Gutxienez 30 lagun hil dira Kumbh Mela hinduen jaialdiaren ospakizunean, jende pilaketa baten ondorioz. Goizeko ordu txikietan gertatu da, India iparraldeko Uttar Pradesh eskualdeko Prayagraj hirian; milaka erromes bildu dira hinduismoan sakratua den Sangam ibaiaren inguruan —Ganges, Yamuna eta Sarasvati ibaiak elkartzen dira hor—. Indiako Poliziaren arabera, gutxienez 60 pertsona zauritu dira. Jende pilaketa gertatu eta gutxira, Indiako lehen ministro Narendra Modik mezu bat zabaldu du sare sozialetan: «Doluminak ematen dizkiet beren senideak eta lagunak galdu dituzten fededun guztiei».
Urtarrilaren 29a egun sakratua da hinduismoan, erlijio horretan uste baita hori dela ur sakratuetan sartzeko egunik zorizkoena. Herrialdeko hedabideek kaleratu dutenez, une horretan gertatu dira jende pilaketak eta aurreneko istripuak. Uttar Pradesh eskualdeko gobernu buru Yogi Adityanathen arabera, 80 eta 100 milioi erromes inguru egon dira atzo eta gaur artean Prayagraj hirian; baina Kumbh Mela ospakizunak sei aste irauten du, eta herrialdeko agintariek aurreikusi dute denbora tarte horretan denera 450 milioi erromes joango direla hara. Festa hilaren 13an hasi zen, eta geroztik ia 200 milioi bisitari izan dira han. Kopuru horiek aintzat hartuta, erromes guztiak uretan sartu ahal izateko minutuko 70.000 pertsona sartu beharko lirateke ibaian.
Indiako PTI albiste agentziak ezbeharraren lekuan egon den emakume bat aipatuz kaleratu duenez, «bat-batean» gertatu da istripua. Haren arabera, jende olde bat iritsi da, eta aurrean zeuzkatenei bultzaka hasi dira; nahiz eta berak eta beste hainbatek eskatu dieten kontuz ibiltzeko, eta erreparatzeko hor zeuden haurrei eta nerabeei. Halere, bultzaka jarraitu dute. Beste lekuko baten adierazpenak jaso ditu Indiako ABP hedabideak, eta iturri horrek salatu du Poliziak ez duela «ezer egin» istripua eragozteko.
Hamabi urtean behin ospatzen da Kumbh Mela, Indiako lau hiritan. Munduan pertsona gehien biltzen duen ospakizuna da, eta oraingoa ez da jai horretan gertatu den halako lehen istripua: Kumbh Mela ospakizuna egin zen lehen aldian, 1954ko otsailaren 3an, 500 pertsona inguru hil ziren Prayagrajen; 1986ko maiatzaren 15ean, gutxienez 200 lagun hil ziren Haridwarren; 2003ko abuztuaren 27an, gutxienez 39 pertsona hil ziren Nasiken; eta, azken edizioan, 2013ko otsailaren 11n, 36 erromes hil ziren Prayagrajen.