Nazioarteko «bakearen» izenean, Ameriketako Estatu Batuek Groenlandiaren kontrola izan behar dutela errepikatu dute gaur AEBetako presidente Donald Trumpek eta presidenteorde J. D. Vancek. Lehenak New Jerseyn egindako agerraldi batean egin ditu afera horri buruzko adierazpenak; bigarrenak, berriz, Groenlandiako «lur hotzetan» egindako prentsaurreko batean. Milaka kilometrora egon arren, antzeko jarrera adierazi dute biek, eta ohartarazi irla hori «kosta ahala kosta» hartuko dutela kontrolpean.
Helburu hori justifikatze aldera, Etxe Zuriko maizterrak esan du Errusiak eta Txinak gero eta «indar eta presentzia handiagoa» dutela Artikoko eremu horretan; haren arabera, egoera hori ikusita, Washingtonek haiek ordezkatzea litzateke «segurtasun berme bakarra». Eta bere asmoak zapuzten saiatuz gero, ohartarazpena egin die Danimarkari eta Europako Batasunari: «Ez badute ulertzen, guk geuk azaldu beharko diegu».
Mehatxurik egin ez, baina Groenlandian egindako prentsaurrekoan, Vancek «atzean» geratzea aurpegiratu dio Danimarkari; are, Europako herrialdeei belarritik tira egiteko ere probestu du abagunea: «Badakigu gure aliatu europarrek ez diotela maiz erritmoari jarraitzen. Adibidez, gastu militarrari dagokionez ere, ezin izan diote martxari eutsi». Gero, Danimarkari errieta egin dio berriz: «Danimarkak ez du irla honen baliabideetan nahikoa dirurik inbertitu, eta ez ditu groenlandiarrak babestu».
Groenlandiako herritarrek behin baino gehiagotan adierazi dute ez dutela AEBen parte izan nahi. Horren erakusle da, adibidez, gaur bi aste Trumpen asmoen aurka egindako mobilizazioa. Horren inguruan galdetuta, Vancek zera erantzun du, groenlandiarrek «erabaki zuzena» hartzea espero dutela. Haren arabera, «erabaki zuzena» hauxe litzateke: lehenbizi Danimarkarekiko independente bihurtzea, «autodeterminazioaren bidez», eta, gero, AEBekin «hitz egiten» hastea.