Bart gauean 179 pertsona hil dira Hego Korean izan den hegazkin istripu batean. Muan hiriko airerportuan izan da ezbeharra: Boeing 737-800 hegazkin bat pistatik atera da lurreratzekoa zenean, eta segurtasun hesia jo du. Bi lagun atera dituzte bizirik, hegazkinaren atzealdean zihoazen tripulazioko kideak biak.
Hego Korean inoiz izandako hegazkin istripurik handiena izan da. Bangkokeko Suvarnabhumi aireportuan aireratu da hegazkina, eta Hego Korean 09:03a zela izan du istripua. Airekoak 181 lagun zeramatzan: 173 korear, bi thailandiar eta tripulazioko sei kide. Dagoeneko 77 gorpu identifikatu dituzte.
Hego Koreako Garraio ministroak jakinarazi duenez, lur hartzera zihoala hegazkinak hegazti multzo bat jo du, eta, kolpearen ondorioz, ezin izan ditu lurreratzeko gurpilak atera. MBC telebista kateak jaso dituen herritar baten sakelakoaren irudietan ikus daitekeenez, eskuineko motorrean ere izan du kalterik hegazkinak, hegaztiak jota.
Muango kontrol dorretik istripua baino sei minutu lehenago piztu dute alarma, eta, handik minutu batera, hegazkineko pilotuak mayday larrialdi seinalea eman du.
Choi Sang-mok Hego Koreako presidenteak larrialdi bilera batera deitu du, eta erreskatean ahal den guztia egiteko agindu du. 2.800 suhiltzaile, polizia eta soldadu mobilizatu ditu Hego Koreak. Muango aireportuko hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte urtarrilaren 1era arte.