GUATEMALA . Salbamendu lanak eten dituzte hainbat herritan

Jarri dituzten salaketen arabera, 3.000 lagun egon daitezke desagertuta; beste 133 gorpu aurkitu dituzte eta hildakoak 652 dira dagoeneko

ERREDAKZIOA
2005eko urriaren 11
00:00
Entzun
Salbamendu taldeek 133 gorpu aurkitu zituzten atzo Guatemalako mendebaldeko komunitate indigena batean. Aurkitutako gorpu horiek batuta, datu ofizialen arabera, 652 dira dagoeneko Stan ekaitz tropikalaren ondorioz hildakoak. Hondamendiak Gutxitzeko Koordinadora Nazionalaren arabera, gorpuak Tacanan aurkitu zituzten. Guatemala hiriburutik 280 kilometrora dagoen komunitate bat da Tacana eta Mexikorekin egiten du muga. Desagertuak ere milaka dira Guatemalan. Hainbat iturrik diotenez, 3.000 lagun egon daitezke desagertuta. Zenbait lekutan, gainera, salbamendu lanak bertan behera utzi dituzte egoera larria dela eta.«Zoritxarrez, orain arte ezin izan dugu haraino ailegatu. Errepideetako amiltzeek eta eguraldi txarrak eragotzi egin dute. Gorpuak lurperatuta geratu dira eta etxebizitzak suntsitu egin dira». Joan den ostiralean 150 gorpu topatu zituzten leku berean.

Datu ofizialen arabera, 384 lagun daude desagertuta Guatemalan. Hala ere, baina, hainbat iturrik jakinarazi dutenez, datua askoz handiagoa izan daiteke. Jendeak egin dituen salaketak kontuan izanez gero, 3.000 pertsona baino gehiago egon daitezke lokatzaren azpian lurperatuta.

90 herri daude bakartuta

Agintariek onartu zutenez, «oso zaila» izango da Stan-ek eragindako hildakoen kopurua zehaztea. Hala ere, Mitch urakanak eragindako hondamendia baino handiagoa izan dela ziurtatu zuten. Mitch urakanak 268 hildako eta 700.000 kaltetu eragin zituen 1998an.

Panabaj herri indigena joan den astean lokatzez estalita geratu zen. Agintarien ustez, 3.000 lagun geratu ziren lurpean harrapatuta. Herenegun, hilerri izendatu zuten tokiko agintariek. Salbamendu lanak bertan behera geratu ziren Panabajen larunbat gauean. Batetik, salbamendu taldeak falta ziren lanean aritzeko. Bestetik, agintariak beldur dira gorpuek ez ote duten izurrite bat eragingo. Osasun arduradunak atzo iristekoak ziren Panabajera; bat-bateko hilerria ixteko lana koordinatzeko. Eduardo Stein Guatemalako presidenteordearen arabera, gutxienez 90 herri daude bakartuta.Hondamendiak Gutxitzeko Koordinadora Nazionalak kaleratutako datu ofizialen arabera, 130.139 lagunek jasan dituzte zuzenean ekaitzaren ondorioak. 89.675 kaltetu daude prestatu dituzten 280 aterpeetan babestuta. Elizak, parkeak, eraikuntza publikoak, zentro militarrak eta abar aterpetxe bilakatu dituzte. Babesleku horietan pilatzen dituzte guatemalarrek emandako elikagaiak, sendagaiak, ur edangarria, arropa eta koltxoiak, besteak beste. Steinek behin eta berriz eskertu zien Guatemalako herritarrei euren «berebiziko portaera prestua». Presidenteordeak ziurtatu zuenez, ekaitzak kaltetutakoen kopurua 3,5 milioitik gorakoa izan daiteke. Gune askotan oinarrizko zerbitzuak falta dira; ura eta energia, besteak beste. Steinek azaldu zuenez, kamioientzako erregai eskasia oztopo nabarmena izan da ekaitz tropikalak kaltetutako mendebaldeko guneetara laguntza bideratzeko. Komunikazio Ministerioaren arabera, Stan ekaitz tropikalak kalte ekonomikoak ere eragin ditu. Nekazaritzan izandako kalteak 518 milioi dolar ingurukoak izan dira eta errepide zati handiak hondatuta daude hainbat lekutan. Oscar Berger presidenteak hiru eguneko dolua ezarri zuen atzo, Stanek eragindako hondamendia zela eta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.