Cockroach Janta Party Indiako gazte mugimenduak deituta, herritarrak hauteskunde batzordearen aurka protesta egitera deituta zeuden gaur New Delhin. Azken astean herrialdean egindako mobilizazioak masiboak izan direla aintzat hartuta, Poliziak hiriburua blindatu du, 30.000 agente mobilizatu ditu horretarako, eta manifestazio saiakerak blokeatu. Operazio horretan mila pertsona inguru atxilotu ditu.
Atxilotuen artean dago, hain zuzen, mugimendu horretako buru Abhijeet Dipke, zeina hegazkinean bertan atxiki duten, Bombaytik New Delhira iritsi berritan. Oposizioko kide batzuk ere atxilotu dituzte; tartean, New Delhiko eta Bengalako gobernadore ohiak, Arvind Kejriwal eta Mamata Banerjee, hurrenez hurren. Hainbat kazetari daude atxilotuen artean, Kazetariak Babesteko Batzordea nazioarteko erakundeak jakinarazi duenez.
Gazteen mugimendua dago protesten buruan, baina munduko herrialde populatueneko oposizioak ere mobilizazio horiekin bat egin du, iritzita hauteskunde batzordearen azken erabakiak 2027an herrialdeko hainbat estatutan egitekoak diren bozen emaitzei eragingo diela, eta Narendra Modi lehen ministroaren alderdi BJP Bharatiya Janataren mesedetan hartu dutela. Izan ere, udan errolda eguneratu du Indiako Hauteskunde Batzordeak, eta prozesu horretan erroldatik ezabatu dituzte hildakoak, bi aldiz agertzen zirenak, edo, besteak beste, batzordeak eskatutako baldintzak betetzen ez zituztenak. Hori diote iturri ofizialek. Estatu askotan zeresana eman du prozesu horrek, ordea, dozenaka mila lagunek salatu baitute erroldatik ezabatu dituztela.
Hauteskunde batzordeak ukatu egin ditu manipulazio salaketak, eta gauza bera egin du Modiren alderdiak. Gaurko gertakariei dagokienez, BJPk ohar batean esan du mobilizaziorako deiak «porrot» egin duela, eta «indar anarkiko gutxi batzuen» saiakera bat izan dela. Hori bai, Nitin Nabin alderdiko presidentea areago joan da, eta oposizioko lider Rahul Ghandiri eta oposizioko beste kide batzuei egotzi die herrialdea «desegonkortzen» ahalegintzea, «atzerriko indarren» laguntzarekin.
130Â
Hauteskunde erroldatik ezabatutako herritarrak, milioitan. Hauteskunde batzordeak errolda eguneratzeko udan egindako prozesuaren ondorioz, 130 milioi pertsona inguru ezabatu dituzte. 1.480 milioi biztanle ditu Indiak.
Oposizioak eta gazteek ezin izan dituzte hiriburuko kaleak hartu, agintariek mobilizazio masibo bat eragozteko neurriak ezarri baitituzte. Esaterako, Internet eten dute eremu batzuetan, barrikadak altxatu dituzte, hiriaren erdigunea inguratu, dozenaka kamera jarri, trafikoa murrizteko neurriak hartu, metro geltoki asko itxi, eta herritarrei bozgorailuetatik etengabe ohartarazi manifestazioan parte hartuz gero auzitara eramango zituztela.Â
Indiako Gobernuak atzo jada jakinarazi zuen neurri horiek hartuko zituztela. «Gazteriaren beldur bazarete, herrialde osoa itxi», esan zien kazetariei Dipkek, gazteen mugimenduaren liderrak, agintariei erreferentzia eginez. Kontuan hartuz zer neurri hartu dituzten, Indiako Auzitegi Gorenak ebazpen bat kaleratu zuen, eta eskatu zion gobernuari berriro pentsatzeko horiei buruz. «Gauza batzuk prebenitu egin behar dira. Baina horrek ez du esan nahi euli bat hiltzeko mailu bat erabili behar duzunik», azpimarratu zuen Goreneko presidente Surya Kantek.

Cockroach Janta Party maiatzean jarri zuen martxan Dipkek. Modu horretan izendatu zuen mugimendua, Indiako Auzitegi Goreneko presidenteak «labezomorro» deitu baitzien langabezian zeuden gazteei —labezomorro esan nahi du ingelesez cockroach-ek—.
Maiatzetik gaurdaino
Ordutik presio egiten ari da mugimendu hori —ez dago alderdi gisa erregistratuta—. Maiatzean bertan protesta egitera deitu zuen, Medikuntzako gradua ikasteko azterketa batzuetan izandako filtrazioengatik. Bi hilabete geroago, uztail amaieran, Dharmendra Pradhan Hezkuntza ministroak dimisioa eman zuen.
Lehengo astean, indiarrek berriro hartu zituzten kaleak. The Indian Express egunkariak kaleratutakoaren arabera, hauteskunde batzordeko bi kidek gutxienez hamalau idazki aurkeztu zituzten Gyanesh Kumar erakunde horren buruaren kontra, hari leporatuz «legez kanpoko erabakiak» hartzea bozkatzaile batzuk erroldatik ezabatzeko orduan.