Mauritaniatik Kanaria uharteetara (Espainia) migratzen zebiltzan 89 pertsona hil dira gutxienez, eta beste 70 desagertuta daude, Mauritaniako informazio agentzia ofizialak iragarritakoaren arabera. Uztailaren lehenean jazo zen istripua, Mauritaniako kostaldetik lau kilometro ingurura, herrialdearen hegoaldeko Ndiago herriaren parean. Hildakoen artean Senegalgo, Maliko, Gambiako eta Gineako herritarrak daude.
170 bat pertsona zeuden itsasontzian; 89 hilotz atera dituzte uretatik, eta bederatzi bizirik erreskatatu dituzte; gainontzekoak desagertutzat dituzte oraingoz. Afrikako Sahel eskualdeko hainbat herrialdetako pertsonek hartzen duten migrazio ibilbide ohikoenetako bat da Mauritaniako kostaldea eta Kanaria uharteak lotzen dituena. Asteazkenean, adibidez, Senegalgo itsas armadak 74 pertsona zituen ontzi bat geratu zuen.