Tiroketa bat gertatu da gaur iluntzean Moskuren aldirietako antzoki batean, eta, Errusiako hedabideen arabera, gutxienez 40 lagun hil eta dozenaka zauritu dituzte; tartean, adingabeak. Kaleratutako informazioek diotenez, armatuta zihoazen hiru erasotzaile gutxienez tiro egiten hasi dira kontzertu bat hasi aurretik, eta lehergai batzuk ere zartarazi dituzte. Errusiako Segurtasun Zerbitzu Federalak adierazi du «beharrezko neurriak» hartu dituela, eta gertakaria «eraso terrorista» gisa ari direla ikertzen. Erasotzaileen bila ari dira. Ukrainako Gobernuak nabarmendu du ez duela loturarik erasoarekin.
Sare sozialetan kaleratutako bideoetan ikus daiteke kontzertura joandakoak nola ahalegintzen diren antzokitik alde egiten, tiro hotsak entzuten diren bitartean. Lehergaiak lehertzearen ondorioz su hartu du antzokiko sabaiak, eta suhiltzaileak hori itzaltzeko ahaleginean aritu dira. Azkenean, erori egin da.
Lekukoen hitzak jasoz Errusiako hedabideek argitaratu dutenez, armatuta zihoazen gizon horiek kalean hasi dira tiroka, antzokiaren kanpoaldean, eta barruan jarraitu dute erasoarekin. Sare sozialetako bideo eta argazkietan gorpuak ikus daitezke bai barruan baita kanpoan ere. Antzokia hutsarazi dute, eta, erasoa pairatu dutenek azpimarratu dute «kaotikoa» izan dela hori. Haien esanetan, antzokiko zaindariek taser pistolak eta borrak zituzten.
Errusiako Gobernuak «krimen izugarritzat» jo du gertatutakoa, eta nazioarteari eskatu dio gaitzetsi dezala. John Kirby AEBen Segurtasun Nazionalerako Kontseiluko bozeramaileak hedabideei adierazi die ez dagoela zantzurik esateko Ukraina edo herritar ukrainarrak daudela erasoaren atzean. Gaineratu du Moskun eta Errusian badaudela Vladimir Putin presidentearen kontrakoak, baina ezin dela baieztatu erasoak «arrazoi politikoengatik» izan direnik. Mikhailo Podoliakek, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearen aholkulariak, X sare sozialean idatzitako mezu batean nabarmendu du Ukrainak ez duela «inolako» zerikusirik. «Ukrainak ez du sekula molde terrorista erabili. Ukrainak bi urte baino gehiago daramatza Errusiaren kontra borrokan, eta gerra hau gudu zelaian soilik erabakiko da».
AEBek Errusian duten enbaxadak atzo ohartarazi zuen, ohar baten bidez, «muturreko taldeak» prestatzen ari zirela Moskun jende asko biltzen dituzten ekitaldiei eraso egiteko, eta informazio hori zuela. Mendebaldeko herrialdeetako beste enbaxada batzuek ere antzeko mezuak plazaratu dituzte azken egunetan, baina Putinek horien kontra egin du, eta adierazi Errusiako gizartea «desoratzeko eta kikiltzeko saiakera bat» zirela. Gaurko erasoa gertatu ondoren, Kremlinek bertan behera utzi ditu asteburuan Moskun egitekoak ziren elkarretaratze eta ekitaldi handiak, eta aireportuetako kontrolak indartu ditu.