Gutxiengo nortasuna arbuiatuta

Greziako Gobernuak ukatu egiten du herrialdeko iparraldeko nazio nortasun mazedoniarra, eta uneoro urratzen ditu beste hizkuntza eta usadioak dituzten herritarren eskubideak, nazio-estatua banatuko den ikaraz.

2008ko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Mazedoniak 1991n Jugoslavia ohitik burujabetza eskuratu bazuen ere, estatu jaioberritik at gelditu ziren handik gertu nazio nortasun hori partekatzen zuten milaka mazedoniar, estatu baten babes egiturarik gabe. Bulgarian eta Grezian barreiatuta, euren identitatea era askean garatzea galarazita dute, bereziki Atenasko gobernuaren mendean. Izan ere, Greziak ukatu egin du behin eta berriz Mazedoniako gutxiengoa badenik ere, nazio-estatuaren XIX. mendeko eredu zurrunean zirrikiturik ezuzteko. Areago, jarrera zuritzeko asmoz, Atenasek dio talde nortasuna aitortzen badu bere egin nahiko duela Mazedoniako Gobernuak lurralde hori.

XX. mendeko Balkanen patu odoltsuan harrapatuta, Greziaren eta Jugoslavia ohiaren artean banatu zuten hainbat gizalditan Mazedonia, eta bigarrena jausi zenean, herrialde burujabea berpiztu zen, modu baketsuan, herritarren borondateari jarraiki. Greziaren menpean, ordea, Egeoko Mazedonia lurraldean, aniztasuna erabat ukatzen duen estatu zurrunarekin egin behar dute topo. Human Rights Watch erakundeak 1998an salatu zuen Greziak mazedoniar gutxiengoaren eskubideak zapaltzen zituela. Ez dute adierazpen askatasun eskubiderik, erakunde horren arabera, eta Gobernuak jazarri egiten ditu era baketsuan izaera berezitua agertzen dutenean. Hala, libreki euren nortasuna aldarrika ez dezaten ikaratu nahi ditu herritarrak.

Giza eskubideen aldeko erakundearen gaitzespenetik jadanik hamarkada bat joan bada ere, gutxiengo direnen talde nortasunaren egoera ez da hobea. Horren lekuko da Gay McDougallek, Nazio Batuen Erakundearen gutxitutako komunitateetarako adituak, berriki Greziara egin zuen bidaia. Ijitoekin, turkiar jatorriko hiztunekin, eta iparraldeko mazedoniar herritarrekin elkartu zen, eta bide batez hautsak harrotu zituen iritzi publikoan. Hedabideek Skopjeko gobernuarekin elkarlanean aritzea egotzi zioten NBEko adituari. Haren bisita baino lehen, Mazedoniako lehen ministro Nikola Gruevskik Greziako lehen ministro Kostas Karamanlisi eskatu zion bere herrikideen diskriminazioa geldiarazteko. Atenasek ihardetsi zion eskaera onartezina zela, eta azaldu gutxiengo mazedoniarrik ez zela.

Bitartean, mazedoniarrak Atenasen etsaigoaren ondorioak pairatzen ari dira egunotan, Eurolang hizkuntza eta talde gutxituen Bruselako erakunde independenteak deitoratu duenez. Mazedoniaren eta Greziaren arteko harreman korapilatsuek amaraunean harrapatu dute talde nortasunekiko begirunea.

Armadak urrian arma astunekin egin zituen saio militarrek herritarrak asaldatu zituen, eta gatazkaren gordintasuna azaleratu zen berriz ere. Mazedoniako Errepublikatik gertu, militarren operazioa eragozten ahalegindu ziren karrikak moztuta, eta arma astunekin saioak ez egitea eskatu zuten. Liskarretan zauritu ugari izan ziren. Poliziak zortzi lagun atxilotu zituen, Kole Mitskopoulos izeneko alkatea eta Mazedoniako Errepublikatik etorritako lau kazetari tartean. Ordu gutxira, aske utzi zituzten, eta arma astunekin saioak egingo ez zituztela hitzeman zuten. «Operazioak gelditzeko protestak Grezia osoan egiten dituzte, baina Poliziaren erantzun basatia hemen bakarrik gertatzen da», salatu zuen Kosta Tasevski herritarrak. Etxeetatik gertu egiten dituzte misil jaurtiketak, eta urteotan saltokiak jo dituzte huts egiteen erruz.

Itunik ez mazedoniarrekin

Bestalde,Proto Thema aldizkarian berriki argitaratutako artikulua salatu du Eurolangek, eta mazedoniar gutxiengoaren aurkako diskriminazioa deitoratu du. Greziako DEI energia taldeari Albaniako Coal Energy erakundearekin lankidetza ituna ez hitzartzeko eskatu zion hedabideak, haren akziodun nagusiak Mazedoniako ekintzaileak zirelako. EFA-Rainbow alderdiko partaideak dira horietako bi, hau da, Greziako mazedoniarren eskubideen alde lan egiten duten politikariak. Kazetaren arabera, nahikoa arrazoi zenhori estatuko energia taldeari hitzarmena ez egitea eskatzeko.

Areago, Nea Dimokratia Greziako alderdi kontserbadoreak bat egin du Atenasko Legebiltzarrean hedabidearen eskaerarekin. Theodoros Karaoglouk Gobernuari eskatu dio ituna saihesteko. «Lotsagarria da. Greziako hiritarrak gara, legezko alderdi politiko bateko eledunak, baina, hala ere, ez digute uzten estatuarekin akordiorik egiten gure iritzi politikoengatik. Hori diskriminazioa ez baldin bada, ez dakit zer den», adierazi du Thanassis Parissisek. Azaroan da hartzekoa Gobernua behin betiko erabakia.

Estatuak mazedoniarrekin egiten duen jazarpenaren adierazgarri da 2007ko urrian Australiako bi herritarrek herrialdean jasandako tratua. Mazedoniar jatorrikoak ziren biak, eta publikoan mazedoniera mintzatzeagatik susmagarriak zirelakoan atxilotu zituzten. Rainbowen aburuz, Grezian hizkuntza hori mintzatzea nazio krimena da. Hori ikusirik, Atenasek etnia homogeneotasuna dagoela dio, hots, ez dagoela han gutxiengo etnikorik.

Dora Bakoyannis Atzerri ministroak honela azaldu zuen Atenasen ikuspegia 2006ko elkarrizketa batean: «Greziako hiritar denek eskubide berak dituzte. Gutxiengo talde bakarra dago, eta horiek musulmanak dira. Ez dago mazedoniar gutxiengoa dei daitekeen ezer». Crvenkovski Mazedoniako presidenteak halaxe ihardetsi zion: «Estatu demokratiko batean gutxiengo etniko bat izatea ez dago estatu horretako agintarien esanen menpe, herritar bakoitzaren sentimenduaren baitan baizik. Greziako Errepublikan herritar asko daude Mazedoniako nazioaren kide sentitzen direnak. Hori guztiek onartu behar dute, baita Greziako agintariek ere».

Mazedoniaren deitura auzitan

Europako Batasunaren eta NATOren ateetara jo du Skopjek, eta eskatu die presioa egin diezaioten Atenasi herritarren eskubideak errespetarazteko. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak erantzun zion gutxiengoen auziak estatuen ardura direla. Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiaren hitzetan, Greziaren eta Mazedoniaren artean aldez aurretik askatu behar den korapiloa dago, bi herrien arteko harremanak gozotuko dituena, hau da: Mazedoniako Errepublika burujabearen izendapena.

Munduan ehun estatuk baino gehiagok estatu horren Konstituzio deitura onartu duten arren, NBEren aurrean Jugoslavia ohiko Mazedoniako Errepublika izena inposatu zuen Greziak. Aurten, herrialde horrek NATOrekin bat egiteari betoa ezarri dio deituragatik. Izan ere, Alexander Handiaren behinolako Mazedoniako lurraldea Greziaren iturburua dela dio Atenasek. Bi estatuek adostu arte, milaka lagunen eskubideak ezereztuta daude. Hala, 1946 eta 1949 arteko Greziako gerran herrialdea utzi zuten 28.000 haurrek debekatuta dute itzultzea. Hiritartasuna ukatu zien Atenasek, Mazedoniako naziokoak izateagatik. Europako Batasunean, XX.mendean, milaka hiritar jazartzen ditu Greziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.