Mundua

'Gustav' urakanak zazpi hildako eragin ditu Louisianan

Ez dira New Orleans hiriko dikeak hautsi, baina Mississippi ibaiak gainezka egin dezakeela uste dute. 300.000 bizilagunetatik hamar mila baino ez dira geratu hirian, eta bihar arte ez itzultzeko eskatu diete.

2008ko irailaren 2a
09:35
Entzun
Gustav urakanak duela hiru urteko Katrina baino indar txikiagoa izan duen arren, Louisiana estatuan (Ameriketako Estatu Batuak) zazpi pertsonen heriotza eragin du, Mexikoko Golkoan kostaldean. Zazpi haietatik lau lehendik larri zeuden gaixo, eta New Orleans hiriko erietxeetatik ateratzean zendu dira, betiere arduradun publikoen arabera. Beste hirurak, hirian bertan zuhaitzak erori ondoren hil dira.

New Orleansen bertan, baina, Katrina-k baino kalte txikiagoak eragin ditu Gustav-ek. Orduan hiriburuaren hiru laurden urpean geratu ziren. Oraingoan neurriak aldez aurretik hartu zituzten. Hiriko 300.000 bizilagunetatik hamar mila baino ez dira geratu bertan. Etxeratze agindua zuten haiek, gainera, igandeaz geroztik. Horiez gain, zazpi mila polizia ere badaude, hutsik dauden etxeetan eta dendetan lapurretarik egin ez ditzaten.

Urakanak ez ditu hiriko dikeak hautsi eta, beraz, itsasoa ez da askorik sartu, baina Mississippi ibaiak ur asko ekar dezakeela-eta, uholdeak egon daitezkeela uste dute arduradunek. Horretaz gain, ehunka milaka etxe argindarrik gabe daude. Horregatik denagatik, hiritarrei etxera bihar arte ez itzultzeko eskatu diete, badaezpada.

George Bush AEBetako presidenteak Austin-en (Texas, AEB) jarritako larrialdi gune batetik segitu ditu gertaerak.



Adituen arabera, hurrengo orduetan desegingo da urakana, haize boladen indarra galduta. Texas inguruan gertatuko da hori. AEBetara iritsi aurretik, gutxienez 96 hildako eragin ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.