Azaroko protestetan gutxienez 1.500 pertsona hil dira Iranen. Gehienak Poliziak hildako manifestariak dira, horien artean gutxienez 400 emakume eta hamazazpi nerabe. Hala baieztatu diote gobernuko hiru ordezkarik Reuters albiste agentziari. Teherango gobernuak, ordea, ez du hildakoen kopuru ofizialik eman oraindik; kalkulatu dute «ehunka» izan direla hildakoak. Amnesty International giza eskubideen defentsarako erakundeak kaleratutako txosten baten arabera, gutxienez 304 lagun hil dituzte protestetan. Azaroko protestak, beraz, 1979ko Iraultza Islamikoaz geroztik hildako gehien eragin dituztenak izan dira.
Joan den azaroaren 15ean ekin zieten protestei herritarrek, Irango presidente Hassan Rohanik gasolinaren prezioa hirukoiztu egin zuelako, aurretik iragarri ere egin gabe. Manifestazioen abiapuntua hori izan bazen ere, erregimenaren aurka egiteko izan dira protestak. Ez da berria Irango herritarren haserrea. Krisi ekonomiko latza jasaten ari dira, besteak beste, AEBek auzi nuklearraren harira jarritako zigorren ondorioz. Manifestariek Irango buruzagi gorena den aiatola Ali Jameneiren argazkiak erre zituzten protestetan, eta eskatu zuten iraultza aurreko tsarren erregimena itzultzeko.
Izan ere, 1979ko iraultzan boteretik kendu zuten tsarren monarkia, eta Irango Islamiar Errepublika ezarri; hala, aiatolak herrialdeko buruzagitza hartu zuen. Orain, erregimena arriskuan ikusita, Jameneik agindu zuen «behar zen guztia» egiteko protestak gelditu zitezen, gobernuko iturriek Reuters albiste agentziari filtratu diotenez. Hain zuzen, protesten bigarren egunean bildu zen gobernuko goi kargudunekin eta presidentearekin, eta kritikatu egin zuen gobernuak izandako jarrera. «Berehalako erantzun gogorra» eskatu zien gobernuburuei.
Poliziaren errepresioa
Aiatolaren aginduei jarraituta, Polizia manifestariei jazarri zitzaien. AEBetako Estatu Departamentuak ohartarazi du polizien indarkeria erakusten duten protesten bideoak jaso dituztela. Bertan, poliziak manifestarien aurka tiroka ikusten dira, aurrez jakinarazpenik eman gabe. Halaber, irudietan ageri da herritarrek ihes egiten dutela, eta poliziek ibilgailu armatuekin inguratu eta gutxienez 100 manifestari hiltzen dituztela Mahxahr hiriko protestetan.
Gutxienez 1.500 pertsona hil dira Iranen azaroko manifestazioetan
Gobernuko filtrazioen arabera, manifestariak «gogor» erreprimitzeko agindu zuen aiatolak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu