Guatemalak karabana desegin du indarrez, eta deportazioak hasi ditu

Sei mila migratzaile inguru sakabanatu dituzte poliziek eta militarrek, AEBetara bidean daudela. Hondurasek estatuko indarren abusuak ikertzeko eskatu dio herrialde mugakideari

Guatemalako poliziak eta militarrak Hondurastik abiatu zen karabanako migratzaileak jotzen, igandean, Vado Hondo herriaren pareko errepidean, mugatik 30 bat kilometrora. ESTEBAN BIBA / EFE.
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hondurastik joan den astean abiatu zen eta AEBetara iristea helburu duen giza karabana bortizki eten du Guatemalak. Poliziak eta armadak migratzaileak inguratu zituzten herenegun, herrialdearen ekialdeko Chiquimula departamenduan, errepidean oinez zihoazela. Estatuko indarrek bidea moztu zieten, atzera egitera behartu zituzten, haien kontra oldartu ziren. Negar gasa jaurti zioten jende oldeari, eta makila kolpez zauritu zituzten hesia gainditzen saiatu zirenak; atzo, berriz, karabana desegin zuten. Batzuek inguru malkarreko muinoetan gora egin zuten, Poliziari izkin egin eta Mexikorantz jarraitzeko ahaleginean. Hondurasko Gobernuak polizien eta militarren abusuak ikertzeko eskatu dio Guatemalari.

Datu ofizialen arabera, 9.000 lagun inguru bildu ditu karabanak, eta horietatik 6.000 egon dira Chiquimulako Vado Hondo herriaren parean, errepidean pilatuta; ez atzera, ez aurrera. Aurrera ezin, Guatemalako indarrek argi esan dietelako, hitzez eta ekintzaz, ez dietela pasatzen utziko. Atzera egiteko ere aukerarik ez, migratzaileek desesperazioz adierazi dutenez, pobreziatik eta indarkeriatik ihesi utzi dituztelako beren herriak. Hondurasko egoera ekonomiko makurra are okerrago utzi dute, gainera, COVID-19aren pandemiak eta azaroan Erdialdeko Amerika jo zuten Eta eta Iota urakanek. «Jarraitzen uzten diguten arte eutsiko diogu. Bidea zabaltzea nahi dugu bakarrik: ez gara Guatemalan geldituko. Gure helburua AEBetara iristea da», azaldu zion Dixon Vazquezek karabanatik HonduraskoLa Prensa egunkariari.

Guatemalako Gobernuak, baina, beren herrialdera itzultzeko eskatu die migratzaileei, eta deportazioak egiten hasia dela jakinarazi du. Migrazio Institutuaren arabera, 1.300 migratzaile baino gehiago itzuli ditu behartuta Hondurasera. Horietatik 192 adin txikikoak dira.

5.000 kilometroko ibilbidea

Guatemala ekialdean dauden Hondurasko milaka herritarrek joan den astean hasi zuten AEBetarako bidea, Honduras iparraldeko San Sula hiriko autobus geltokitik. Asteazkenean, ostegunean eta ostiralean irten ziren, hainbat taldetan. Honduras eta Guatemala arteko muga zeharkatu zuten, ostiralean eta larunbatean, El Floridoko pasabidean Poliziak ezarria zuen blokeoa gaindituta.

Guatemala alderik alde zeharkatu nahi dute orain, eta Mexikoko mugara iritsi, herrialdearen hego-mendebaldean dagoen Tecun Uman hiriko pasabidera. 450 kilometroko zeharkaldia egin beharko dute horretarako, eta 5.000 kilometrokoa, orotara, AEBetara iristeko.

Mexikok ere karabanaren kontra egingo duela iragarria du, ordea. «Arautu gabeko migrazioa» eragozteko konpromisoa agertu du, eta Hondurasko Gobernuari dei egin dio bere lurraldetik migratzaile karabana gehiago irten dadila eragozteko neurriak hartzera. Gauza bera eskatu dio Guatemalak ere.

Mexikoko Atzerri Ministerioak Guatemalaren jokabide «irmo eta arduratsua» goraipatu du. Haren esanetan, Mexiko ez da axolagabea herritarrak karabanetan bizitza arriskuan jartzera bultzatzen dituzten baldintzekiko, baina «migrazio eskema seguruak» behar dira, haren iritziz, herritar horiei «arreta eraginkorra» bermatzeko. Manuel Lopez Obradorren gobernuak Guardia Nazionala bidali du Guatemalarekin duen mugara, migratzaileei herrialdean sartzea eragozteko.

Joe Biden AEBetako presidente hautatuak agintea hartu baino egun batzuk lehenago abiatu zenkarabana Hondurastik —bihar hartuko du presidente kargua Bidenek—. Donald Trump jarduneko presidentearenen aldean, migratzaileentzat politika malguagoak hitzeman ditu agintari demokratak.

Guatemalak beste karabana bat itzularazi zuen iazko urrian Hondurasera, 4.000 lagun ingurukoa. Orduan argudiatu zuen migratzaileek COVID-19a kutsatzeko arriskua handitzen zutela eta gobernuak legezko migrazioa babesten duela. 2018ko urriaz geroztik, dozena bat karabana abiatu dira. Gehienek ez dute lortu AEBetako mugaraino iristea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.