Gutxienez 92 pertsona hil dira Valentzian, han inoiz izan den hondamendirik handienean

Denboraleak gogor jo du Mediterraneo mendebaldea, eta hainbat errekak eta ibaik gainezka egin dute. Eraikinak, zubiak eta ibilgailuak eraman ditu urak. Zenbait tokitan, ordu gutxian 400-500 litro bota ditu. Beste bi hildako topatu dituzte Gaztela Mantxan.

Jon Ordoñez Garmendia - Maddi Iztueta Olano
2024ko urriaren 30a
19:30
Entzun

Tanta hotzak hondamendia eragin du Valentzian (Herrialde Katalanak). Denboralea handia izan da asteartean, eta gaua, luzea. Valentzian gutxienez 92 pertsona hil dira, Valentziako Generalitateak jakinarazi duenez; beste bi hildako aurkitu dituzte Gaztela Mantxan (Espainia) eta beste bat Malagan (Espainia).  Eguna noiz argituko zain egon dira txikizioa zenbatekoa den zehazteko, baina gaur goizean Valentziako Generalitateko Larrialdietarako Koordinazio Guneak beste alerta mezu bat bidali die herritarrei, eta ohartarazi die gaur ere euri jasa handiak espero direla eta ez ibiltzeko errepidean. Aemeten arabera, ordu gutxi batzuetan 400 eta 500 litro euri artean egin ditu metro kubikoko. Valentzian inoiz izan den hondamendirik handiena da hau, 1982ko ezbeharraren aurretik; urte hartako urrian Touseko urtegia hautsi zen, eta 40 pertsona hil ziren.

Hildakoez gain, desagertuak ere badira, sei gutxienez: Leturren, bost (Espainia); eta l'Alcudian, bat (Herrialde Katalanak). Kalte materialak handiak dira, sare sozialetan zabaldutako irudiek erakusten dutenez. Bi tornado izan dira gutxienez. Hainbat erreka eta ibaik gainezka egin dute, eta eraikinak, zubiak eta ibilgailuak eraman ditu urak. Etxetik kanpo zeuden herritarrek ahal izan duten lekuetan hartu dute babes, eta hala moduz pasatu dute gaua, eraikin altuenetan, merkataritza guneetan edo autoen gainera igota. Erreskate taldeez gain, Espainiak militarrak jarri ditu lan horretan. Udalerri askotan ez dago argindarrik.

«Iritsi ahal izan garen tokietan hilotzak daude», esan zuen Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidenteak, eta gero eta gehiago agertzen ari direla gaineratu. Mazonek iazko uztailean hartu zuen kargua, eta azaroan Valentziako Larrialdietako Zerbitzua kendu zuen haren gobernuak. Gainera, aurreneko errekak gainezka egin eta zortzi ordura eman die larrialdiaren abisua Valentziako Generalitateak herritarrei.

Tanta hotzak hainbat errepide moztu ditu, eta trenak ere zerbitzuz kanpo daude. Valentzian, Ribera Alta eta Utiel-Requena eskualdeetan jo du era bortitzenean denboraleak. Magre eta Rambla del Poio ibaiek gainezka egin dute Torrent, Picanya, Paiporta eta Catarroja udalerrietan, eta hainbat zubi bota dituzte.

Valentziako Generalitatearen lehen alerta mezua 20:10ean iritsi zen. Tanta hotza iragarria zegoen aurretik, eta 14:00etan haurrak ikastetxera ez eramateko eskatu zieten gurasoei. Lantokira ez joateko mezurik ez zen iritsi, ordea, eta iluntzean iritsi zen okerrena. Turia ibaia itsasoratzen den tokian, Valentzia hiriburuko Pinedo auzoan, hasieran eraikin altuenetara igotzeko eskatu diete herritarrei, ibaiak gainezka egin behar zuelako. Gero, ordea, udaltzainek bozgorailuetatik eskatu diete etxetik ateratzeko eta auzoa uzteko. Autobusak jarri dituzte horretarako. Aldaian, urak merkataritza gune bat hartu du, eta han pasatu dute gaua 600 pertsonak baino gehiagok.

Egoera latzena errepidean zeudenek pasatu dute. Denboraleak ibilgailuan harrapatu ditu. Haizeak kamioiak bota ditu, eta urak gora egin duenean autoan zeudenek sabaira igo behar izan dute; askok han pasatu dute gaua. 112 larrialdietako telefono zenbakia laguntza eskatzeko deiez bete da; azaldu dutenez, zerbitzua ez da erori, baina euren txanda noiz iritsiko itxaroteko eskatu diete laguntza eske deitu duten herritarrei.

Denboralearen ondorioz hainbat orduz etenda egon ondoren, Valentziako Manises aireportua berriro ere martxan dagoela jakinarazi dute hango agintariek; 30 hegaldi desbideratu behar izan dituzte atzo iluntzetik gaur goizera, eta 40 inguru bertan behera utzi. Madril eta Valentzia lotzen dituen tren zerbitzua, berriz, etenda dago. Oscar Puente Espainiako Trafiko ministroak jakinarazi duenez, «ez dirudi posible» izango denik zerbitzu datorren astea baino lehen martxan jartzea.

Lantokian harrapatuta geratu direnak ere asko izan dira, eta RNE Espainiako irratian valentziar batek azaldu du bizilagunei deitu behar izan diela etxean zeuden haurrengana joateko, gurasoak ezin zirelako iritsi. Bart gauean, hainbat irratik emankizun bereziak egin dituzte, eta herritarren eskura jarri dituzte, laguntza emate aldera. Sare sozialetan ere askok eskatu dute laguntza.

Mila helikoptero bidali dituzte uholdeek eragindako eremura, eta biktimak artatzeko psikologoak ere bertan dira, Margarita Robles Espainiako Gobernuko Defentsa ministroak iragarri duenez.

Abisu gehiago

Valentzian eta Gaztela Mantxan hondamendia eragin ostean, euriteak Espainiako beste gune batzuetara zabaldu dira. Cadizen alerta gorria ezarri dute eta, arratsaldean, euriteek uholdeak sortu dituzte bertako zenbait herritan. Extremadura eta Aragoi abisu horian daude; baita, Herrialde Katalanetako zenbait gune —tartean, Bartzelona— eta Euskal Herrian, Nafarroa.

Tanta hotzak Valentzian eragindako txikizioaren harira, Espainiako Diputatuen Kongresuan bertan behera utzi dute gaur egitekoa zuten saioa, eta Espainiako presidente Pedro Sanchez krisia kudeatzeko batzordearekin bildu da. Sanchezek eskatu du aurrekontua handitzeko, eta «behar adina baliabide» hitzeman ditu: «Ez zaituztegu bakarrik utziko».

    Aemeten arabera, denboralearen okerrena pasatu da jada, baina euria egingo du bihar ere, eta gutxiago igandera arte. Halere, euriteek Katalunia (Herrialde Katalanak) eta Aragoi (Espainia) ingurura egingo dute, eta Meteocat Kataluniako meteorologia agentziak alerta gorria ezarri du: arratsaldeko ordu biak arte jarri dute «arrisku maila gorena». Andaluzia (Espainia) mendebaldean ere gogotik egingo du euria, baina intentsitatea ez da orain artekoa izango. 

    Aseguruen Konpentsazio Partzuergoak jada adierazi du uholdeek eragindako kalteak ordainduko dituela, perituak kaltetutako eremuetara joan eta kalteak baloratu ahal bezain laster. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoa erakunde publiko-pribatua da, eta Espainiako Gobernuko Ekonomia Ministerioaren mende dago. Asegurua bermatzeko funts moduko bat da, ohiko aseguruek estaltzen ez dituzten ezbehar larri edo hondamendi natural jakin batzuetarako.

    Elkartasun oldea

    Ez dira gutxi Valentziari laguntza eskaini dioten autonomia erkidegoak. Aragoiko Gobernuak iragarri du hara bidaliko dituela larrialdietarako aire bidezko baliabideak, erreskate lanetan laguntzeko; Murtziako Babes Zibilerako eta Larrialdietarako Zuzendaritzak esan du, halaber, Valentziara bidaliko dituztela erreskate lanetarako helikoptero batzuk.

    Imanol Pradales lehendakariak ere «erabateko laguntza» eskaini dio Valentziako Generalitateko buru Carlos Mazoni, hondamendiaren ondorio tamalgarriak ahal den neurrian arintzen laguntzeko. EAJren Euzkadi Buru Batzarrak ere «doluminik sentikorrenak» eman dizkie hildakoen familiei, eta elkartasuna adierazi die galera materialak izan dituen orori ere. 

    Nafarroako Gobernuko ordezkariek ere adierazi dute elkartasuna: Amparo Lopez Barne kontseilari eta Gobernuko bozeramaileak esan du Valentziara bidean direla bi helikoptero, bi pilotu, garabilari bat eta bi suhiltzaile. Maria Txibite, berriz, kontaktuan jarri da bi autonomia erkidegoetako presidenteekin, eta X sare sozialaren bidez jakinarazi du baliabide tekniko eta pertsonalak jarri dituztela valentziarren eskura; elkartasuna ere adierazi du. 

    Espainiako Kongresuan, Mertxe Aizpurua EH Bilduren bozeramaileak babesa adierazi die uholdeen biktimei eta Valentziako herriari: «Iritsiko da analizatzeko eta ardura eskatzeko ordua, baina gaurkoa elkartasunerako eguna da». Eneko Andueza PSE-EEko idazkari nagusiak ere «babes, gogo eta elkartasun osoa» adierazi die herritarrei. Javier de Andres PPko presidenteak «harridura» azaldu du euriteak utzi dituen «irudi lazgarriengatik», eta ohartarazi du euskal enpresa batzuk haiekin jarri direla harremanetan «zeregin espezializatuetan» laguntzeko. Txalotu egin du Eusko Jaurlaritzak Valentziako Gobernuari eta beste erkidego batzuei laguntza eskaini izana. 

    Bizkaiko Batzar Nagusiek minutu bateko isilunea egin dute kaltetuei elkartasuna adierazteko eta biktimak oroitzeko.

    Urrutiagotik ere heldu dira elkartasun mezuak. EB Europako Batasunak Copernico satelite sistema jarri du abian erreskate taldeak koordinatzen laguntzeko. Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek Espainiari eskaini dio Europako Batasuneko babes zibileko mekanismoa aktibatzea, horren pean batasuneko beste herrialde batzuek laguntza eman dezaketelako. «Europa laguntzeko prest dago», esan du. Europako Parlamentuko Roberta Metsolak ere adierazi du Europako Batasuna prest dagoela Espainiari laguntzeko, «ondorio katastrofikoen» aurrean. Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak ere laguntza hori berretsi du. 

    Europako herrialdeetako agintariek ere eskaini dute laguntza. Tartean izan dira Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Luis Montenegro Portugalgo lehen ministroa eta Antonio Tajani Italiako Kanpo ministroa.

    Iruzkinak
    Ezkutatu iruzkinak (1)

    Ordenatu
    0/500
    Interesgarria izango zaizu
    Nabarmenduak
    Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.