Boris denboralearen ondorioz, azken egunetan uholde handiak izan dira Europa erdialdeko zenbait herrialdetan, eta, gaur herrialde horietako iturri ofizialek emandako azken datuen arabera, gutxienez hamabost pertsona hil dira horien eraginez: sei Errumanian, bost Polonian, hiru Austrian eta bat Txekian. Eslovakiari ere eragin dio denboraleak, eta, denera, dozenaka zauritu eta desagertu daudela jakinarazi dute. Herritarrei eragindako kalteez gain, euri jasek hondatu egin dituzte herri eta hiri askotako azpiegiturak, eta milaka lagunek etxetik alde egin behar izan dute.
Errumania ekialdeko Galati hirian, adibidez, uholdeek etxebizitzen %76 hondatu dituztela jakinarazi dute gaur hango agintariek. Austriako Gobernuak, halaber, «eremu katastrofiko» izendatu du hegoaldeko Austria Beherea estatu federala: 12.000 etxebizitza argindarrik gabe gelditu dira, eta 23 herritan ez dute edateko urik. Austriako kantziler Karl Nehammerren arabera, abian jarri dute 300 milioi euroko laguntza sorta bat.
Antzeko neurriak hartzen ari dira beste herrialdeak ere. Poloniako Gobernuak iragarri du, X sare sozialaren bidez, klima hondamendiarengatik larrialdi egoera ezarriko dutela, 30 egunez. Are, hango lehen ministro Donald Tuskek esan du 233 milioi euro inguru jarriko dituztela uholdeen kalteak pairatu dituzten herritarrei laguntzeko.
Uholdeek ez dute kalterik egin Alemanian, baina hango kantziler Olaf Scholzek ohartarazi du, gaur kaleratutako komunikatu baten bidez, hango ibaien ur maila apurka-apurka igotzen ari dela, eta, hortaz, kontu handia izateko eskatu die herritarrei. Hondamendiaren harira, prest agertu da beste herrialdeei «behar duten guztian» laguntzeko. Antzeko mezua zabaldu zuten atzo Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Roberta Metsola Europako Parlamentukoak: biek elkartasuna adierazi zieten uholdeak jasan dituzten herrialdeei, eta nabarmendu zuten Europako Batasuna prest dagoela behar duten guztian laguntzeko.
Hondamendiak, gainera, behin-behinean eten ditu herrialde horietako goi kargudunen agenda politikoak; kasurako, Hungariako lehen ministro Viktor Orbanena. Europako Parlamentuan hitz egitekoa zen aste honen amaieran, baina, X sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, jakinarazi du atzeratu egin dituela nazioartean zituen hitzordu guztiak, muturreko baldintza meteorologikoen ondorioz.
Berdeen abisua
Berdeak Europako talde parlamentarioaren arabera, Europa erdialdeko uholdeek agerian uzten dute «inoiz baino garrantzitsuagoa» dela klima larrialdiaren aurkako borroka indartzea eta sustatzea. Iritzi horrekin bat egin dute munduko hainbat talde ekologistak eta adituk, eta ohartarazi dute gisa horretako fenomenoak gero eta ohikoagoak izango direla.