Tanzaniako Poliziak atzo eman zituen datuen arabera, gutxienez 136 pertsona hil dira Victoria aintziran ferry bat hondoratu ostean. Tanzaniako ipar-mendebaldean izan zen ezbeharra herenegun. 40 pertsona inguru bizirik atera dituzte uretatik, eta horietatik 25 ospitalera eraman behar izan dituzte. Hala ere, agintariek atzo adierazi zuten jende asko desagertuta zegoela, eta itotakoak guztira 200 baino gehiago izan zitezkeela. Azken sei urteetan Tanzanian izan den hondoratzerik larriena da.
MV Nyerere itsasontzia Victoria lakuko uretan hondoratu zen ostegun arratsaldean, portura iristeko 50 metro falta zitzaizkiola. Ukerewe eta Ukara irlen arteko bidaia egiten zuen ferryak, eta jende askok egiten duen ibilbidea da egunero. Tokiko hedabideek adierazi dutenez, ontziak gehienez 100 pertsonarentzako lekua bazuen ere, 400 bidaiari inguru zeudela uste da. Hala ere, datu horiek ez dira zehatzak, ezin izan baitute billeteen salmentako makina aurkitu. Tanzaniako Zerbitzu Elektroniko eta Elektromekanikoko Agentziarena zen itsas bidaiaren ardura, baina ez daki zenbat pertsona zeuden ontzian. Irauli zenean, inguruan lanean zebiltzan arrantzaleak joan ziren laguntzera.
Ordu luzez ezin izan zen jakin zein izan zen istripuaren arrazoia. John Kijazi Tanzaniako presidentetzako kabineteko buruak atzo adierazi zuen «gehiegizko pisua» zuelako hondoratu zela ferrya. Lur bazterrera heltzean, bidaiariak aterantz gerturatu zirela eta ontzia irauli zela uste dute. Merkatu eguna zen Bugoloran, Ukereweko hirian. Handik atera zen itsasontzia.
John Mongella Tanzania iparraldeko Mwanza eskualdeko inspektoreak adierazi duenez, bizirik atera dituzten bidaiari batzuk «oso larri daude». John Magufuli Tanzaniako presidenteak «tristura handia» sentitu duela esan du, eta tanzaniarrei «une zail hauetan lasai» egoteko eskatu die. Izan ere, istripuak haserrea eta eztabaida sortu du herrialdean. Chadema oposizioko alderdiak adierazi du gobernuak «arduragabekeriaz» jokatu duela. «Behin baino gehiagotan esan dugu kezkatuta geundela ferry horren baldintza kaskarrengatik, baina gobernuak ez entzunarena egin du», salatu du John Mynka alderdiko idazkari orokorrak. Oposizioko alderdirik indartsuena da. «Beste behin agintarien akatsa» izan dela adierazi du, eta «sorospen ekintza desegokiak eta atzerapenak» kritikatu ditu.
Tanzanian gertatu diren horrelako istripuetan, jende asko hil da ez delako izaten bidaiari guztientzako salbamendu jakarik, eta askok ez dakitelako igeri egiten. Etaontziak, sarritan, ez dira ondo egoten. Halaber, nahiko ohikoa da bidaiari kopurua ez kontatzea.
Ezbeharrik handiena, 1996an
Tanzanian horrelako ezbehar larri bat baino gehiago gertatu dira azken hamarkadetan. 2012an, gutxienez 145 pertsona hil ziren Indiako ozeanoan Zanzibar irlara zihoan ferry bat hondoratzean.2011n, Zanzibarko kostan beste istripu bat izan zen. Ia 200 pertsona hil ziren hondamendi horretan. 1996an, berriz, 800 pertsona baino gehiago hil ziren, MV Bukoba itsasontzia Victoria lakuan iraulita. Azken 100 urteotako ferry istripurik larrienetako bat izan zen. Ugandak, Tanzaniak eta Keniak inguratzen duen lakuan hainbat ezbehar izan dira; urtero ehunka arrantzale hiltzen dira Victoria aintziran izaten diren ekaitz zakarren ondorioz.
Gutxienez 136 pertsona hil dira Tanzanian ferry bat hondoratuta
Agintariek adierazi dute ez dakitela zenbat pertsona zeuden herenegun irauli zen ontzian, eta uste dute itotakoak 200dik gora izan daitezkeela. Oposizioak gobernuari leporatu dio ardura
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu