Greziako hondoratzeagatik akusatutako errefuxiatuen kontrako karguak kendu dituzte

Auzitegi batek arrazoitu du, defentsaren argudio bat bere eginez, ez duela bederatzi akusatuak epaitzeko eskumenik, 'Adriana' ontzia nazioarteko uretan hondoratu zelako. Ikertzeke dago zazpiehun migratzaile zeramatzan ontzia zergatik hondoratu zen.

(ID_13904094) GREECE PYLOS TRIAL
Akusatuetako bi pozik, gaur, epaiketa bertan behera geratu dela jakin ondoren. NIKITAS KOTSIARIS / EFE
Igor Susaeta.
2024ko maiatzaren 21a
11:00
Entzun

Greziako kostaldean iazko ekainean zazpiehun migratzaile zeramatzan Adriana ontziaren hondoratzegatik akusatutakoen kontrako epaiketa hasi da gaur Kalamatako auzitegi batean (Grezia), baina kasuaren epaileek jakinarazi dute ez dutela horretarako eskumenik, ontzia nazioarteko uretan hondoratu zelako. Hain zuzen, hori argudiatzen zuen defentsak. Ontzian zihoazen eta onik atera ziren bederatzi errefuxiatu ziren akusatuak, eta fiskaltzak egotzitako karguak —migratzaileen trafikoa, bizitzak arriskuan jartzea, talde kriminal bat sortzea eta, besteak beste, hondoratzea eragitea— kendu dizkiete epaileek, epaiketa bertan behera utziz.

Epaileek hori iragarri dutenean, bai aretoan zirenak, baita auzitegiaren eraikinaren kanpoaldera akusatuei elkartasuna adieraztera joandakoak ere txaloka hasi dira. «Bai lege ikuspuntutik, baita moralki ere, erabateko zilegitasuna dugula sentitzen dugu», azaldu du akusatuen abokatu taldeko Efi Dusuk, epaiaren berri eduki ondoren, EFE berri agentziak jaso duenez. Gogorarazi du, dena den, auzia ez dagoela itxita, oraindik ikertzeke baitago hondoratzea zehazki zerk eragin zuen.

Giza eskubideen aldeko erreferentziazko bi taldek, AI Amnesty Internationalek eta Human Rights Watchek, zalantzak zituzten. Ez zekiten akusatutakoek epaiketa justu bat edukiko duten. Bizi guztiko kartzela eskatzen zuen fiskaltzak akusatuetako bakoitzarentzat. Joan den urteko ekainetik egon dira behin-behinean espetxeratuta, eta horien abokatuek prozedura judizialaren irregulartasunak eta Greziako agintarien jokabidea kritikatu dituzte, baita akusazioak ukatu ere.

Iazko ekainaren 14an hondoratu zen ontzia, Greziako kostaldetik 80 bat itsas miliara. Jendez gainezka zetorren bost bat egun lehenago Libiatik abiatutako ontzia. Onik atera zirenen esanetan, errefuxiatu siriarrak, egiptoarrak, afganiarrak eta pakistandarrak zihoazen barruan. 104 erreskatatu zituzten, baina seiehun inguru desagertu ziren; horien 82 gorpu berreskuratu dituzte. Azken hamarkadetan Mediterraneoan izandako gisa horretako gertaerarik larrienetakoa da.

«Bai lege ikuspuntutik, baita moralki ere, erabateko zilegitasuna dugula sentitzen dugu». 

EFI DUSUAkusatuen defentsako kidea

Espainiako El País egunkariak eta Erresuma Batuko BBC telebista kateak fiskaltzaren akusazio idazkian jasotakoa irakurri ahal izan dute, eta akusazioa oinarrituta zegoen erreskatatu zituzten beste errefuxiatu batzuei Greziako estatu indarrek egin zizkieten galdeketen erantzunetan. Errefuxiatu horiek gero jakinarazi zutenez, erreskatatuak izan eta berehala Kalamatako pabiloi batera eraman zituzten bi egunez abokaturik gabe galdekatuak izateko, nahiz eta nozitutakoaren ondorioz ez zeuden beren onenean.

GREZIA - ERREFUXIATUAK
Adriana ontzia, errefuxiatuz gainezka. EFE

«Lekukoak bortxa baliatuz behartu zituzten deklaratzera», nabarmendu du Vicky Aggelidou akusatuen defentsa taldeko kideak —zortzi abokatuk osatu dute defentsako taldea—, The Guardian Erresuma Batuko egunkariak epaia kaleratua izan aurretik jaso duenez. «Ez dago akusatuen kontrako froga bakar bat ere». Akusatuak 20 eta 40 urte arteko bederatzi egiptoar dira. Fiskaltzak zer egozten dien aintzat hartuta, Aggelidouk adierazi du «benetako trafikatzaileak» inoiz ez direla ontzi batera igotzen. «Negozio handi batez ari gara hitz egiten».

Natasha Dailiani ere defentsa taldeko abokatua da, eta hedabide berean esan du Greziako kostazainen erantzukizuna saihesteko «pagaburuak» direla akusatuak. Izan ere, kostazainen jokabidea jopuntuan dago. Hainbat hedabidek hondoratzearen hamazazpi lekuko elkarrizketatu zituzten, eta, batek izan ezik, denek azaldu zuten Adriana-ren motorra eten zenean Greziako kostazainen ontzi batek atoian eraman zuela ziztu bizian, eta horrek eragin zuela hondoratzea.

Kostazainek, ordea, ukatu egiten dute egozten dieten axolagabekeria. Azken hilabeteetan adierazi izan dute ontzi bat bidali zutela Adriana zegoen eremura, baina handik erantzun zietela ez zutela laguntzarik nahi, Italiara zihoazela. Hondoratzearen hurrengo egunetan lekukoek hedabideei adierazi zietenez, Italiara iristea zuten helburu. Greziako Gobernuak, bestalde, irregulartasun salaketak ukatu ditu.

Kostazainen kontra

Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziak berak, iazko abenduan auziaz kaleratutako txosten batean, Atenasi aurpegiratu zion behar besteko ahaleginik ez egitea gertatutakoa eragozteko. Egotzi zion, hain zuzen, Greziako agintarien helburua ez zela izan hondoratzea eragoztea, eta ez zituela eskura zituen baliabide guztiak erabili bizitzak salbatzeko.

Bizirik atera ziren berrogei errefuxiatu inguruk kostazainen aurkako salaketa bat jarri zuten, joan den irailean, Greziako Itsas Auzitegian. Egotzi zieten jokabide irregularra izatea. Giza eskubideen aldeko taldeek azpimarratu dute, ordea, auzitegi horrek ez duela urratsik egin salaketa hori ikertzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.