Hamabi egun geratzen zaizkio Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidente hautatuari Etxe Zuriko maizter izateko berriz. Halere, bai presidentetzarako bozen kanpainan, bai horiek irabazi ondorengo agerraldietan, jada iragarri izan ditu bere bigarren agintaldian abian jarri asmo dituen hainbat neurri —aurreneko agintaldia 2017tik 2021era izan zuen—. Azken egunotan, zeresana ematen ari den ideia bati ireki dio atea: Groenlandia AEBen parte bihurtzeari.
Kanadaren eta Islandiaren artean dagoen uharte handi bat da Groenlandia; Ozeano Atlantikoak inguratzen du hegoaldean, eta Ozeano Artikoak iparraldean. Danimarkak kolonia gisa gobernatu zuen 1814tik 1953ra; 26 urte geroago, 1979an, autonomia bihurtzearen alde bozkatu zuten groenlandiarrek. Horiek horrela, Groenlandiak bere gobernua du, baina Danimarkaren menpeko lurralde bat da oraindik ere; adibidez, Kopenhagek erabakitzen du uhartearen defentsa eta atzerri politiken inguruan. Dena den, han bizi diren gehienak independentziaren alde daude. Horren erakusle da independentistek lortu zutela boto gehien azken bozetan, 2021ean: %80 —parlamentuko bost alderdietatik lehen hirurak dira independentistak—.
Zer esan du Trumpek Groenlandiari buruz?
Oraingoa ez da Trumpek Groenlandiaren anexio bati atea ireki dion aurreneko aldia. Bere lehenengo agintaldian azaleratu zuen asmo hori aurrenekoz, 2019ko abuztuan egindako prentsaurreko batean. Orduan esan zuen bere administrazioak «serioski» eztabaidatu zuela aukera horren inguruan, argudiatuta «onura handiak» izango lituzkeela AEBen «interes estrategikoentzat». Nolanahi ere, Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek argi erantzun zion ideia hori «absurdoa» zela, eta, edonola ere, groenlandiarrek erabaki beharko luketela horren inguruan. Danimarkaren ezezkoaren ondoren, Trumpek bertan behera utzi zuen hara egitekoa zuen bisita ofiziala.
Azken bi asteotan, aukera hori lehen lerrora eraman du berriro ere. Abenduaren 22an iragarri zuen Ken Howery izango dela datorren agintaldian Groenlandian AEBetako enbaxadore gisa jardungo duena. Eta horren berri ematearekin batera, hauxe adierazi zuen bere sare sozial Truth-en: «Munduko segurtasun eta askatasun beharrak ase ahal izateko, AEBek uste dute guztiz beharrezkoa dela Groenlandiaren erabateko kontrola izatea». Herenegun, sare sozial berean idatzitako mezu batean, irmoago hitz egin zuen aukera horren inguruan: «Groenlandia leku zoragarria da, eta hango biztanleek onura asko izango dituzte lurraldea gure herrialdearen parte bihurtzen bada; hobeto esanda, bihurtzen denean». Are, atzo egindako prentsaurreko batean, Groenlandia nola anexionatuko lukeen galdetuta, ez zuen baztertu horretarako «presio militarrak edo ekonomikoak» erabiltzea.
Zergatik interesatzen zaio Groenlandia?
Groenlandia munduko uharterik handiena da (2,1 milioi kilometro karratu), eta Amerikaren eta Europaren artean dago. Kokapen hori dela eta, AEBetako beste presidente batzuek ere izan dute buruan uhartea erostea; kasurako, Harry Trumanek (1945-1953). Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren, 1946an, 100 milioi dolar eskaini zizkion Danimarkako Gobernuari, Groenlandiaren truke. Ezezkoa jaso zuen, baina, 1951n sinatutako defentsa itun baten bidez, AEBetako armadak bertan aire indarretarako base bat eraikitzeko baimena lortu zuen. Gaur egun, uharteko ipar-ekialdean dagoen base militarrak misilak atzemateko alerta sistema bat ere badauka.
Horrez gain, Groenlandiak baliabide natural ugari ditu, hala nola petrolioa, gasa, eta auto elektrikoak eta haize errotak eraikitzeko ezinbestekoak diren mineralak. Bestalde, klima larrialdiaren ondorioz, gora egiten ari dira Artikoko tenperaturak; hala, Artikoko izotza urtzen ari da, eta horrek bide eman dezake oraingoz existitzen ez diren itsaso bidezko nabigazio ibilbide berriak sortzeko, baita, hainbat adituk nazioarteko hedabideetan azaldu dutenez, baliabide naturalak aiseago lortzeko ere.
Zer diote Groenlandiak eta Danimarkak?
Abendu amaieran Trumpek Groenlandia AEBen parte bihurtzeko aukera berriz mahai gainean jarri zuenetik, Frederiksenek atzo hitz egin zuen horri buruz lehen aldiz. Danimarkako lehen ministroaren erreakzioa iritsi zen, hain justu, Trumpen semeak jakinarazi ondoren Groenlandiara «turista gisa» joana zela. «Groenlandiari buruzko edozein erabaki Nuuken [Groenlandiako hiriburuan] hartu behar da», esan zuen. Bide beretik, Groenlandiako gobernuburu Mute Egedek argi utzi zuen, atzo Facebook sare sozialean idatzitako mezu baten bidez, uhartea ez dagoela salgai, eta groenlandiarren etorkizuna beren eskuetan dagoela.
Danimarkaren eta Groenlandiaren iritzi bera adierazi du Frantziak, Jean-Noel Barrot Atzerri ministroak gaur Frantziako Inter irrati katean egindako adierazpenei erreparatuta: «Agerikoa da EB Europako Batasunak ez duela onartuko munduko ezein herrialdek, herrialde hori dena dela, bere mugei eraso egitea».
Groenlandia bihurtu liteke AEBen parte?
Groenlandiako eta Danimarkako agintariek egunotan egindako adierazpenek agerian utzi dute ez batak eta ez besteak ez dutela asmorik lurraldea, nola hala, Washingtonen kontrolpean uzteko. Halere, bi gobernuek nabarmendu dute beren interesekoa dela AEBekin «harreman estua» izatea. Hori esan zuen Frederiksenek atzo Danimarkako TV2 telebista katean; eta Egedek ere argi utzi zuen, urte amaieraren harira telebistan egindako agerraldian, Groenlandia irekita dagoela mundu guztiarekin harreman komertzialak izatera.
AEBen parte bihurtzeak, ordea, are gehiago zailduko luke groenlandiarren independentziarako bidea. Eta, Gabonetako agerraldi horretan, hain justu, Groenlandiako lehen ministroak nabarmendu zuen asmoa duela bide horretan segitzeko: «Herrialdeak kolonialismoaren soka guztietatik askatu beharra dauka». Danimarkarekin 2009an egindako akordio baten arabera, Groenlandiak independentzia lortzeko modua litzateke legezkoa eta loteslea den erreferendum batean herritarren gehiengoak horren alde egitea. Eta, Egedek iradoki zuenez, litekeena da datorren apirilean egitekoak diren parlamenturako bozetan ekitea bide horri.