Gustavo Gutierrez hil da, askapenaren teologiaren sortzaileetako bat

96 urte zituela hil da, Liman. Askapenaren teologiak pobreziaren eta bidegabekerien aurka egitea du xede.

Gustavo Gutierrez, artxiboko irudi batean. RAUL GARCIA / EFE
Gustavo Gutierrez, artxiboko irudi batean. RAUL GARCIA / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko urriaren 23a
17:57
Entzun

Gustavo Gutierrez apaiza goizaldean hil da, bere sorterrian, Liman, 96 urte zituela. Askapenaren teologiaren aitatzat daukate hainbatek Gutierrez; izan ere, Askapenaren teologia izeneko liburua argitaratu zuen 1971n. Bertan bildutako ideiek mundu osoan izan zuten eragina, baina Latinoamerikan izan zuten eraginik handiena. Kristautasuna ulertzeko era horrek pobrezian eta bidegabekerietan jartzen du arreta, eta haien aurka borrokatu behar dela esan. Zenbaitek, Elizako hainbat kargu barne, komunistatzat jotzen zuten Gutierrez.

«Inor ez da jaio sufritzeko, zoriontsu izateko baizik» eta «pobrezia gizakiak sortu du, guk jarritako baldintza bat da» idatzi zuen bere liburuan. Eta horiek dira, besteak beste, askapenaren teologiaren ardatzetako bi.

31 urte zituela bihurtu zen apaiz. Horren aurretik, medikuntza eta literatura ikasi zituen Perun, filosofia eta psikologia Belgikan, eta teologia Frantzian. Haren ikasketa eta ekarpen erlijiosoak direla eta, 30 unibertsitatetan baino gehiagotan doktorea zen.

Askapenaren teologiak, baina, kritika anitz izan zituen XX. mende bukaeran, kristautasunaren adar horretako zenbait apaiz Latinoamerikako mugimendu iraultzaileetan borrokatu baitziren; sandinistekin Nikaraguan, esaterako.

Urte luzez tentsioz beteriko harremanak izan zituen Vatikanoarekin bai teologia horrek, bai Gutierrezek berak. Batez ere 1980ko hamarkadan eta Joseph Ratzinger aita santu zenean (2005-2013). Ratzingerrek gogor egin zuen Gutierrezen aurka, haren teologia «marxista» zela argudiatuta. Are gehiago, Gutierrezen ideiek Elizan «matxinadak eta zatiketak» eragiten zituela salatzen zuen. Gutierrezek beti ezeztatu zuen Vatikanoak noizbait askapenaren teologia gaitzetsi zuela. 2015ean, ordea, onartu zuen «elkarrizketa oso kritikoak» izan zituztela. Frantzisko aita santuarekin harremanak hobetu ziren.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.