Elisa Loncon. Txileko konstituziogile maputxea

«Gure patua erabakitzea autodeterminazio ariketa politiko bat da»

Elisa Lonconek argi du Txileko konstituzio berriak estatuaren nazioaniztasuna eta maputxeen hizkuntza eskubideak aitor ditzan hautatu dutela. Kargua onartuko lukeen arren, ez luke nahi Biltzarreko presidentetzak zeregin horretatik urruntzea.

ELISA LONCON.
jon ordonez garmendia
2021eko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Txilen, uztailean osatuko dute Biltzar Konstituziogilea, konstituzio berria idazteko. 155 konstituziogileen artean dago Elisa Loncon (Lefweluan, Txile, 1963). Maputxea da, eta herri horrentzat gorde ziren zazpi eserlekuetako baterako hautatu dute. Hizkuntzalaria da, eta mapudungun hizkuntza irakasten du Santiagoko Unibertsitatean.

2019ko urriaz geroztiko mobilizazioetan bandera maputxe asko ikusten da. Jatorrizko nazioen aldarrikapena maputxe ez direnengana ere iritsi da?

Bai. Amerikan espainiarrek inoiz konkistatu ez dituzten nazioetako bat maputxeena da. Hiru mendez saiatu zen, baina ez zuen lortu. Txileko Estatua izan da, duela ez hainbeste denbora, maputxeen lurraldea okupatu eta txikitu duena, 1883ra arte. Baina maputxeek beti mantendu dute bizi sistema propio bat, sistema kolonialaren paraleloan. Nik bi hezkuntza sistema izan ditut: maputxea eta ofiziala. Maputxeen erresistentzia eta kultura ikasten dira. Horrela iraun du maputxeen harrotasunak. Maputxeek ez diote uko egin beren identitateari eta beren eskubideei. Hori ikusi du Txileko herriak, eta 2019ko urriko errebolta hasi zenean bere egin zuen hori. Maputxeen banderak norberaren eskubideen defentsa islatzen du. Herriak beste borroka batzuk bere egin ditu, abandonatuta sentitu denean.

Zuk salatu izan duzu independentzia konkistatzailearen gizartearen mesederako izan zela, eta gizarte horri, gero, Txileko gizarte deitu ziotela. Badago, beraz, orain gizarte horretan maputxeen beste ikuskera bat?

Herrian, bai. Herriak ez dio jaramonik egiten jada ezarritako sistemari. Txile independizatu zenean [1818], Espainiako Erresuma joan egin zen, baina hemen geratu ziren pentsamendu eurozentrikoa eta kristautasuna. Eta mundua ikusteko modu horrekin, jatorrizko herriak baztertu gintuzten, garapenaren kontrakoak bagina bezala; gure pentsamendu guztia sineskeriatzat jo zuten, folkloretzat, eta ez filosofia gisa, ezta errealitatea ikusteko eta aztertzeko paradigma gisa ere. 1990eko hamarkadan ere, bazen oraindik Txilen diktaduratik zetorren demokrazia bat posible zela zioen diskurtso sozial bat. Gu beste posizio batean geunden: esaten genuen ez zela demokraziarik izango maputxeen eskubideak aitortu arte. Zuzenbide estatuak nazio bat eta hizkuntza bat bakarrik aitortzen zituen, eta horrek arrazakeria dakar, desberdina dena azpiratzen baitu.

Konstituzio berriaren gakoetako bat izango da estatuaren kulturartekotasuna eta nazioaniztasuna aitortzea. Inkestek diote txiletar gehienek onartzen dutela kulturartekotasuna. Ez dago hain garbi, ordea, nazioaniztasuna onartuko denik.

Guk espero dugu posible izatea nazioaniztasuna aitortzea, independenteekin bat eginda. Txileko prozesu politikoa beste paradigma batzuetatik irakurri behar da. Politika tradizionalak ezker-eskuin ardatza du, baina mugimendu indigenak eta mugimendu feministak beste gogoeta eta ekarpen batzuk ekarri dituzte. Mugimendu feministak patriarkatua kritikatzen du. Nondik dator patriarkatua? Pentsaera eurozentrikoak, kolonialak ezarri zuen hemen, zeinetan gizon-gizona den subjetu gorena. Mugimendu erradikal edo iraultzaileek ere gizon berria bultzatu zuten, baina gizon-gizona izaten jarraitzen zuen, emakumeaz baliatzen zena. Horregatik, Biltzarreko hautetsi feministek ere nazioaniztasuna ezarri nahi dute.

Zer beste aliatu dauzkazue?

Txileko lurraldeei lotutako independenteak: batzarretako lana defendatzen dute, mugimendu sozialetan oinarritzen dira, eta horiek ere nazioaniztasunaren aldekoak dira.

Alderdi tradizionalen artean, zeintzuk dituzue alde?

Ezkerrekoak, eskubide sozialak eta kolektiboak gehiago zaindu eta borrokatzen dituztelako. Eskuin gogorrak, enpresa sektoreek, ez dute joera hori. Ezkerrak, gainera, diskurtso berriak behar ditu. Kontua ez da soilik klase borroka garatzea; horrek ez die irtenbiderik eman herri indigenen eta emakumeen zapalkuntzei. Birdefinitu egin behar dugu, deskolonizatu, eta guztiak eztabaida honetara gonbidatu.

Nola definituko zenuke nazioaniztasuna?

Konstituzioan nazioaniztasuna ezartzeak esan nahi du onartu egiten direla Txileko estatua edo nazioa sortu aurretik hemen zeuden nazioen eskubideak, euren lurraldeekin, euren hizkuntzekin, euren kulturekin, eta mundua ikusteko euren moduarekin. Gure eskubideak bermatu behar dira, eta horien artean dago beste txiletarrena ez den hizkuntza bat mantentzeko eskubidea, eta normalizatuta egotea. Nik mapudungunez hitz egiten dut eta idazten dut, baina erakundeekiko harremanean behar dugu normalizazioa. Jaio berri den haurra espainieraz erregistratu behar dugu, haurren eskolaratzea ere espainieraz egiten da... dena. Mapudungunak ez du batere baliorik.

Zein da gaur egun mapudungunaren egoera?

Zaila. Soilik maputxeen %10ek hitz egiten dute mapudungunez. Oso haur gutxik egiten dute txikitatik; gurasoek jada espainieraz hitz egiten dutenez, espainiera jasotzen dute ama hizkuntza gisara. Eskolan ez da irakasten; eskolaren batean, pandemiaren aurretik, hiru orduz ematen zuten hizkuntza indigena, baina curriculumaren gainontzeko guztia eta ebaluazioak, dena, espainieraz egiten zen. Hori ez da hezkuntza elebiduna. Hala ere, badira mapudungunez hitz egiten duen jendea, eta badago mapudungunaren aldeko militantzia bat. Gazte kolektibo asko daude mapudungunaren irakaskuntza bultzatzen dutenak, eta batzuk euren guraso edo aitona-amonek galdu zuten hizkuntza berreskuratu dute militantziari esker.


Loncon, bere komuniteateko kideen artean. /

Nolakoa izan da prozesu konstituziogilea maputxeentzat?

Eserleku erreserbatuen sistema gauza berria da Txilen, eta soilik maputxeen parte batek barneratu du. Desinformazio handia egon da, Txileko Gobernuari ez baitzaio interesatzen sistema politikoa hobetzea, jatorrizko nazioen arreta bermatzeko. Hautagaiok telebista publikoan ez genuen espaziorik izan; sare sozialak erabili genituen, baina arrakala digitala handia da komunitate indigenetan eta baztertuetan.

Nolakoa izan zen botoa emateko sistema hori?

Estatuak erregistro bat egin behar izan zuen, hauteskunde errolda bat. Jatorrizko hamar nazio gara, eta bakoitzak bere errolda izan zuen. Maputxeak 1.700.000 gara, baina erroldan 1.060.000 izan ginen. 700.000 maputxe kanpoan geratu ziren, ez zutelako lortu maputxe gisara identifikatzea.

Eta zer egin behar zen identifikatu eta erroldan sartzeko?

Gobernuak bere eskuetan zituen datu baseekin osatu zuen errolda. Hor zeuden, besteak beste, indigena bekak jaso dituzten ikasleak, proiektu txikietarako laguntzak jaso dituzten komunitateak... abizen indigenen zerrenda bat ere baliatu zuten abizen horiek zituztenak identifikatzeko.

Zenbatek eman zuten botoa?

Soilik 240.000 maputxek (%22,8) bozkatu zuten Biltzar Konstituziogilean euren ordezkarientzat gordetako eserlekuen sisteman; besteek ez zuten bozkatu, hainbat arrazoirengatik: desinformazioa, arrazakeria, kolonialismoa... 500 urte dira zapaltzen gaituztela, eta orain maputxe baten alde bozkatu ahal izate hori barneratzea ez da erraza. Belaunaldiz belaunaldi hazi gara jakinda maputxeak garela, baina zer ginen barneratu gabe. Orain, identitatea berreraikitzeko aldarri bat dago.

Eta nola berreraikitzen da hori?

1990ean, Lurralde Guztien Kontseilua izeneko erakundearen bidez, deskolonizazioa eta maputxe identitatea finkatu genituen. Maputxe bandera sortu genuen, buruzagi tradizionalak aldarrikatu genituen, eta lurra berreskuratzen hasi ginen. 1985ean maputxeen urte berria aldarrikatu genuen. Beti erakutsi digute Urteberri eguna urtarrilaren 1ean hasten dela, baina guk beste Urteberri egun bat daukagu, neguan, ekainaren 25ean.

Askotan defendatu duzu eskolan, mapudungunaz gain, maputxeen mundua ikusteko modua ere erakutsi beharko litzatekeela. Nola transmititzen da orain?

Hezkuntza sistematik kanpo eta memoriaren bitartez. Ipuinak, kontakizunak, abestiak, ospakizunak... horien bitartez ikasten dute haurrek maputxeek eskaintzak egiten dizkiotela lurrari, errekaren eta eguzkiaren espirituak ezagutzen dituztela, interakzioa dagoela naturaren espiritualtasunaren eta maputxeen artean... Hori guztia paraleloki ikasten da gure mundu propioan. Eskolak ez du irakasten hori. Hori ez du gobernuak kontrolatzen: gure arteko kodeak dira. Horiek mantentzen dute gure sistema.

Konstituzio berri batekin mundu indigena horren gutxiestea zuzendu ahal izango da?

Bai, irakaslea naiz, gazteak hezten egiten dut lan, kulturartekotasunaren gaia lantzen dut, eta esperantza daukat gizakiaren duintasunean. Ez da etikoa herritarren parte batek natura esplotatzen jarraitzea, biodibertsitatea hiltzea eta jatekoa eta bizi kalitatea kentzea beste herritarrei. Aski esateko garaia da. Naturaren baliabideak ez baditugu orain defendatzen, zer utzi behar diegu gazteei? Errekak eta lurrak lehortzen badira eta basoak soiltzen badituzte, zer mundu utziko dugu etorkizunerako? Une erabakigarri batean gaude, jauzi egiteko garaia da.

Zer aukera emango lizueke eskatzen duzuen autonomia politikoak?

Begira, 2014an hizkuntza eskubideen lege proiektua aurkeztu genuen parlamentuan. Diputatuek jaso zuten, baina ez zuten garatu. Eta nik pentsatzen dut: nola bultzatuko du hizkuntza eskubideen lege proiektu bat indigena ez den eta jatorrizko hizkuntza bateko hiztun ez den diputatu batek? Oso zaila da. Eta hurrengo galdera da: zergatik eskatu behar diogu guk indigena ez den bati erabakitzeko gure hizkuntza eskubideen proiektuaren gainean, guri dagokigun erabaki bat bada? Guk dakigu hizkuntzaren gaia lehentasunezkoa dela, ez diputatuak. Hori gure autodeterminazio ariketa politiko bat da, gure herriaren patua erabakitzeko ariketa.

Eta lurralde autonomiak?

Jabetza kolektiboa ahalbidetuko luke. Pinochetek jabetza kolektibo oro desagerrarazi zuen, eta jabetza indibiduala ezarri zuen. Baina guk kolektiboak diren espazioak dauzkagu: aintzira bat , adibidez, santutegi bat da guretzat. Guk soilik ulertu dezakegu aintzira horrek arima bat duela. Leku horiek autonomoak izan behar dute eta komunitatearen eskura egon behar dute, ospakizunak egiteko, hor bizitzeko. Lurraldea behar dugu bizi ahal izateko, eta autonomia behar dugu lurraldeari zentzua emateko.

Prozesu konstituziogileak konpondu al dezake karabineroen eta maputxeen arteko gatazka?

Konstituzioak maputxeak eta haien eskubideak onartzen baditu, jatorrizko nazioekiko tratuak ere aldatu egin beharko luke. Karabineroenaren gisako erakundeak aldatzeko, gure ezagutzak, balioak eta hizkuntza txertatu behar dizkiegu. Kulturartekotasunak esan nahi du Txileko gizarteak ere ikasi beharko duela garaituen eta azpiratuen historia, horrek behar baitu gehien ezagutza hori. Ezagutzarik ez dutenez, astakeriak esaten dituzte.

Konstituziogile gisara, zer ekarpen egitea espero duzu?

Ni hautatua izan naizen komunitateko maputxeen ordezkari naiz, ez denena, eta horiek eman didaten agindua betetzea dut helburu: maputxe nazioaren autonomia eta autodeterminazioa defendatzea, hizkuntza eskubideak aitortzea eta maputxeen eta maputxe ez direnen arteko printzipio gisara kulturartekotasuna ezartzea.

Wüñoy tripantü Urteberri eguna duzue ostiralean. Zer eskatzen diozu urte berriari?

Lurra, gizartea eta gu berritzea. Gure pentsamenduak, energia, argitasuna eta besteak ulertzeko modua ere bai. Berritze horretan itxaropen handia dut, bihozberagoak bihurtu gaitzake eta. Bizitza defendatu behar dugu, osasuna, elikadura, hezkuntza, elkarbizitza baketsua, ogi pusketa batengatik borrokatu behar ez izatea.

Indigena eta emakumea izanik, batzuek zure izena aipatu duteBiltzarreko presidente izateko. Onartuko zenuke izendapena?

Kar-kar... Bai, izan dut horren berri. Jendeak hori proposatzeko eskubide osoa dauka. Ohore handiz onartuko nuke, gure herria askotan ukatu dutelako eta errekonozimendua litzatekeelako. Baina nire ustez ez da hori konstituziogile batek egin dezakeen ekarpenik handiena. Are gehiago: presidenteak kontsentsua defendatu behar du, eta nire eginbeharra orain beste bat da; argitasuna behar dut etor daitekeenari aurre egiteko, eta ez nuke nahi kargu batek itzala egitea borroka horri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.