Atxiloketa arbitrarioei buruzko Nazio Batuen lantaldeak, NBEko bertako hiru kontalari berezik eta CIDH Amerikarteko Giza Eskubideen Batzordeak «urrats zehatzak» eskatu dizkiote Barack Obamari, Guantanamo ixteko eta base militarreko kartzelan presoak egiten ari diren gose greba ikertu ahal izateko.
AEBetako presidenteak 2008an agindu zuen, hauteskundeak irabazi berritan, Guantanamoko kartzela berezia itxi egingo zuela. Lehen agintaldian ez zuen halakorik egin, eta bigarrenean ere ahaztuxea izan du auzia; asteartean, baina, bilera txanda bat iragarri zuen kongresukideekin, Guantanamo ixteko aukerak aztertzeko. Eta berehalakoan egin diote «dei berezi bat» AEBetako presidenteari NBEtik eta CIDHtik, «Guantanamoko atxilotuen bizitza, osasuna eta osotasuna errespetatu eta bermatzeko, bereziki gaur egungo gose grebaren testuinguruan».
Kubako lurretan dagoen base militarrean 166 borrokalari etsai dauzkate preso, eta horietarik 100 gose greban daude. Pentagonoak onartu du 20 gose grebalari indarrez elikatzen ari direla eta bost ospitalean dauzkatela.
86 preso noiz askatuko zain
Guantanamoko kartzela ixteko urratsak zehaztu bitartean, gose greban diren presoen egoera ikertu nahi dute. Eta AEBetako Gobernuak berak oniritzia emanda daukan 86 presoren askatzea eta lekualdatzea «azkartzeko» eskatu dute. Halaber, premiazkotzat jo dute atxilotuen auzipetzea behar den bermeekin egitea edo horiek hirugarren herrialderen batera aldatzea.
Hamid Karzai Afganistango presidenteak, hain zuzen, Guantanamon preso dauzkaten afganiarrak askatu eta herrialdera bidaltzeko eskatu zien atzo AEBei.
Morris Davis jeneralak, bestalde, sinadura bilketa bat hasi du Interneten, Obamari Guantanamoko kartzela ixteko promesa bete dezala eskatzeko. Guantanamoko auzi militarretan fiskalburu jardun zuen Davisek 2005 eta 2008 artean. Egun bakar batean, 75.000 sinadura jaso ditu.
Guantanamo itxi eta gose greba ikertzeko eskatu diote AEBetako Gobernuari
Prozesu militarretan fiskalburu jardun zuena sinadurak biltzen ari da, Obamak kartzela ixteko promesa bete dezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu