Semilla mugimenduak asteartean hartu zuen kolpeari azkena eman zion atzo Guatemalako Kongresuak: alderdiko diputatuak independente gisa aitortu zituen. Horrek esan nahi du alderdiko diputatuak eserleku independenteen parte izango direla Kongresuan, eta alderdiak ezin izango duela talde politiko gisa bloke legegile bakar bat osatu. Guatemalako Herritarren Erregistroak —Goreneko organo bat— herenegun mugimendua «behin-behinean» legez kanpo utzi ondoren iritsi da erabakia.
Neurriak haserrea eragin du. Kongresuko Zuzendaritza Taldearen aurkako salaketa aurkeztu dute gaur Guatemalako presidente hautatuaren alderdiko diputatuek. Auzitegi Konstituzionalean aurkeztu dute salaketa, «agintekeriagatik». Ezkerreko mugimenduaren arabera, «erabat baliogabeak» dira asteon jaso dituzten zigorrak. «Aldeko ebazpena izatea espero dugu, jazarpen politiko hau behingoz amaitu dadin», esan du alderdiko diputatu Samuel Perez Alvarezek. Kongresuko Zuzendaritza Taldeak, ordea, berretsi du legeak ezarritakoa bete baino ez dutela egin. «Semilla mugimendua bertan behera uzteko agindua eman zuen zazpigarren epaileak».
Ikusi gehiago:Guatemalako presidente hautatuaren alderdia, legez kanpo behin-behinean
Hain justu, Fredy Orellana epaileak uztailaren 12an emandako agindu judizial bati erantzunez hartu dituzte erabaki horiek Guatemalako Herritarren Erregistroak eta Kongresuko Zuzendaritza Taldeak. 2017 eta 2018 artean sinadura faltsuak biltzea leporatzen diote alderdiari. Fiskaltzaren arabera, hemezortzi hildakoren izenak ageri ziren alderdiko afiliatuen milaka sinaduren zerrendan, eta beste 319k ez zuten identifikazio agiririk. Horrez gain, bildu beharreko sinadurengatik 175.000 quetzal inguru (20.200 euro inguru) ordaintzea egozten diote ezkerreko mugimenduari, baita dirua eta beste aktibo batzuk zuritzea ere.
Zapore gazi-gozoa
Botoen %61 lortuta, Semilla mugimendua gailendu zen joan den asteko Guatemalako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian. Hauteskunde Auzitegi Gorenak baliozkotzat jo zituen bozak, eta alderdiko buru Bernardo Arevalori eman zion presidente hautatuaren kargua. Baina Guatemalako Herritarren Erregistroak mugimendua legez kanpo utzia zuen ordurako.
Arevalok irmo adierazi zuen orduan «ezerk» ezin duela legez eragotzi hark 2024ko urtarrilaren 14an kargua hartzea. Baina egunotako erabakiek bestelako paisaia bat margotu dute. Oraingoz, Guatemalako Herritarren Erregistroaren ebazpenaren aurkako helegite bat, babes errekurtso bat —Goreneko bigarren aretoan aurkeztutakoa—, eta Kongresuko Zuzendaritza Taldearen aurkako salaketa bat jarri ditu ezkerreko mugimenduak.
Baina, bien bitartean, bere horretan jarraitzen du mugimendu aurrerakoiaren aurka abiatutako ikerketak, eta ikusteko dago Hauteskunde Auzitegi Gorenak alderdia bertan behera uzteko ebazpena berresten duen edo atzera botatzen duen.