Israelgo armadak segitzen du Gazari bereizi gabe erasotzen, eta gaur gutxienez 50 pertsona hil ditu eta 150 inguru zauritu, Jabaliako errefuxiatuen kanpalekuaren kontra egindako bonbardaketan, zerrendaren iparraldean. Hori jakinarazi du Gazako Osasun Ministerioak. AFP France-Press berri agentziak kaleratu du dozenaka pertsona gorpuen bila ari direla krater baten moduko bi zuloren inguruan. Al-Jazeera telebista kateak han duen kazetariaren esanetan, «sarraski masibo bat» eragin du erasoak. Israelgo armadaren bozeramaile Daniel Hagarik adierazi du eraso handi bat egin dutela Jabalian, eta Hamaseko komandante bat hil dutela erasoan, Ebrahim Biari.
Israel Gazara lurretik sartu zenetik lau egun igaro diren honetan, azken hilabetean zerrendan egindako erasorik handienetakoa da Jabaliakoa. Gazako Barne ministro Iyad Bozumek agerraldi batean nabarmendu duenez, AEBetan egindako sei bonba jaurti dituzte Israelgo armadaren hegazkinek, eta, hildakoak eta zaurituak kontatuta, 400 inguru biktima eragin. Israelek egunero edo ia egunero bonbardatzen du 2007tik Hamasek kontrolpean duen lur eremua, eta, hango iturri ofizialek gaur jakinarazi dutenez, horren ondorioz 8.525 lagun hil dira, eta 21.543 zauritu.
Horrekin guztiarekin lotuta, Yemengo matxino huthiek baieztatu dute misil eta drone «kopuru handi bat» jaurti dutela gaur Israelgo lurren kontra. Yemengo Al-Masira telebista katearen arabera, halaxe nabarmendu du matxinoen bozeramaile Yahya Sarik, Tel Avivek adierazi ondoren misil bat erorarazi duela Eilat hiriaren inguruan, herrialdearen hegoaldean, Itsaso Gorriaren kostaldean.
Huthiek azpimarratu dute, bide batez, urriaren 7tik «Palestinako herriaren alde» egindako gisa horretako hirugarren erasoa dela, eta halako «eraso kualitatibo gehiago» egingo dituztela helburu israeldarren aurka, Tel Avivek Gazan hasitako setioa bukatzen ez duen bitartean.