Lurrikara bat izan da gaur Tibeteko Tingri konderrian, eta ondorioak ez dira nolanahikoak: gutxienez 126 pertsona hil dira, eta 188 zaurituta daude. Tibeten 09:05 zirenean gertatu da ezbeharra —Euskal Herrian goizaldea zen, 02:05—, eta lurrazaletik hamar kilometrora izan du epizentroa, Shigatse hirian, zeina Tibeteko goi lautadako hiri «sakratu nagusietako bat» baita. Lurrikarak Ikertzeko Txinako Sarearen arabera, lurrikara Richter eskalako 6,8 gradukoa izan da; AEB Ameriketako Estatu Batuetako Geologia Zerbitzuak, berriz, esan du lurrikara 7,1 gradukoa izan dela.
Larrialdi zerbitzuak bertan lanean ari dira jada. Tibet eskualde autonomoa den arren, Txinaren menpe dago 1951. urtean anexionatu zuenetik. Horiek hala, Xi Jinping Txinako presidenteak adierazi du «izugarrizko ahalegina» egiten ari direla ahalik eta biktima gutxien izan daitezen, eta, aldi berean, nabarmendu du lan egin beharko dela beste ezbeharrik ez egoteko eta kalteak jasan dituzten herritarrak beste nonbaitera eramateko. 1.500 langile baino gehiago ari dira horretan, baina ikusteko dago erreskate lanak nolakoak izango diren; izan ere, hotz handia espero dute gaurko: zero azpitik hamasei gradura arteko tenperatura.
Kalte pertsonalak ez ezik, kalte materialak ere eragin ditu lurrikarak. Tingri konderrian jasan dituzte kalterik handienak: Txinako Xinhua berri agentziak jakinarazi duenez, mila etxebizitza baino gehiago erori dira eremu horretan. Txinako presidentearen hitzetan, premiazkoa da kaltetutako eraikinak lehengoratzea, baita bizilagunen «oinarrizko beharrak» aseta egotea ere. Garapenerako eta Erreformarako Batzorde Nazionalak ehun milioi yuan jarriko ditu urgentziaz, larrialdiari aurre egin ahal izateko.
Lurrikararen epizentroa Everest mendiaren iparraldetik 80 kilometrora dago. Beste sasoiekin alderatuta, neguan ez da hainbeste jende biltzen munduko mendirik garaiena igotzeko bidean, baina, halere, bertan behera utzi dituzte, behin-behinean, Everestera eta Himalaiako beste mendietara egitekoak ziren igoera guztiak.
Ondorioak, oraindik ikusteko
Lehen datuak eman badituzte ere, oraindik ikusteko dago lurrikarak zer-nolako kalteak eragin dituen. Epizentroaren bueltan, hogei kilometroko tartean, 6.900 pertsona bizi dira, eta Tingri konderrian, berriz, 69.000 lagun baino gehiago. Eremua urrun dago Txinako hiri nagusietatik, eta, Txinako Gobernuak ohartarazi duenez, baliteke horrek nabarmen zailtzea erreskate lanak.
Tibeteko goi lautadan ez ezik, harekin mugan dauden eremuetan ere nabaritu dute lurrikara; kasurako, India eta Nepal iparraldean. Nepalgo hiriburuan, Katmandun, dar-dar handiak nabaritu dituzte, eta, hango hedabideen arabera, herritar andanak ihes egin du etxetik; pertsona bat hil egin da ihesean ari zela, bere etxetik salto eginda. Katmandu Shigatsetik 230 kilometrora dago.
Lurrikarak Ikertzeko Txinako Sarearen arabera, azken bost urteetako lurrikararik handiena izan da gaurkoa. Hain justu, ez da antzeko zerbait gertatzen den lehen aldia. Tibeteko goi lautadan sarri egin ohi du dar-dar lurrak. 2023ko abenduan, Qinghai konderrian 150 pertsona hil ziren 6,2 graduko lurrikara baten ondorioz.
Lurrikararen indarrak eta eragin dituen kalte pertsonalek eta materialek zeresana eman dute nazioartean. Errusiako presidente Vladimir Putinek, adibidez, doluminak eman dizkio bere homologo eta lagun Xiri. Hark baino zertxobait lehenago hitz egin du Dalai Lama lider espiritualak. Komunikatu baten bidez, esan du «oso triste» dagoela gertatutakoagatik, eta hitzeman du «ahal duen guztia» egingo duela lurrikara jasan duten horiei guztiei laguntzeko.
TIBETEKO GOI LAUTADAN AZKEN URTEETAN IZAN DIREN LURRIKARAK
- 2008ko maiatza. Sichuan eskualdean Richter eskalako 7,9 graduko lurrikara bat izan zen: ia 90.000 pertsona hil ziren.
- 2010eko apirila. Qinghai eskualdean Richert eskalako 7,1 graduko lurrikara bat izan zen, eta 2.698 pertsona hil ziren.
- 2013ko apirila. Sichuan eskualdean Richter eskalako 7 graduko lurrikara bat izan zen: 196 lagun hil ziren.
- 2013ko uztaila. Gantsu eskualdean Richter eskalako 6,6 graduko lurrikara bat izan zen: 95 lagun hil ziren.