri dute Chavezen egoeraren berri dutela zuzen-zuzenean Raul Castro Kubako presidentearen eta Fidel Castro komandantearen beraren eskutik. Zerbait aldatu da Hego Amerikako herrienarteko harremanetan. Izan ere, gobernu eskuindar eta kontserbadoreek ere zuhurtziaz eta errespetuz jarduten baitute Venezuelako presidentearen egoeraren inguruan. Horren adibidea da Amerikako Estatuen Erakundeko (AEE) Panamako enbaxadore Guillermo Chochez berehala kendu zuela kargutik bere gobernuak Chavezen osasunaren eta Venezuelako konstituzioaren inguruan egin zituen deklarazio zabar batzuengatik. Ia agintari guztiek, salbuespenik gabe, berehala osatzeko opa diote Chavezi.

Ez denek, ordea. Eskuin zaharreko sektore politiko batzuk, Venezuelan bertan, Chavez lehenbailehen hiltzeko irrikan daude. Horrekin batera, herrialdearen gobernabidea zailtzeko trikimailuetan ari dira disimulu handirik gabe. AEBetako lehendakari Barack Obama eta haren estatu idazkari berriak, John Kerryk, antzera hitz egin dute. Hala, Venezuelan trantsizioa egiteko une egokia dela adierazi dute.

Amerika, Chavez gabe

Chavez gabeko egoera baten aukera izango da, okertzeko aukera handirik gabe, azken asteotan agintariek Habanara egindako bidaia, telefono dei eta kontaktuen hizketagai nagusia. Eta ez dago dudarik Santiagon (Txile) izan berri den Latinoamerika eta Karibeko Estatuen Erakundeko (CELAC) bileran hizketagai nagusietako bat izango zena.

Indarrean dauden adostasunak berrestea zaila da, baina ez da oso arriskutsua aurreikustea gobernu guztien oinarrizko printzipio bat izango dela joko arauak babestea, alegia, herrialdeen legaltasun demokratikoa eta subiranotasuna. Nahikoa da gogoratzea azken urteotan izan diren hainbat gertaeratan zein jarrera hartu duten gobernuek: Boliviako kolpe zibil-militarrari bidea itxi diote; Hondurasko kolpeari kontrako jarrera aktiboz erantzun diote, Rafael Correa kargutik kentzeko eta hiltzeko izandako saioei aurre egiteko, Ekuadorko agintaria elkartasunez sostengatu dute; eta Paraguayko gobernu kolpista bakartu egin dute. Bide orria indarrean dago, eta zaila da hortik ihes egitea, baita eskualdeko herrialderik kontserbadoreenentzat ere. Oso kontziente baitira herrialde progresista eta iraultzaileek osatutako aliantzak nolako pisu eta indar politikoa daukan. Hortik kanpoko edozein jokabidek kontinentearen oreka zaila puskatzea ekar lezake, eta bertan behera utz lezake denentzat herrialdeak integratzeko prozesuak ekarri dituen, eta etorkizunean ekar ditzakeen, onurak.

Venezuelako barruko arauak argi daude, oraingoz. Auzitegi Gorenak ebatzi du Hugo Chavezek kargua har dezakeela epez kanpo, salbuespen arrazoiak direla medio eta herrialdearen konstituzioaren arauekin bat eginda. Chavezek berak aukeratutako gobernua, Nicolas Maduro lehendakariordeak gidatuta, eskumen osoz ari da gobernatzen, eta, dudarik balego, Chavezen aldeko mobilizazioak erraz nagusitzen ari zaizkie eskuindarren mobilizazioei.

Beste kontu bat litzateke neurtzea zer eragin izango lukeen Chavezen heriotzak, edota gaixotasunak betirako ezinduko balu kargua hartzeko. Alegia, zer ondorio izango lukeen horrek Venezuela barruan eta eskualdeko integrazio politiketan, zeinetan Chavez bultzatzaile handia izan baita, bai politikan eta bai finantza alorrean ere.

Garbi dago, baina, Habana albisteen iturri etengabea izango dela hurrengo hilabeteetan ere. Kolonbiako bake elkarrizketek aurrera jarraituko dute, Chavezen osasun egoera argituz joango da, eta, hori gutxi balitz bezala, Habanak CELACeko lehendakaritza hartu berri du, eta aurreikus daiteke ez duela denborarik galduko, bere diplomazia eraginkorra martxan jartzeko Karibeko eta Latinoamerikako batasun eta integrazio prozesuaren mesedetan. Eta hor, ezinbestekoa da Venezuelaren egonkortasuna, Latinoamerikako askatzaile argienek amestutako nazioen benetako batasun bat ostertzean dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.