Talde armatu batek sarraski bat eragin zuen atzo Kenyan, Nairobi hiriburuko saltoki gune bati erasota. Iturri ofizialen arabera, gutxienez 30 lagun hil zituzten, eta 60 zauritu. Edizio hau ixteko orduan, erasotzaileak artean eraikinaren barnean zeuden, zehaztu gabeko jende kopuru bat gatibu hartuta. Erasotzaileetako bat atxilotu duela dio Poliziak. Ekintza Somaliako Al-Shabab talde islamistak hartu du bere gain. Twitterren mezu bat idatzi du bere izenean dagoen kontu batean, eta Erresuma Batuko BBC kateak esan du miliziako «goi arduradun batek» berretsi diola erasoa haiek egin dutela. «Westgate saltokian gertatu dena Somaliako herritarrek Kenyako inbaditzaileen esku pairatu behar dutenaren zati txiki bat baino ez da», idatzi du Al-Shababek Twitterren.
Westgate saltokia Nairobiko gune aberatsenetako batean dago, eta hiriburuan bizi diren atzerritar dirudunak eta turistak izan ohi ditu bezero. Poliziaren arabera, erasoa atzo eguerdian hasi zen. Eraikinean 3.000 lagun inguru zeudela kalkulatu dute. «Arropa tradizional arabiarrekin» jantzitako dozena bat lagun inguru arma automatikoekin saltokian sartu eta granada batzuk jaurti ondoren, tiroka hasi ziren. Ihes egitea lortu zuten lekukoen arabera, eraikinean zehar dendaz denda eraso egin zuten ekintzaileek, Polizia eta armada ailegatu arte. Hainbat ordutako operazioa hasi zen orduan. Azken berrien arabera, erasotzaileak bigarren solairuan zeuden zokoratuta, gatibuekin.
Bi urteko esku hartzea
Al-Shababek mendekua eman du erasoa egiteko arrazoitzat, eta «odisea baten hasiera» izango dela ohartarazi dio Kenyari. Al-Shabab talde islamistak Somaliako lurralde batzuk bere kontrolpean ditu, hegoaldean. 2011ko urrian, AEBek bultzatuta, Kenyako tropak Somalian sartu ziren Al-Shababen aurka egiteko, eta ordutik galera handiak eragin dizkiote miliziari. Al-Shababek hainbat eraso egin ditu Kenyan, baina bakar bat ere ez atzokoaren tamainakoa.
Gutxienez 30 lagun hil dituzte Kenyan, saltoki gune bateko erasoan
Somaliako Al-Shabab talde islamistak hartu du bere gain ekintza, eta esan du Kenyaren aurka mendeku hartzeko dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu