Gutxienez 112 lagun hil dira Txileko suteetan

25.500 hektareatik gora kiskali dituzte suteek, eta, alde handiarekin, Valparaiso eskualdea da gehien kaltetua. Ikertzen ari dira «nahita» piztutako suteak ote diren.

Viña del Mar
Pertsona bat, suteak kiskali dituen Viña del Mar hiriko etxebizitzei begira. ADRIANA THOMASA / EFE
Julen Otaegi Leonet - Mikel Garcia Martikorena
2024ko otsailaren 4a
17:35
Entzun

Gutxienez 112 lagun hil dira Txile erdialdeko Valparaiso eskualde aldean piztu diren sutetan, eta behintzat 370 lagun desagertuta daude oraindik. Carolina Toha Barne ministroak jada baieztatu du: «Biktima gehien izan den sutea da, eta litekeena da biktima gehien izan den larrialdia izatea, 2010eko lurrikararen ondoren [450 lagun inguru hil ziren orduan, eta bi milioi kaltetu]».

Hain larria da egoera, non gobernuak ostiraletik salbuespen egoera ezarria duen eskualde hartako Valparaiso eta Marga Marga probintzietan. Etxeratze agindua ere ezarri dute bi probintzia horietako bi komunatan: Viña del Mar, Quilpue, Limache eta Villa Alemana; batetik, larrialdi zerbitzuak oztoporik ez izateko bideetan, eta, bestetik, ebakuatu behar dituztenak ahalik eta lasterrena ebakua ditzaten. Luzatu egingo dute etxeratze agindua, neurri horrek «segurtasuna» ematen baitie herritarrei, Rodrigo Mundaca Valparaiso eskualdeko gobernadorearen arabera.

Lehentasuna da ahalik eta bizitza gehien salbatzea eta piztuta dauden suteak itzaltzea. Horretaz gain, ikertzen ari dira suteak ea «nahita» piztu zituzten, Mundacak jakinarazi duenez. «Argi» dute hala izan zela, eta «zorroztasun osoz» arituko dira erantzuleak bilatzeko, «suteak homizidio bihurtu baitira». Tohak ere berretsi du nahita piztutakoak direla; tesi hori indartzen duten «aurrekari serioak» omen daude Las Tablas hiriko sutean: «Kezkatzeko modukoa da halako sarraskia eta hainbeste lagun hil dituen sute bat, norbaitzuek piztutakoa, alarma sozialik larrienetarikoa da».

Izan ere, dagoeneko 25.567 hektareatik gora erre dituzte suteek Txileko hainbat eskualdetan, eta Valparaiso da gehien kaltetua. Hildakoez gain, 40.000 pertsona ingururen etxebizitzak hondatu ditu suak, guztira. Suterik larriena, Las Tablas hiri inguruan piztu dena da, Viña del Mar komunan: 6.800-9.000 hektarea inguru kiskali ditu, behintzat. Behin-behineko balantzearen arabera, eskualde horretako hamasei hiri kaltetu dira suteetan, eta 3.000-6.000 etxebizitza artean. Gabriel Boric Txileko presidentea bertaratu egin da gaur tokiko agintariekin elkartzeko eta «ikusteko
azkoinak non estutu daitezkeen in situ».

165 sute

Txileko Gobernuak 165 sute zenbatu ditu azken asteburuan; hau da, larunbatean baino 11 gehiago. Horietatik lau itzalita daude, eta beste 112 «kontrolpean». Beste suteei dagokienez, suhiltzaileek «borrokan» dihardute. Halere, datozen egunetako eguraldiek suhiltzaileen lanak erraztu ditzaketela esan du Gabriel Boric Txileko presidenteak: «Muturreko egoeran egoteari utziko diogu. Beroa egingo du, baina goizetan hodeiak egongo dira, suteak kontrolatzen laguntzen duen ezaugarria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.