Ipar Mazedoniako agintariek 51 lagun hil direla baieztatu dute, baina baliteke gehiago izatea datozen orduetan, 100 lagun bahino gehiago zauritu baitziren. Kontzertu bat egiten ari ziren bart Skopje hiriburutik 100 kilometrora dagoen Kocani hiriko dantzaleku batean. Aretoan 1.500 lagun inguru zeuden ADN hip-hop bikotearen emanaldia ikusten, gehienak gazteak. Kontzertuan erabilitako pirotekniak eragin du sutea, hango hedabideen arabera.
Goizaldeko 03:00ak aldera zabaldu da sua. Sare sozialetan hedaturiko bideoetan, emanaldiaren une bat ikusten da antza, eta horretan bengalak piztuta dituzte agertokian. Bideoan ikusten denez, bengaletako txinpartek sua piztu zuten sabaian.
Pance Toskovski Barne ministroak adierazi duenez, hainbat pertsona atxilotu dituzte, ezbeharraren erantzule direlakoan.
Lehen ministro Hristijan Mickoskik idatzi du bere gobernuak behar duen guztia egingo duela tragediaren kausak argitzeko.