Guyanako Essequibo lurraldea Venezuelako estatu bilakatzeko lege proposamen bat aurkeztu du Parlamentuan Venezuelako presidente Nicolas Madurok. Horrekin batera, bi agindu ere eman ditu: batetik, Venezuelako mapa berri bat argitaratzeko eta zabaltzeko, non Essequibo Venezuelako lurralde gisa agertzen den; eta, bestetik, eremu horretako petrolioa, gasa eta mineralak ustiatzeko baimena emateko Petroleros de Venezuela petrolio konpainiari eta Guyanako Venezuelako Korporazioari.
«Munduak jakin behar du, Guyanako Errepublikak jakin behar du, Guyana Essequibo lurraldearen gaineko eskubide historikoei erreparatuta, Venezuelak iritzi bakar bat duela: Essequibo gurea da», esan du Madurok; eta berehala erantzun du Guyanako presidente Irfaan Alik: «Ez dugu utziko inork gure lurraldean esku hartzea, ezta mehatxu honek gure herrialdearen garapena oztopatzea ere. [Essequibok] eremu baketsu bat izan behar du aurrerantzean ere, ez dugu gehiagorik eskatzen». Halaber, «nazioarteko legeak» errespeta ditzala eskatu dio Madurori, eta leporatu dio Guyanako baliabideak —hala nola mineralak eta petrolioa— ustiatzen dituzten konpainiak arriskuan jartzea.
Tentsioak gora egin du egunean zehar. Izan ere, Madurok bere asmoen berri eman eta gutxira, AEB Ameriketako Estatu Batuetako Hegoaldeko Komandoarekin hitz egin duela baieztatu du Alik. Horren harira, AEBetakoi tropa Essequibon esku hartzeko «onespena ematea» egotzi dio Venezuelakoak Guyanakoari. Bien bitartean, Brasilgo Defentsa ministro Jose Muciok azpimarratu du euren armadak «segurtasuna» bermatuko duela Guyanak, Brasilek eta Venezuelak partekatzen duten mugan.
Igandean eremu horren anexioari buruzko erreferendum bat egin zuten Venezuelan. Boto emaileen %96 agertu ziren lurraldea erreklamatzearen alde —parte hartzea %50 ingurukoa izan zen—. Galdeketa, berez, ez da loteslea; baina orain hala izan zela dio Madurok. Ehun urte baino gehiago dira Essequibo Guyanaren kontrolpean dagoela.