Esquerra Republicanak (ERC) eta PSOEk Kataluniako prozesu independentistari begirako amnistia lege bat adostu eta biharamunean, Guardia Zibilak txosten bat bidali du Espainiako Auzitegi Nazionalera, , eta, hartan, ERCko idazkari nagusi Marta Rovira Tsunami Demokratikoaren buruzagitzarekin lotzen dute. Guardia Zibilak Rovirari egozten dio desobedientzia zibilerako plataformaren «koordinatzaile politikoa» izatea, eta harentzat erakundeen babesa lortzeko jardutea. Katalunian izan ziren protestak ikertzen ari den epaileari bidali dio txostena Espainiako indar armatuak, buruzagi independentisten kontrako epaiaren harira. Auzitegi Nazionala «terrorismo» delituekin lotuta ikertzen ari da mobilizazio horiek.
ERCko idazkari nagusia erbesteratuta dago 2017ko urriaz geroztik, eta Genevan bizi da 2018ko udatik. Espainiako Gobernuak iaz Zigor Kodean bultzatu zuen erreformaren ondotik, Rovirak ez zuen Kataluniako prozesuagatik inolako auzirik Espainian. Sedizio delitua leporatu zion Auzitegi Gorenak, eta Zigor Kodearen erreformak delitu hori ezabatu zuen. Dena den, ERCko buruzagiak atzeratu egin du Kataluniara itzultzeko erabakia, bere izena agertzen delako Guardia Zibilak Tsunami Demokratikoaren auzirako aurretik aurkeztua zuen txosten batean, eta auzi hori «terrorismo» delituekin lotzen duelako Auzitegi Nazionalak.
Guardia Zibilaren txotena hainbat hedabidetara filtratu da, hain justu, PSOEk ERCrekin akordio bat itxi eta biharamunean, Espainiako jarduneko presidente Pedro Sanchezen inbestidura babesteko eta haren gobernuari egonkortasuna emateko. PSOEk eta Juntsek ez dute akordioa egin oraindik, eta negoziazioetan murgilduta daude.
Bestalde, Auzitegi Nazionalak jakinarazi du amaitutzat jo duela Guardia Zibilaren Judas operaziotik eratorritako sumarioa, eta ahozko epaiketa ireki du CDR Errepublikaren defentsarako batzordeetako hamabi ekintzaileren aurka, «terrorismo» delituengatik. Zehazki, egozten die erakunde «terrorista» bateko kide izatea eta lehergailuetarako substantziak eta gailuak gordetzea eta ekoiztea.
Guardia Zibilak 2019ko irailaren 23an egin zuen CDRen kontrako operazioa, Auzitegi Gorenak buruzagi independentisten kontrako epaia eman baino hiru aste lehenago.