Mundua

Gutxienez bederatzi lagun hil eta 24 zauritu dituzte Kaxmirren

Indiako Gobernuak ekintzaile independentista islamistei leporatu die granadaz eginiko erasoa.

2008ko uztailaren 24a
17:24
Entzun
Indiaren menpeko Kaxmirren gutxienez bederatzi lagun hil eta 24 zauritu dituzte gaur, ustez ekintzaile islamistek granadaz eginiko erasoan, Indiako iturri ofizialek ezagutzera eman dutenez. Hildakoen artean bi ume daude. Erasoa Srinagar hirian gertatu da, hain justu, Indiaren menpeko zatiko hiriburuan. Biktimak gehienbat langileak ziren.

Indiaren okupazioaren kontrako gerrilla mugimenduak 1989an hasi ziren, eta eraso nahiz borroketan 43.000 lagun baino gehiago hil dira. Kaxmirren beste zatia, mendebaldekoa, Pakistanen menpe dago. Hain zuzen ere, Indiako Gobernuak Pakistani leporatzen dio Kaxmirko ekintzaile islamisten atzetik egotea. India eta Pakistan elkarren etsaiak dira bi estatuak sortu zirenetik, 1940ko hamarkada bukaeratik. Hainbat gerra izan dituzte beren artean, eta biek eskuratu nahi dute Kaxmir osoa. 2004ean bake prozesua abiatu zuten, baina horrrek ez ditu matxino taldeen erasoak eta poliziaren eta armadaren erasoaldiak bukatu.

Kaxmirko gerrilla taldeei dagokienez, hasieran gehienbat laikoak ziren, batzuk ezkerrekoak eta beste batzuk soilik nazionalistak, baina azken urteetan islamismoa nagusitzen joan da haien artean.

Hain justu, ekintzaile islamistek matxino ohi bat eta honen familiako hiru kide hil dituzte gaur, Indiako iturri ofizialen arabera. Emaztea, alaba eta lau urteko iloba dira senide horiek. Poliziaren esanetan, hildako gizona, Ghulam Hussein, Indiaren menpeko talde matxino nagusiko -Hizb-ul-Mujahidin edo Gudukari Islamisten Alderdia- gerrillaria izan zen, eta 2004an borroka armatuari uko egin zion, agintariekin akordioa sinatutakoan. Ordudanik "ekintzaileen jomuga zerrendan" zegoela dio Poliziak. Doda barrutian hil dute, Srinagartik 170 kilometro hegoaldera.

Joan den larunbatean Indiako armadaren autobus baten kontrako mina eraso batean gutxienez bederatzi soldadu hil eta beste 16 zauritu zituzten matxinoek.

Eraso horien atzetik Pakistan dagoela iritzita, astelehenean Indiako Atzerri ministro Shiv Shankar Menonek esan zuen Islamabadekiko bake prozesua "presiopean" zegoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.