ATENTATUA ERRUSIAN

Gutxienez 6 pertsona hil dituzte Kremlinen ondoko atentatuan

Moskuko Poliziak uste du erasoaren jomuga inguru berean dagoen Legebiltzarraren egoitza zela

Erredakzioa
2003ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Gutxienez sei pertsona hil ziren eta 13 zauritu, atzo, Moskuko erdialdean izandako atentu batean. Eguerdi aldean Moskuko National hotelaren parean lehergai indartsu batek eztanda egin zuen, Kremlinetik gertu, hain zuzen ere.

Poliziak eskainitako informazioaren arabera, hildakoen artean leherketa eragin zuten bi emakumeak egon daitezke. Beste iturri batzuen arabera, hiru izan ziren atenatuaren egileak. Polizien ikerketei jarraiki, atentatuaren helburua parlamentua zen, baina akatsen bat gertatu zen, eta tokira iritsi baino metro batzuk lehenago egin zuen eztanda lehergailuak.Atentatua Errusiako Duma, hots, Errusiako Legebiltzarra, aukeratzeko hauteskundeak egin eta bi egunera izan da, hain zuzen.Hori ez da izan, ordea, hauteskundeen inguruan izandako ekintza armatu bakarra. Pasa den ostiralean ere, Txetxeniako mugaren iparraldean, Kaukasoan gertatutako atentatu batek 44 hildako eta 220 zauritu eragin zituen. Leherketa, Mineralnie Vodi eta Kislovods hiriak lotzen dituen eskualdeko tren batean gertatu zen.

Aro berria Errusian

Pasa den igandean Errusian izandako hauteskundeetan, Errusia Batua alderdiak, Vladimir Putin Errusiako presidentearen aldekoak, alegia, garaipen erabatekoa lortu zuen.

Adituen aburuz, hauteskunde horien emaitzak aro berri bati ekiteko abiapuntua izango dira. Errusia Batuaren garaipenarekin, Kremlinek gehiengo osoa baitu Duman. Bestalde, Duman parte hartzen duten beste hiru alderdietatik bakarra egongo da oposizioan, komunistak alegia. 450 diputatutatik 53 lortu dituzte. Halaber, Liberal Demokratek eta Rodinak (Aberria) Kremlinekin batera lan egingo dutela adierazi dute dagoeneko. Hori gutxi balitz, 60 hautetsi independenteek ere Kremlinen alde aritzeko asmoa dute. Horregatik, Putinek Konstituzioa aldatzeko beharrezkoa den bi hereneko gehiengoa lor dezake, hots; 300 diputaturen babesa.Vladislav Surkov Presidentetzako Kabineteko buruak zera eman zuen aditzera: «Hauteskundeen ostean aro berri baten aurrean gaude; oraingo eraikuntza politikoa ez da eskuineko eta ezkerreko indarren araberakoa». Halere, Putinen alderdiaren barnean ez dago ideologia bakarra. Batzuen aburuz, pribatizazioak berrikusi behar lirateke eta jabetzak berriro banatu. Besteen ustez, berriz, horrek guztiak Errusia hankaz gora jarriko luke.Eskuineko Indarren Batasuneko (EIB) zuzendaritzako kideak Boris Nadezhdinek aditzera eman zuenez, «kooperazio estrategikorako» kontsultak hasi zituzten atzo. Igandeko hauteskundeetan behera egin zuten bi alderdiak dira, hain zuzen ere, kontsultekin hasi direnak: Javloko eta Eskuineko Indarren Batasuna.Jabloko alderdiko buruak, Grigori Javlisnkik esan zuenez, Legebiltzarra «apaingarria» baino ez da izango. Javlinskiren aburuz, «Dumak Leonid Brezhneven garaiko Sobiet Gorenaren antza izango du».EIBk eta Jablokok ez zuten Legebiltzarrean parte hartzeko beharrezkoa den %5eko boz kopurua lortu. Adituen ustez, ideologia bereko bi alderdi hauteskundeetara bereizirik aurkeztearen ondorioa da hori.

-

GOBERNUA



 

Putinek ez du Konstituzioa aldatuko





Vladimir Putin Errusiako presidenteak atzo aditzera eman zuenez, Kontituzioak bere horretan jarraituko du, ez du inolako aldaketarik izango. «Konstituzioaren aldaketaren inguruko gorabeherak alde batera uzteko garaia da», zioen atzo Putinek. Errusiako Senatuan egindako adierazpenetan, orain arte komunikabiden nahiz hainbat politikariren ahotan ibili den aukerari ate guztiak itxi zizkion Errusiako presidenteak. Komunikabideek eta hainbat politikarik ziotenez, Putin presidenteak pasa den igandeko hauteskundeetan lortutako garaipena Konstituzioan gura zituen aldaketa guztiak egiteko erabiliko zuen. Hori ez da, baina, Putinen asmoa. Atzo Senatuan aditzera eman zuenez, «egun indarrean dagoen Kontituzioa gizartearen egonkortasunaren oinarri bihurtu da. Gainera, Konstituzioa oraindik ez da agortu, oraindik aukera asko eskaintzen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.