«Ez dut sekula halakorik ikusi Frantzian; 24 ordutan metro koadroko 350 litro ur bota ditu denboraleak». Olivier Maziere Var departamenduko prefeturako idazkari nagusiak ez du harridura begitartea kentzerik. Herenegun gaueko etengabeko zaparradek aurrean topatutako oro eraman zuten arrapaladan; hala, ezohiko argazki kaotikoa ikus zitekeen atzo Frantzia hegoaldeko departamenduan. Zorigaiztoko daturik ere utzi dute euri jasek; gutxienez hogei lagun hil baitziren uholdeak tartean harrapatuta. Halaber, lerro hauek idazterako garaian artean ez zuten izan desagertutako zazpi lagun topatzerik.
Irudiak atsekabegarriak dira han; lokatz eta zuhaitzen arrastoz betetako uraldia, urez betetako komertzio eta etxeak, autoak bata bestearen gainean pilatuta... Draguignan hirian eragin ditu denboraleak kalte nabarmenenak; han aurkitu dituzte, hain justu, hildakoetatik hamar. Egunak argitzearekin batera kausitu zuten «hondamendia» azaltzen saiatu zen atzo Max Piselli alkatea: «Gau dramatikoa izan da. Hiria harriz josita dago, lohiz beteta. Errepidea oztopatzen duten autoak daude kaleetan trebeska. Ikusgarria da». Prefeturak jakinarazi duenez, bederatzi helikoptero eta hamabost txalupa jardun zuten herenegun gauean jendea laguntzen, goizaldera arte; horri esker, 1.200 laguni estalpea eman ahal izan zieten. Alta, Trans-en-Provence, Chateaudouble, Roquebrune-sur-Argens, Le Luc eta Frejusen ere hauteman dituzte euri jasen ondorioak. Lau hildako izan dira horietan lehenean, bigarrenean bi eta bana beste hiru hirietan. Besteak beste, euriteek 200.000 lagun argindarrik gabe utzi, eta Toulon-Hyeresko aireportua itxi behar izan zuten, terminal nagusia eta lurreratzeko pistak urperatuta zirela eta.
Aurrekaririk gabeko galera
Nicolas Sarkozy presidentea arduratuta agertu zen atzo uholdeek eragindako kalteez. Ez da gutxiagorako, martxoan herrialdearen mendebaldean izandako uholdeen ondoren egindako kudeaketagatik kritika andana jaso baitzuen estatuburuak. Orain, ordea, gertaerei aurrea hartu, eta gobernuari galerak arintzeko ahalegin guztiak eskatu dizkio; dena dela, inork ezer esan baino lehen ere, hildakoen senitartekoentzat kalte-ordainak hitz eman ditu. Brice Hortefeux Barne ministroa ere bidali zuen atzo hara, eta hark eman zuen triskantzaren tamaina: «Aurrekaririk gabeko hondamendi baten aurrean gaude».
Lehentasunak, uneotan, kalteen balioespenean eta sorospen bideetan dituzte. Denboraleak Piriniotaranzko joera zuela iragarri zuten atzo meteorologia zerbitzuek, eta horrekin batera, egoera normaltzea erraztuko zela nabarmendu zuten agintariek.
Gutxienez hogei lagun hil eta zazpi desagerrarazi ditu denboraleak Frantzian
Nicolas Sarkozy presidenteak kalte-ordainak hitz eman ditu hildakoen senitartekoentzat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu