Gutxienez hamabost lagun hil dira New Orleansen, «eraso terrorista» batean

Erasotzaileak hiriaren erdigunean zeuden ehunka lagunen aurka egin du, ziztu bizian autoan zihoala; hamabost pertsona hil ditu, eta 35 pertsona baino gehiago zauritu. AEBetako hedabideen arabera, Poliziak tirokatuta hil da erasotzailea.

Erasotzailearen autoa, New Orleansko kale batean, gaur. @NewsWire_US / TWITTER
Erasotzailearen autoa, New Orleansko kale batean, gaur. @NewsWire_US / TWITTER
maddi iztueta olano
2025eko urtarrilaren 1a
16:00
Entzun

Ameriketako Estatu Batuetako New Orleans hirian eraso bat izan da bart, Euskal Herrian 10:00ak inguru zirenean, eta gutxienez hamabost lagun hil dira, eta 35 baino gehiago zauritu. New Orleansko agintariek jakinarazi dutenez, erasotzaileak auto batean ziztu bizian zihoala egin du oinezkoen aurka, hiriaren erdialdeko Bourbon kalean. Urte berriaren harira, ospakizun mordoa zeuden eremu horretan.

New Orleansko alkate LaToya Cantrellek berehala esan du hipotesi nagusia dela «eraso terrorista bat» izan dela, erasoaren ondoren egindako prentsaurrekoan. Hori ikertzeko Etxe Zuriarekin harremanetan jarri direla ere jakinarazi du; AEBetako Ikerketa Bulego Federalak, FBIk, esan du bere gain hartuko duela erasoari buruzko ikerketa. FBIko agente Alethea Duncanen arabera, erasotzailearen autoan, besteak beste, «lehergailu bat izan zitekeen tramankulu bat» aurkitu dute.

Bada, AEBetako hainbat hedabidek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez, erasotzailea Texasko 42 urteko gizon bat zen: Shamsud Din Jabbar. Poliziak tirokatuta hil da, erasoa egin eta gutxira. Bi polizia zauritu dira hura hil duten tiroketan.

Erasoaren ondoren, eta eremua «segurua» den ikertu bitartean, horra ez hurbiltzeko agindu du New Orleansko Poliziak. Gauza bera eskatu die herritarrei Louisianako gobernadore Jeff Landryk, X sare sozialean idatzitako mezu batean: «Errezatu ezazue, mesedez, erasoan hil diren biktima guztiengatik eta han lanean diharduten horiengatik».

Urte berriaren inguruko ospakizunak ez ezik, New Orleansen unibertsitate ligako futbol amerikarreko Sugar Bowl txapelketa egitekoak dira gaur, eta, milaka lagun hori ikustera joanak dira hirira. Han izango da, datorren otsailaren 9an, Super Bowl txapelketa ere.

Doluminak eta akusazioak

Erasoari buruzko komunikatuak zabaldu dituzte bai Joe Biden AEBetako presidenteak, bai hari erreleboa hartuko dion Donald Trump presidente hautatuak; X sare sozialean aurrenak, eta berak sortutako Truth sare sozialean besteak. Bidenek esan du zuzenean harremanetan dagoela New Orleansko Poliziarekin eta FBIarekin, eta baieztatu du «eraso terrorista» gisa ari direla ikertzen. «Jakinarazpenak ematen jarraituko dut informazio gehiago izan ahala, bitartean, doluminak ematen dizkiet biktimei eta beren senideei. Ez dago inolako indarkeriazko ekintzarik justifikatu dezakeen argudiorik».

Antzera mintzatu da Trump, eta berak ere doluminak eman dizkie biktimei eta beren senideei; baita erasotzailearen aurkako tiroketan zauritu diren New Orleansko bi agenteei ere. Hilaren 20an Etxe Zuriko maizter izatera itzuliko denak, ordea, erasotzailearen profilari buruzko iruzkinak egin ditu —oraingoz ez da berari buruzko informazio ofizialik zabaldu—, eta, bere ohiko erretorikari heldu dio mezuan: «Esan izan dudanean urrutitik hona datozen kriminalak gure herrialdean jaiotako kriminalak baino okerragoak direla, behin baino gehiagotan egin didate kontra demokratek eta gezurrak zabaltzen dituzten hedabideek, baina, dirudienez, egia da».

Beste bat

Azken hamar urteotan gisa honetako hainbat eraso egin dituzte munduan. Horietako aurrenekoetako bat 2014. urtean izan zen, Kanadako Montreal hiritik gertuko herrixka batean; 25 urteko gizon batek bi soldaduren aurka egin zuen. Eta bi urte ondoren, 2016an, gisa honetako inoizko erasorik handienetako bat egin zuten, Nizan (Frantzia). Uztailaren 14an, Frantziako Errepublikaren Egunean, 4.000  pertsona inguru zeuden Nizako Ingelesen etorbidean, zeruko suei begira, eta bat-batean kamioi batek ibilgailuentzat itxitako etorbidea hartu eta 300 bat pertsona harrapatu zituen; 84 pertsona hil ziren, eta ehunka zauritu. Urtebete geroago, 2017ko abuztuaren 17an, kamioi bat Bartzelonako Ramblak jendetsuan sartu zen, eta hamalau pertsona hil zituen.

Eta, New Orleansen baino bi aste lehenago, joan den abenduaren 20an antzeko eraso bat izan zen Alemaniako Magdeburgo herrian. Erasotzailea auto batekin sartu zen Gabonetako kaleko azokan, ziztu bizian, eta ehunka lagun harrapatu zituen: bost lagun hil zituen gidariak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.