Gazaren aurkako erasoaldia

Gutxienez 22 palestinar hil ditu Israelek Gazan

Hildakoetatik bi Mohammed Deif Hamaseko buruaren emaztea eta alaba dira. Palestinako miliziek 160 suziri jaurti dituzte atzo arratsaldetik Israel aldera. Horietako bi Tel Avivetik gertu erori dira. Al-Qassam Brigadek beren gain hartu dituzte erasoak.

Osasun zerbitzuak Israelen bonbardaketetan zauritutako palestinar bat erietxera eramaten. MOHAMMED SABER / EFE
Berria.eus
2014ko abuztuaren 20a
06:59
Entzun

"Negoziazioek ez dute aurrera egin. Akordioa lortzeko aukera bakanak desagertu egin dira eta okupazio sionista da horren erantzulea". Hitz horiekin jakinarazi zuen Hamasek Kairoko elkarrizketen porrota. Ordu batzuk lehenako, berriz, hainbat suzirik jaurti zituzten Palestinako miliziek Israel aldera, Benjamin Netanyahuren gobernuaren haserrea eraginez. Azken honen eledunak, Mark Regevek, ukatu egin du negoziazioen etenaldia Tel Aviven erantzukizuna denik: "Suziriak jaurti dituztenean eten dira elkarrizketak. Hori egiterakoan menia bera urratzeaz gain, negoziazioen oinarrizko baldintza ere bertan behera utzi dute"

Barealdia amaituta, Israelek Gaza bonbardatzeari ekin dio eta gutxienez 22 palestinar hil ditu atzo arratsaldeaz geroztik, tartean, sei adingabe. Hildakoetatik bi Hamaseko buru Mohammed Deifen emaztea eta alaba dira. Israelek zilegizkotzat jo du Deifen etxearen aurkako bonbardaketa. "Mohammed Deifek heriotza merezi du, Bin Ladenek merezi zuen moduan. Hiltzaile bat da eta gure esku dagoen neurrian hura hiltzen saiatuko gara", ohartarazi du Gideon Saar Israelgo Barne ministroak.

Palestinako miliziek, berriz, 160 suziri inguru jaurti dituzte Israel aldera, atzo arratsaldeaz geroztik.

Elkarrizketak

Gatazka berritu den arren, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buru Mahmud Abbasek iragarri du eutsi egingo diola ostiral honetan Khaled Meshal Hamaseko buruarekin egitekoa duen bilerari. "Uste dugu erakundeak ez duela ezer egiten Anaia Musulmanen eta atzerrian dituen liderren onespenik gabe", azaldu dute PANeko iturriek.

Bitartean, berriz ere NBEren aterpeetan babestu dira Gazako herritarretatik asko. Iturri ofizialen arabera, 300.000 inguru dira errefuxiatu guneetan aterpetu direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.