Migrazioa

Guardia Zibilaren ontzi batek Melillara heldu nahian zebiltzan lau migratzaile harrapatu ditu, nahita

Uretara bota dute haietako bat, baina, Espainiako Gobernuaren arabera, onik daude laurak, atxilotuta. Pedro Sanchez Afrikara joan da gaur, migratzaileen aferaz jardutera.

Guardia Zibila migratzaileen ontzia harrapatzen, igandean, Melillan. BERRIA
Paulo Ostolaza.
2024ko abuztuaren 27a
12:10
Entzun

Zeresana ematen ari da Guardia Zibilaren ontzi batek Melillako (Espainia) kosta parean egindakoak. Sare sozialetan bolo-bolo dabil bideoa: han ikusten denez, guardia zibilek nahita harrapatu zuten lau migratzaile zeramatzan ontzia, eta uretara bota zuten haietako bat. Hasieran, Marokoko Giza Eskubideen Elkarteak zabaldu zuen litekeena zela migratzaileetako bat hil izana, baina azken orduetan baieztatu dute laurak bizirik daudela, atxilotuta. Hala ere, elkarteak eskatu du ikertu dadila zer gertatu den.

Igandean harrapatu zituzten migratzaileak, 16:00 aldera, Melillako Horcas Coloradas hondartzaren parean. Guardia Zibilak eta Espainiako Gobernuak Melillan duen ordezkaritzak adierazi dutenez, operazioak ez zuen zauriturik eragin eta migratzaileak artatu egin zituzten behin atzemanda.

Dena den, bideoak argi erakusten du Guardia Zibilak nahita harrapatu zuela kostara heldu nahian zebilen ontzia, arrisku handiko maniobra bat eginda. Ontziaren gainetik pasatu, eta uretara bota zuen migratzaileetako bat.

Horrek, ezinbestean, gaitzespen mezuak eragin ditu sareetan. Erabiltzaile askok gogoan izan dute 2022. urtean Barbaten (Espainia) gertatutakoa, eta Melillakoari trataera bera ematea galdegin dute. Orduko hartan, droga trafikoan zebilen barku batek Guardia Zibilaren ontzi bat harrapatu zuen, eta bi polizia hil. Eguesibarren (Nafarroa) bizi zen hil zuten guardia zibil horietako bat. Erasoaren ostean, bost lagun atxilotu zituzten.

Migratzaileak Melillara itsasoz heltzen saiatzea ez da arraroa: larunbatean, Guardia Zibilak 11 lagun atxilotu zituen Melillan, kostara iristea lortu eta berehala. Badira Espainia eta Maroko bereizten dituen hesia gurutzatzen ahalegintzen direnak ere. Guardia Zibilak eta Marokoko Poliziak 2022. urteko ekainean egin zuten han azken urteetako sarraskirik larriena: muga pasatu nahian zebiltzan 1.500 migratzaileren aurka oldartu, eta 37 pertsona hil zituzten, GKE gobernuz kanpoko erakundeen datuen arabera.

Sanchez Afrikan

Espainiako segurtasun indarrek migratzaileekin duten jokabidea ezbaian dagoen honetan, Afrikara joan da gaur Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Helburu du Kanaria uharteetara iristen ari diren milaka migratzaileen jatorriko herrialdeekin aferaz jardutea, eta elkarlana sustatzea. Besteak beste, Gambian, Mauritanian eta Senegalen izango da datozen egunetan.

Fernando Clavijo Kanaria Uharteetako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa, pasa den ostiralean. LUIS G MORERA / EFE
Fernando Clavijo Kanaria uharteetako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiakoa, ostiralean. LUIS G MORERA / EFE

Ez da herrialde horietara bidaiatzen duen lehen aldia, duela zazpi hilabete ere izan baitzen Gambian eta Mauritanian, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidentearekin batera. Jose Manuel Albares Atzerri ministroa ere Gambian eta Senegalen izan zen ekainean, eta Yolanda Diaz presidenteordeak ere bisitatu du Senegal.

Bidaia horietan adostu dute lankidetzan aritzea Kanarietara migratzaile gutxiago heltzeko pateretan, eta Espainiak iragarri du zenbait diru laguntza jarriko dituela: 300 milioi emango dizkio Mauritaniari, eta 180 Gambiari eta Senegali. Gobernuaren arabera, diru horrek modua emango du Espainiako enpresek herrialde horietan dituzten inbertsioak sustatzeko, baita garapen proiektuak aurrera eramateko ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.