Israelgo armadak joan den urriaren 7an Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik urte erdi betetzear den honetan, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak lehen aldiz eskatu du zerrendarako su eten bat. Hilabeteotan hainbat saiakera egin dituzte, eta azkenean gaur jarri dira ados herrialdeen ordezkariak, «berehalako menia bat» exijitzeko «ramadan hilabeterako» —apirilaren 9an amaituko da musulmanen hilabete santua—. Bozketaren ondoren, Antonio Guterres NBEren idazkari nagusiak esan du su etena abian jarri beharra dagoela: «Barkaezina litzateke huts egitea».
Orain arte, NBEren Segurtasun Kontseiluan beto eskubidea duten herrialdeetako batzuek oztopatu egin dute meniari buruzko ebazpen bat onartzea; kasurako, azkenekoz, joan den ostiralean, Errusiak eta Txinak AEB Ameriketako Estatu Batuen testu bat blokeatu zutenean —kontrakoa ere gertatu da hilabeteotan—. Gaur, berriz, hamar herrialdek aurkeztu dute su etenerako deiari buruzko dokumentu bateratua —tartean Aljeria, Japonia eta Hego Korea—, eta hamabost kideetatik hamalauk babestu dute; AEBak, berriz, abstenitu egin dira. Eta segidan, Israelek bertan behera utzi du gobernuaren ordezkaritza bat AEBetara egitekoa zen bidaia ofizial bat, irudituta Washingtonen erabakia «atzerapauso bat» dela.
NBEren Segurtasun Kontseiluak nahi du Gazan borrokak erabat gelditzea, eta, batez ere, hori luzera begira gertatzea, kontseiluaren parte diren estatu kideek eskatu baitute «berehalako menia» horrek «bide ematea su eten iraunkor eta jasangarri bati». Eta, bitarterako, bahitu guztiak «berehala eta baldintzarik gabe askatzea» ere nahi dute. Hori guztia, Aljeriaren NBEko enbaxadore Amar Bendjamak esan duen modura, «odolusteak gehiegi iraun» baitu. Hamasek nabarmendu du, gaur, Israelekin preso trukea egiteko prest dagoela.
The Security Council just approved a long-awaited resolution on Gaza, demanding an immediate ceasefire, and the immediate and unconditional release of all hostages.
— António Guterres (@antonioguterres) March 25, 2024
This resolution must be implemented. Failure would be unforgivable.
AEBen NBErako enbaxadore Linda Thomas-Greenfieldentzat, segurtasun kontseiluak ebazpena onartu izanak esan nahi du «babesa eman» diela Hamasen eta Israelgo Gobernuaren artean bitartekari lanak egiten ari diren herrialdeei —AEBak, Egipto eta Qatar dira— eta horiek bete nahi dituzten helburuei. Hortaz, orain, ikusteko dago gerrako bi aldeek errespetatu egingo duten segurtasun kontseiluak eskaturikoa. Hori gertatzeko, ordea, ados jarri beharko dute; urteotan, gainera, Israelgo Gobernuak askotan ez du errespetatu kontseilu horretatik eskatu diotena, nahiz eta han onarturikoa nazioarteko legedia bilakatzen den.
Edonola ere, gaurko bozketak agerian utzi du, bezperan NBEren idazkari nagusiak berak esan modura, jarrera aldaketak izaten ari direla herrialdeetan Gazarako su etenaren inguruan; eta horren erakusle izan da AEBen abstentzioa bera. Zera esan du Guterresek, bozketaren aurretik: «Hasieran, gure ahotsa bakar samar zegoen, baina orain ikusten ari gara nazioarteko komunitateko geroz eta gehiago gauza bera aitortzen ari direla».
Ebazpenaren inguruan hitz egiteaz gain, Guterresek Gaza iparraldeko egoera humanitarioan jarri du arreta gaur. Haren iritziz, «erabat ezinbestekoa» da zerrendako eremu horretara laguntza «hornidura masiboa» bidaltzea, aintzat harturik, besteak beste, FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak joan den astean ohartarazi zuela balitekeela datorren maiatzerako iristea gosea hara. «Horrek esan nahi du sarrera puntu gehiago ireki behar direla, ahaleginak elkartu egin behar direla, eta Israelek ez duela ez oztoporik ez mugarik izan behar», adierazi du Guterresek.
«Hasieran, gure ahotsa bakar samar zegoen, baina orain ikusten ari gara nazioarteko komunitateko geroz eta gehiago gauza bera aitortzen ari direla [meniari buruz]».
ANTONIO GUTERRESNBEren idazkari nagusia
Eta adierazpenak zeresana eman du beste arrazoi batengatik ere: agerraldi horren aurretik, NBEko beste agentzia batek, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, jakinarazi du Israelek debekatu egin diola elikagai konboiak bidaltzea Gaza iparraldera. Philippe Lazzarini UNRWAko zuzendariak atzo X sare sozialean idatzi zuenez, Tel Avivek ez du onartuko laguntza gehiagorik zerrendako eremu hartarako, eta jada bi egun dira blokeoa indarrean dagoela: «Onartezina da, eta erakusten du nahita ari direla oztopatzen gizakiak eragindako gosete batean biziak salbatu ditzakeen laguntza hori».
Horren ondorioz, UNRWAk espero du jende gehiago hilko dela Gaza iparraldean. 250.000 lagun daude han «harrapatuta», eta, Sam Rose NBEren agentzia horretako Planifikazio zuzendariaren arabera, Israelgo Gobernuaren erabakia «heriotza sententzia bat» da pertsona horien gehiengoarentzat. Zerrendako Osasun Ministerioak ez du kopururik eman goseagatik hil direnen gainean; aldiz, egunero jakinarazten du Israelgo armadak Gazan zenbat lagun hil dituen joan den urriaren 7an erasoa abiatu zuenetik. Azken datuen arabera, 32.300 pertsonatik gora dira —gaur gutxienez beste 50 hil ditu hainbat erasotan—.
Israel, kexu aitortza posibleengatik
Iragan asteko Europar Kontseiluan, Esloveniak, Espainiak, Irlandako Errepublikak eta Maltak jakinarazi zuten Palestinako Estatua aitortzekoak direla. Horregatik, haserre agertu da Israelgo Gobernua, eta Lior Haiat Atzerri Ministerioko bozeramaileak lau herrialde horiek kritikatu ditu gaur, argudiatuta onarpen sorta hori «terrorismoarentzako sari bat» dela.
Europako Batasuneko 27 estatuetatik bederatzik aitortu dute Palestinako Estatua: Bulgariak, Errumaniak, Eslovakiak, Hungariak, Maltak, Poloniak, Suediak, Txekiak eta Ziprek. Gainera, beste hamahiruk bulego diplomatiko bat dute Jerusalem ekialdean edo Ramallahn.