Koronabirusa

Greziako Lesbos uharteko lehen COVID-19 kasua hauteman dute

Iheslarien kanpalekuak husteko eskatu dute gobernuz kanpoko erakundeek, birusaren hedatzeak izan ditzakeen arriskuez kezkatuta

Errefuxiatuak Lesbosen, artxiboko irudi batean. ACHILLEAS ZAVALLIS / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Egoera latzean daude Greziako kanpalekuetako iheslariak, eta azken berriak are gehiago piztu du alarma Lesbos uhartean: izan ere, koronabirusak kutsatutako pertsona baten lehen kasua antzeman dute bertan. Oraingoz, ez dago gaixorik migratzaileen artean, baina kezka eragin du aurreneko positiboak, eta horrek izan ditzakeen arriskuez ohartarazi dute gobernuz kanpoko erakundeek. MSF Mugarik Gabeko Medikuak azaldu duenez, kanpalekuetako bizi baldintza «beldurgarriek» birusaren hedatze «geldiezinaren» arriskua areagotzen dute, eta erantzun azkar eta zehatz bat galdegin dute horren aurka: «Errefuxiatuentzako kanpalekuetako ebakuazioak inoiz baino premia handiago du».

Bi arazo nabarmendu dituzte: saneamendu zerbitzu egokien hutsunea eta mediku arreta mugatua. «Moriako kanpalekuko leku batzuetan ur iturri bakarra dago 1.300 pertsonarentzat, eta ez dago xaboirik. Horrez gain, bost edo sei kideko familiek hiru metro koadroko espazioetan egin behar dute lo. Beraz, ezinezkoa da birusaren zabaltzea prebenitzeko aholkatu dituzten neurriak hartzea», salatu du Hilde Vochten MSFko koordinatzaileak.

Kanpalekuetan bizi diren errefuxiatuak babesteko «larrialdi plan» bat sortzeko beharra azpimarratu dute, eta osasun agintariei estrategia bat diseinatzeko eskatu diete. Berehala erantzuteko eskatu dute: «Greziako Gobernuak eta EB Europako Batasuneko estatu kideek ahalik eta azkarren jokatu behar dute, eta, berandu izan baino lehen, leku egoki batera eraman asilo eskaera egin dutenen gehiengoa». Europak orain arte izandako jokabidea«arduragabea» izan dela kritikatu du erakundeak, eta «kriminala» izateko zorian dagoela ohartarazi.

Filippo Grandi UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ere alerta jo du, errefuxiatuak osasun sistema «oso ahulak» dituzten kanpalekuetan bizi direlako: «Pertsona horiek bereziki zaurgarriak dira».

«Egoera jasangaitza»

Siriaren eta Turkiaren artean Idliben izandako borroken harira, Ankarak Greziako muga ireki zuen, EB presionatzeko. Horrek beste migrazio fluxu bat eragin du, eta Lesbos gainezka egiten ari da. Erasoak gertatu diramigratzaileen aurka, baita haiei janaria banatzen ari diren taldeetako kideen aurka ere. Euskal Herriko Zaporeak erakundeak azaldu zuenez, egoera «muturrekoa» eta «jasangaitza» da.

Bestetik, Greziako Gobernuak eskatuta, eta Turkiak mugak zabaldu izanari erantzuteko, Bruselak indartu egin du Frontex misioa, Europako Batasunaren mugak «zaintzea» helburu duena. Hala, beste ehun militar bidali dituzte Grezia eta Turkia arteko mugara, migratzaileen sarrera eragozteko. «Europako segurtasun, askatasun eta justizia eremua babestea denon betebeharra da; horregatik bidali dituzte beste ehun agente Greziako mugara», adierazi du Fabrice Leggeri misioko idazkari nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.