Aurreneko agintaldian egindako promesa betetzeko konpromisoa hartu du Barack Obamak bigarrena amaitzear dagoenean. AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bozak irabazitakoan aurkeztutako egitasmoa —agindu exekutiboa sinatu zuen—, mahai gainean jarri du berriz, zortzi urteko agintaldia bukatzear dagoenean, hain zuzen ere: «Guantanamo ixteak gure historiaren kapitulu bat ixtea dakar, eta horretarako garaia iritsi da».
Alderdi Errepublikanoak, baina, jada aurreratu du boikotatu egingo duela plana. Paul Ryan Ordezkarien Ganberako presidenteak egin du iragarpena: «Ez dugu segurtasun nazionala arriskuan jarriko kanpainan egindako promesa batengatik». Obamak Guantanamo itxiko zuela agindu bazuen ere, beti aurkitu du jarrera hertsia errepublikanoengan—Ordezkarien Ganberan gehiengoa dute—. Haien argudioa da presoak aske utziz gero «talde terroristekin» bat egingo dutela, bereziki, EI Estatu Islamikoarekin.
Obamak Joe Biden eta Ashton Carter alboan zituela egin zuen agerraldia, hain zuzen, presondegia ixteko proposamena egiteko azken egunean. Obamak, beraz, epearen azken-azkenean aurkeztu dio plana Kongresuari. Guantanamo «behingoz» itxi behar dela adierazi du, eta argudiatu «terrorismoaren kontrako borrokari kalte» egiten diola eta presondegia zabalik mantentzea «printzipio estatubatuarren kontrakoa» dela. Harago ere joan da, eta esan du kartzelaren itxiera «irailaren 11z geroztik ikasitako lezioen isla» litzatekeela.
Guantanamon egun dauden 91 presoetatik 35 —aske gera daitezkeenak— beste herrialde batzuetara bidaltzea aurreikusten du planak. Gainerakoak —arriskutsuegiak jotzen diren 46ak tartean— AEBetako segurtasun bereziko hamahiru espetxetan birkokatuko lirateke.
«Garestiegia»
Espainiak AEBekin 1898ko Kubako gerra galdu zuenean inbaditu zuen uhartea Washingtonek. Eta George W. Bush presidente ohiak utzitako legatua da Guantanamo. Base militarra zen, eta 2002an zabaldu zuten Guantanamo. Obama agintera iritsi zenean, 242 preso zeuden, egun baino 151 gehiago —779 preso ere izan zituen—.
Guantanamo zabalik mantentzea «oso garestia» ere badela adierazi du Barack Obamak: «Alferrikakoa da, eta panfleto bat gure etsaiak errekrutatzeko». Egun 2.000 zaindari daude lanean presondegian, eta presoak epaitzeko propio sortutako justizia sistema ere oso garestia da. Aurkeztutako planarekin hamar urtean 335 milioi dolar aurreztuko dituztela eman du aditzera Pentagonoak.
Guantanamo «behingoz» ixteko Obamaren plana boikotatuko du oposizioak
Obamak adierazi du itxiera «irailaren 11z geroztik ikasitako lezioen isla» litzatekeela.Egun 91 preso daude.AEBetara 56 eramango lituzkete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu