Azken asteotako erasorik handienetako bat egin du Errusiak Ukrainan, eta, horren ondorioz, gutxienez 29 pertsona hil eta 112 zauritu ditu. Iturri ofizialen arabera, hemezortzi hil ditu Kieven, eta hiriburuko adingabeentzako ospitalerik handiena ere jo eta txikitu du Errusiak jaurtitako misiletako batek. Vitali Klitxko alkatearen arabera, instalazioaren barruan zeuden bi heldu hil dira. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak mendekua agindu du.
Ukrainako iturri militarrek sare sozialen bidez jakinarazi dute Errusiak gaur Ukrainako lurren kontra jaurtitako 38 misiletatik 30 erorarazi dituztela. Bonbardaketa horiek, batez ere, hiriburuan eta herrialdearen erdialdean izan dira: Krivi Rig hirian hamar hildako eragin ditu, eta Dnipro hirian, bat. Armadak esan du airetik, lurretik eta itsasotik jaurti dituztela misil horiek.
Zelenski Varsovian egon da gaur, Donald Tusk Poloniako lehen ministroarekin, eta handik adierazi du Errusiako armadaren erasoek zibilentzako 50 bat eraikini egin dietela kalte. Horiek horrela, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak bildu egin beharko lukeela adierazi du.
Errusiako Defentsa Ministerioak azpimarratu du, ordea, «gezurra» dela zibilei eraso egin dietela. Ohar batean zehaztu du, gainera, Ukrainaren aireko defentsa sistemako misil bat erori izanaren ondorioz txikitu dela adingabeentzako ospitale bat. «Argi asko baieztatzen dute hori Kievek argitaratutako argazkiek eta bideoek». Gaineratu du, bide batez, Errusiako aireko defentsa sistemek bederatzi misil eta 30 drone erorarazi dituztela. Horren harira, Ukrainarekin muga egiten duen Belgorod eskualdean bi pertsona hil dira gaur, Ukrainako indarrek artilleriarekin egindako eraso batean. Hori jakinarazi du hango gobernadore Viatxeslav Gladkovek, sare sozialetan.
«Gerra krimenak»
Italiarentzat, Errusiak zibilak bonbardatu ditu, eta, hori hala, «gerra krimenak» egitea egotzi dio. Hori esan du Antonio Tajani Atzerri ministroak X sare sozialean, eta nazioarteari eskatu dio gertatutakoa gaitzetsi dezala. Frantziak erasoaren kontra egin du, baita NBEk ere, eta Josep Borrell Europako Batasunaren diplomaziaburuak X sare sozialean salatu du Errusiak «errukirik gabe» egiten duela zibilen aurka.
Vladimir Putin Errusiako presidentea Viktor Orban Hungariako lehen ministroarekin eta, txandakatze sistemaren ondorioz, EBren kontseiluaren egungo presidente ere badenarekin joan den ostiralean Moskun bildu ondoren heldu da Errusiaren erasoa. Orbanek «su eten azkar bat» eskatu zion Kremlineko buruari. Egun batzuk lehenago, gauza bera eskatu zion Zelenskiri.
Eta Ukrainako estatuburuak gaur adierazi du, beste askotan egin bezala, Mendebaldeak «erantzun indartsu bat» eman beharra daukala. Hau da, laguntza militar handiagoa eskatu dio. Aintzat hartu behar da Europar Kontseiluak 50.000 milioi euroko diru sail bat onartu zuela otsailean, 2027ra bitartean Ukrainari laguntza ekonomikoa, militarra, diplomatikoa eta humanitarioa emateko. Eta apirilean, AEBetako Kongresuak onartu zuen laguntza militarrean Kievi 61.000 milioi dolar ematea —57.000 milioi euro inguru—.
Varsovian egin ditu adierazpen horiek Zelenskik. Ondoan zuen Tusk, eta hark zera planteatu du: Polonia prest dagoela Ukraina zeharkatzen ari diren eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide den herrialderen baterantz doazen misilak erorarazteko. «Hori egiteko prest egongo ginateke. Baina lankidetza argia behar dugu, gisa horretako ekintzek NATOren erantzukizun partekatua eskatzen baitu».
NATO-REN URTEROKO GOI BILERA BIHARTIK OSTEGUNERA, WASHINGTONEN
NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak urteroko goi bilera egingo du bihar hasi eta ostegunera bitartean. Mendebaldeko aliantza militarrak Washington aukeratu du aurten urteroko hitzordurako. Hamabi herrialdek sortu zuten, 75 urte bete ditu, eta aurtengo bilerako gai nagusia Ukrainari militarki nola lagundu izango da, berriro ere. Datorren urtean Kievi 40.000 milioi dolar —37.000 milioi euro inguru— ematea adostu dute aliatuek, Europako herrialde bateko iturri diplomatiko bat aipatuz Reuters berri agentziak joan den astean kaleratu zuenez.