Gutxienez 32 erromes xiita hil eta 65 zauritu dituzte Iraken, eraso suizida batean

Al Husein imanaren martiria ospatzera zihoazen erromesen aurka zartarazi du ekintzaileak lehergailua

2009ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Karbala hiri sakratura erromesaldian zihoan xiita talde baten aurkako atentatu suizidan, gutxienez 32 lagun hil eta 65 zauritu ziren atzo, Iraken. Al Husein imamak jasandako martiria ospatzera zihozen Karbalara, eta emakume suizida batek soinekoan ezkutatuta zeraman lehergailua zartarazi zuen. Erasoa gertatu zen unean erromesak Iskandirija herrian zeuden, Bagdad hiriburutik 40 kilometrotara.

Urtero hiriburutik Karbalaraino 110 kilometro egiten dituzte erromesek eta atseden hartzeko hainbat geldiune izaten dituzte prestatuta. Eraso egin zieten momentuan, horietako batean ari ziren, edatekoa eta jatekoa hartzen. Irakeko Barne Ministerioko iturrien arabera, hildakoen artean gehienak emakumeak eta haurrak izan ziren.

Arbain jaia ospatzen dute urtero xiitek, eta berrogei egunez dolua egiten dute VII. mendean Karbalako gudan hil zen Al Husein imana oroitzeko. Xiitek hainbeste gurtzen duten Mahoma profetaren biloba zen Al Husein. Yazi kalifa sunitak hil zuen, orain 1.400 urte baino gehiago gertatutako Karabalako guduan. Berrogei egun irauten duen dolu garaia astelehenean amaituko da, eta, Barne Ministerioko iturrien arabera, bi milioi erromes ailegatuko dira astelehena bitartean Karbalara.

Urtero egiten dituzte xiiten erromesaldi horien aurkako erasoak, eta aurten ere halaxe izan da. Ostegunean ere, bonbekin egin zieten eraso. Atentatu hartan gutxienez hamabi pertsona hil eta 30 zauritu ziren.

Emakumeak gero eta gehiago

Adituek diotenez, gero eta ohikoagoa da ekintzaile suizidak emakumeak izatea. Besteak beste, segurtasun indarren artean gizonezkoek baino susmo gutxiago sortzen dutelako. AEB Ameriketako Estatu Batuen armadako iturrien arabera, 2007an zortzi eraso suizida gauzatu zituzten emakumeek. Iaz, berriz, 32 izan ziren emakumeek egindakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.