Gutxienez 200 lagun hil dira joan den larunbatean Australiako hegoaldean piztu ziren suteetan. Horrez gain, 750 etxe suntsitu eta 340.000 hektarea erre dira. Hego-ekialdeko Victoria eta Hegoaldeko Gales Berria estatuetan izan da kalte eta biktima gehien, horien artean Melbournen, Victoriako hiriburuan. Hala ere, hildakoak gehiago izango direla uste dute, galduta daudenak ehun inguru direlako eta hainbat sute oraindik itzaltzeko daudelako.
Suteak kontrolatzeko edo itzaltzeko lanetan jarraitu zuten atzo 3.000 suhiltzailek eta armadako soldadu inguruk. Tenperaturak behera egin zuen, eta horrek itzaltze lanak erraztu zituen. Datozen egunetan, berriz, egoerak okerrera egingo duela ohartarazi du Australiako Gobernuak: «Suteen inguruan, okerrena oraindik etortzeko dago». Izan ere, tenperaturak berriro gora egingo duela iragarri dute, eta horri hainbat eremutako lehorteak gehitzen bazaizkio, suak azkar zabalduko direla uste du Canberrako gobernuak. Gainera, suhiltzaileak kezkatuta daude ondorengo egunetan sua hiru jendegune nagusi tara zabal daitekeelako: Hego-ekialdeko Churchill estatura eta ipar-ekialdeko Beechworth eta Taggerty estatuetara.
Eragindakoak
Sutean erretako eremuak «krimen eremu» izendatuko ditu Victoriako Poliziak, nahiz eta eremu horietan hildakorik ez egon. Izan ere, suteetako batzuk nahita eragin dituztela baieztatzeko frogak ditu Poliziak: «Suteetan adituak direnek eta ikertzaileek uste dute nahita eragindakoak direla gertatu diren moduagatik, eta hedatu diren azkartasunagatik». Hegoaldeko Gales Berrian, bi pertsona atxilotu dituzte suak piztea leporatuta; bata 31 urtekoa eta bestea 15ekoa.
Sua azkar hedatu denez, biktimek ihes egiteko oso denbora gutxi izan dute, eta asko hil dira. Besteak beste, gorpu asko autoetan aurkitu dituzte. Hildakoak identifikatzeko lanetan, DNA, txosten medikoak eta argazkiak erabiltzen ari dira. Identifikazio lan horiek luze joko dutela uste du Kefin Rudd Australiako lehen ministroak. Haren ustez, suteak nahita piztu direla frogatzen bada «hilketa masiboa» izango dela dio.
Horrez gain, ihesi joan edo etxerik gabe gelditu diren 5.000 lagun ingururentzat 600 kanpin denda jarri ditu armadak eta giza laguntza ere iristen hasi da. Ihesi joan direnetako askok etxera itzuli nahi izan dute, baina Poliziak ez die baimena eman, horietan hildakorik ez dagoela ziurtatu eta beharrezko froga guztiak hartu bitartean.
Australian ohikoak dira suteak. Hala ere, larunbatean piztutakoek Australiako historiako natur hondamendi handiena eragin dute, John Brumby Victoria estatuko buruzagiaren arabera. Izan ere, 1983. urtean 75 hildako eragin zituen sute bat piztu zen, baina, oraingoan hildakoak askoz gehiago dira. Aurten, Australiako hegoaldean uda garaiarekin batera izaten ari diren tenperatura altuek eta lehorteek sua azkarrago zabaltzea eragin dute.
Bestalde, iparraldean hamar egunez euria egiten aritu ostean, uholdeak dituzte. Horien ondorioz, hiru adingabe galduta daude.
Gutxienez 200 lagun hil dira Australiako hegoaldeko suteetan
Australiako historiako natur hondamendi handiena eragin du suak, eta guztira 750 etxe suntsitu eta 340.000 hektarea erre dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu