Errusiak Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik lau hilabete bete diren honetan, lehendik larri zegoen munduko elikadura segurtasuna are gehiago larritu da; izan ere, Ukrainako portuetan blokeatuta daude hogei milioi tona zereal baino gehiago, ez aurrera ez atzera, eta egoera horrek elikagaien hornidura eta munduko milioika pertsonaren bizitzak arriskuan jarri ditu, are gehiago. «Ukrainako portuak ez irekitzea munduko elikagai segurtasunaren aurkako gerra deklarazioa da», laburbildu zuen, iragan hilabetean, MEP Munduko Elikadura Programako zuzendari David Beasleyk.
Ukraina lehengaietan aberatsa da, hots, 400 milioi pertsonarentzako elikagaiak ekoizten dituzte bertako nekazaritzako industria enpresek, MEPen arabera. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen arabera, Ukrainak mundu osoko ekilore olioaren %42 esportatzen du urtean batez beste; artoaren %16; garagarraren %10; eta gariaren %9. Horiek horrela, munduko zenbait herrialdek neurri handi batean Ukrainako lehengaien menpekotasuna dute; Moldaviak gariaren %92 inportatzen du handik; Libanok, %81; Qatarrek, %69, Tunisiak, %49; Libiak eta Pakistanek, %48; Palestinak, heren bat.
Herrialde horiei ez ezik, Ukrainako lehengaien blokeoa bete-betean eragiten ari zaio MEPi ere, 84 herrialdetako 44 milioi laguni laguntzen dien NBE Nazio Batuen Erakundeko entitaterik handienari; gariaren %40 erosi zion Europako herrialderik handienetan bigarrenari. Gainera, horniduraren etenagatik, erregaiaren eta garraioaren prezioak izugarri puztu dira; Ukrainako gerra hasi zenetik, MEPi kostu operatiboak hilero 67 milioi euro garestitu zaizkio, eta, ondorioz, muturreko murrizketak egin behar izan ditu elikadura programetan, hala nola errazioak murriztuz.
Etiopian, Kenyan, Hego Sudanen eta Ugandan bizi diren errefuxiatuek sufritzen dute gehienelikagai errazioen murrizketengatik. Joan den hilean, Yemenen, esaterako, MEPek zortzi milioi pertsonara murriztu behar izan zituzten errazioak. «Hori gutxiez, eta herrialde askotan, behartuta gaude goseak jota dauden haurrei janaria kentzera, gosez hiltzen ari diren haurrei emateko», azaldu zuen Besleyk. NBEko erakundeak ohartarazi duenez, premiazko ekintzarik baliatu ezean, munduko familiarik pobreenek gerraren ondoriorik latzenak jasango dituzte, Ukrainako Itsaso Beltzerako irteerek itxita jarraitzen duten bitartean; zehazki, gerra hasi baino lehen, herrialdearen esportazioen %90 itsasoz ateratzen zuten.
MEPek zenbaki deigarriak bezain kezkagarriak plazaratu ditu: Egun, 811 milioi lagun daude goseteak jota. Horietatik 276 milioi elikagai faltan geratzeko zorian daude; COVID-19aren aurretik, 135 milioi pertsona zeuden, eta 2017an, 80 milioi. Horietatik 43 herrialdetako 49 milioi lagun goseak jota egoteko zorian daude.
UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria arabera, errefuxiatuen eta asilo eskatzaileen %67k elikadura krisia pairatzen ari diren herrialdetatik ihes egin zuten iaz. Ukrainatik, berriz, jada zortzi milioi lagunek alde egin dute otsailaren 24az geroztik, eta elikagai faltak milioika pertsona gehiago emigratzera bultza ditzakeela ohartarazi du MEPek. Hori aski ez, eta 2023rako, elikagaien eskuragarritasun arazoa are handiagoa izango dela aurreikusi du.
«Ukrainan funtsezkoa da etxaldeak, trenak eta itsasontziak berriro martxan jartzea», esan du Beasleyk, eta eskatu munduko liderrek biziak salbatzeko berehalako neurriak har ditzatela eskatu: «Hil edo biziko egoeran gaude. Mundua sutan dago. Irtenbideak baditugu. Bada, erreakzionatu beharra daukagu, baina orain».
AEBak, Errusiari begira
Herrialde azpigaratuak bakarrik ez, Mendebaldeko potentziak ere nozitzen ari dira Ukrainako blokeoaren albo kalteak. AEBak zuhurtziaz bultzatzen ari dira herrialdeko nekazaritza eta garraio enpresek Errusiako ongarri gehiago eros eta garraia ditzaten; izan ere, Mendebaldeak ezarritako zigorren eraginez, hornitzaile asko amildu egin dira, elikagaien munduko kostuen zurrunbiloa are gehiago handituz.
Mendebaldeko agintariek Kremlini egotzi diote elikagaiak «arma gisa» erabiltzea, Ukrainari esportatzea «galarazi» diola eta. Errusiak, aldiz, ukatu egin du hori, baita Ukrainako portuei eraso egin diela ere. Hain zuzen, esportazioen etenen errua AEBek eta beren aliatuek inbasioagatik ezarritako zigorrei leporatu die Moskuk. Errusiako ongarrien esportazioak %24 jaitsi dira aurten.
Mendebaldeak duen erronka da Errusiaren inbasioak eragindako presioari aurre egitea, baina baita munduko ekonomiaren albo kalteak eragoztea ere, hein handi batean Errusiako lehengaien horniduraren pean baitago, gas naturaletik eta petroliotik hasi, eta ongarri eta zerealetaraino.
Nahiz eta Errusiak esan zigorren eraginez aleen esportazioak geldiarazten ari direla, aurtengo sasoiko bidalketak %14 baino ez dira apaldu; aldiz, gariaren esportazioak bikoiztu egin zituen maiatzean, Errusiako Zerealen Federazioaren arabera.
Bitartean, arazoa konpontzeko elkarrizketak motel doaz. Errusiako presidente Vladimir Putinek Ukrainari egotzi dio sortutako krisia, eta Kremlinek Kievi eskatu dio bere portuetatik minak kentzeko. Ukrainak, baina, ez du nahi bere segurtasuna arriskuan jarri, portuen defentsa ahulduko litzatekeela argudiatuta.
Errusiak Turkiaren babesa lortu du Mendebaldeak ezarritako zigorrak arintzeko, baina Ankararen ahaleginek orain arte ez dute fruiturik eman. Ukrainako lehengaiak trenez Europako Batasuneko kide diren herrialdetara bidaltzeko ahaleginak hutsalak izan dira, trenbidearen zabalera ezberdinak eta beste arazo logistiko batzuk gorabehera.
Gerra Ukrainan. Gosetea
Gudaren muturreko ondorioak
Ukrainako lehengaiak esportatzeko blokeoak ataka larrian jarri ditu milioika lagun. Baita MEP erakundea ere: «Elikagai segurtasunaren aurkako gerra deklarazioa da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu