Gutxienez hogei lagun hil dituzte Dagestango Errepublikan, hiru eraso «terroristatan»

Bi eliza ortodoxotan, sinagoga batean eta polizia etxe batean izan dira erasoak; hildakoen artean hamabost polizia eta apaiz bat daude. Errusiako errepublika autonomo horretako agintariek «nazioarteko erakunde terrorista bati» egotzi dizkiote erasoak.

Dagestango Derbent herriko polizia batzuk, erasotzaileak gelditzeko operazioan, atzo. DAGESTANGO TERRORISMOAREN AURKAKO BATZORDEA / EFE
Dagestango Derbent herriko polizia batzuk, erasotzaileak gelditzeko operazioan, atzo. DAGESTANGO TERRORISMOAREN AURKAKO BATZORDEA / EFE
maddi iztueta olano
2024ko ekainaren 24a
17:50
Entzun

Dagestango Errepublikan (Errusia) gutxienez hogei pertsona hil zituzten atzo, bi eliza ortodoxoren, sinagoga baten eta polizia etxe baten aurkako erasoetan. Makhatxkala hiriburuan eta Derbent herrian egin zituzten erasoak, atzo iluntzean. Dagestango agintariek «koordinatutako eraso terroristatzat» jo dituzte. Erasotzaileei dagokienez, oraingoz ez dituzte identifikatu; hori bai, Errusiako RIA berri agentziak jakinarazi duenez, hango Terrorismoaren Aurkako Batzordeak uste du «nazioarteko organizazio terrorista batek» antolatu eta egin dituela.

X sare sozialean berehala zabaldu ziren erasoen bideoak eta argazkiak. Erasotzaileak agertzen dira horietako batzuetan, armak eskuetan eta aurpegiak estalita. Beste batzuetan, sutan ikus daiteke Derbent herriko sinagoga —juduen komunitate handi bat bizi da herri horretan—. Hamabost polizia eta Makhatxkala hiriko eliza ortodoxo bateko apaiz bat hil zituzten, besteak beste, eta dozenaka herritar zauritu. Bestalde, atzo, Dagestango Errepublikako Gobernuko buru Sergei Melikovek esan zuen Poliziak sei erasotzaile hil zituela. Gehiengo musulmana du Dagestanek.

Erasoaren harira, Washingtonen egoitza duen ISW Gerra Ikertzeko Institutuak esan du litekeena dela erasoa Wilayat Kavkaz talde «terroristak» —Estatu Islamikoak Ipar Kaukason duen adar bat— egin izana. Hain justu, ISWk argudiatu du ISKP Khorasan Probintziako Estatu Islamikoak bere «Kaukasoko anaiak» zoriondu dituela, «euren gaitasuna erakusteagatik», Estatu Islamikoaren kontrolpeko al-Azaim hedabidearen bidez.

Joan den martxoan, Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen Moskuko Crocus City Hall antzokian eginiko erasoa; gutxienez 133 pertsona hil zituzten, eta beste 105 inguru zauritu. Bada, iragan apirilean, FSB Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak lau lagun atxilotu zituen Dagestanen, eraso horrekin lotura izatea leporatuta.

Indarkeria oldea

Dagestango Errepublikan presentzia zuten talde islamistak «desegintzat» jo zituen FSBk 2017an. Ordutik hona, apenas egon den «talde terroristek» gauzatutako erasorik, baina azken hilabeteotan gora egin dute berriro ere. Kasurako, joan den urrian, Israelek Gazaren aurkako gerra hasi eta gutxira, liskarrak izan ziren Makhatxkalako aireportuan; erasotzaileek zenbait ate hautsi zituzten Tel Avivetik iritsi zen hegazkin bateko bidaiari juduak identifikatzeko. Gutxienez 60 lagun atxilotu zituzten.

Indarkeria oldea bereziki gogorra izan zen 2000ko hamarkadan, eta 2007 eta 2017 artean. 2002an, Moskuko antzoki batean 170 lagun hil zituzten; bi urte geroago, 2004an, talde islamista bateko kideek mila lagun baino gehiago bahitu zituzten eskola batean; eta 2011n, bonba auto baten ondorioz 37 pertsona hil eta 172 zauritu ziren Domodevoko aireportuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.